Astelehenean aztertuko du ELAk grebak izandako erantzuna, eta zein estrategia jarraitu. Hala ere, Iñigo Zubeldia ELAko ordezkariak (Amezketa, 1964) argi du ez dutela atzera egingo. "Berdin zaigu hauteskundeetan zein emaitza dagoen. Aldundiarena da proposamena, eta dagoenari orain arteko berdina esango diogu".
Kalera atera zarete berriro. Zer eskatzen duzue zehazki?
Eskatzen duguna akordio integral bat da. Sektore honetan bi esparru daude hitzarmenetan: bata eremu sektoriala, eta bestea enpresa arlokoa. Berritu nahi ditugu sektoreko ituna eta sektore horretan dauden azpiko enpresen hitzarmenak, denak batera, eduki berarekin.
Zer hobekuntza lituzke langileentzat ituna berritzeak?
Diputazioak soldata igoera potente bat jarri du mahai gainean, eta, aldi berean, prekaritatezko elementuak ordenatzen ditu: batez ere egutegiak nola egin behar diren, zenbat atseden egun egin behar diren urte guztian, aldi baterako langileei zerrenda batean sartu behar zaiela eta eskubideak eman denboran mantentzeko... Oso eduki egokiak planteatu ditu, eta ikusten dugu akordio hori posible dela. Baina ikusita horren aurrean Adegik egin duen txanda pasa, grebara deitu dugu.
Patronalak ez du aldundiaren proposamena babestu, ezta?
Sektoreko eremua Adegiren esku dago; %75 dauka, eta Adegik erabaki politiko bat dauka hartuta: diputazioak eta sindikatuek onartutako edukiei ez diela estaldurarik emango. Onartu du ez duela hitzarmen hori sinatuko. Guk greba deialdia egin dugu, bai sektorekoa, eta baita hitzarmena duten enpresena ere. Adegi ez dago prest akordio hori egiteko, eta enpresak prest azaltzen dira. Elkarteak ez du nahi bere partaideek nahi dutena.
Enpresen aldetik, beraz, bestelakoa da jarrera?
Disfuntzio arazo bat dago enpresen eta Adegiren artean. Adegik ez ditu defendatzen enpresen interesak, enpresa bakoitza ari da berea defendatzen. Gutxi gorabehera 54 bat zentro deitu ditugu lanuztera, eta astearte eta asteazken artean, esaterako, enpresen %25ek akordioa egina zuten jada. Orain dela bi urte ere hala gertatu zen, eta berdin gertatzen ari da. Enpresa itunez gain, guk sektorekoa sinatu nahi dugu, baina hori Adegiren esku dago.
Hitzarmen sektoriala zertan da?
Hitzarmen sektorial bakarra izan da Gipuzkoako erresidentzietan, 2005-2008koa. Hurrengo hitzarmena gutxiengoan izan zen; CCOOk eta UGTk sinatu zuten, baina ez zen inoiz izan hitzarmen kolektiboa. 2013ko uztailaren 7an hil zena 2008koa izan zen.
Zer balorazio egiten duzue arlo honetan diputazioaren jardunaren inguruan?
Garbi dago klaseko borroka dagoela. Diputazioak badu legitimitate guztia planteatzeko berak azpikontratatutako langileei zein baldintza eman. Diputazioa langileei bere estaldura emanez ari da, gure eskubideak eta aldarrikapenak onartzen.
Bilerarik espero duzue Adegirekin?
Azken bilera martxoaren 13an egin genuen mahai sektorialean, eta Adegik esan zuen diputazioaren proposamena ez zitzaiola gustatzen baina erantzungo zuela. Erantzunik ez da izan. Mahaia ere ez du deitu.
2013ko gatazka luzea izan zen; mugagabeko greba ere egin zenuten. Haren ondoren, nola aurre egingo diozue datorrenari?
2013koa oso gogorra izan zen. Azken akordioa urtebete eta hiru hilabetera itxi genuen. Baina langileek oroitzapen ona ere badute; denek batera borroka egin genuen, eta jendeak ikusi zuen posible dela beste era batera gauzak aldatzea. Garbi dago azken urteotan Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek hobekuntzak izan dituztela, Rajoyk egindako erreformatik kanpo daudela, bermeak dituztela beren bermeak mantendu ahal izateko. Oraindik jendea badago borroka horri jarraitu nahi diona. Guk ez dugu politikara jokatu nahi, baina argi daukagu norbaitek nahi duguna ematen badigu azkenera arte borrokatuko garela hori lortu arte.