Azpeitiarrek daukate hitza

Azpeitiarrek daukate hitza

Julene Frantzesena

Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?. Galdera horri “bai” edo “ez” erantzun ahal izango diote azpeitiarrek ekainaren 12an. Izan ere, Hitzartu gizarte elkarteak independentziaren inguruko herri galdeketa antolatu du egun horretarako. Azpeitian erroldatutako 16 urtetik gorako 12.000 herritar inguruk izango du botoa emateko parada.

Joan den larunbatean aurkeztu zuten galdeketa, Soreasu antzokian. Politika, kirol, kultura, hezkuntza eta beste hainbat arlotako 153 lagunek sinatu zuten Hitzarturen dokumentua, galdeketari babesa emateko. Galdeketa egiteko, baina, martxoaren erdirako 1.500 sinadura biltzea dute xede.

Galdeketarekin bat egiten duten herritarrek sinadura emateko hainbat aukera izango dute datozen egunetan. Azpeitiko Gure Esku Dago-ren lokalean, Foru Ibilbideko 7. zenbakian, sinatu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 17:30etik 19:30era, eta astearteetan eta larunbatetan 10:30etik 12:30era. Horrez gain, herriko hainbat auzo eta tokitan ere jarriko dituzte mahaiak. Sinadurak biltzen lagundu nahi duten herritarren taldea ere osatuko dute. Interesatuek hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatz dezakete, edo Gure Esku Dago-ren lokalera bertaratu.

Goierrin sortutako mugimenduari jarraiki, 2013aren bukaeran jarri zuten martxan Azpeitiko Gure Esku Dago. Hainbat ekitaldi-eta egin dituzte ordutik. Orain, galdeketa egiteko Hitzartu elkartea sortu du hainbat lagunek.

Azpeitian independentziaren inguruan egingo den herri galdeketa ez da Euskal Herriko aurrena izango; 2014an Etxarri Aranatzen (Nafarroa) eta Arrankudiagan (Bizkaia) egin zituzten. %42,7 eta %61,5eko parte hartzea izan zen haietan, hurrenez hurren. Dena den, Gipuzkoan independentziaz egiten den aurreneko galdeketa izango da Azpeitikoa, eta baita 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerri batean egindakoa ere. Beste galdeketa batzuk ere iragarri dituzte. Oraingoz, Azpeitikoaren ondoren egingo dute Goierrikoa, eta, egun berean, Diman (Bizkaia) ere egingo dute.

Ehundik gora lagun izan ziren larunbateko aurkezpenean, eta horietako seirekin hitz egin du Gipuzkoako Hitza-k:

1. Ekainaren 12an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera izango dute azpeitiarrek. Nola hartu duzu berria?

2. Garrantzitsua dela uste al duzu? Zergatik?

3. Zergatik eman diozu babesa Hitzartu egitasmoari?

ENEKO ETXEBERRIA

Azpeitiko alkatea (EH Bildu), 44 urte

“Egitasmo honek herritar guztien babesa jaso behar du”
1

“Pozik eta ilusioarekin hartu dut galdeketa antolatu izana. Ekainaren 12an erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, pauso hori emateko, ordea, sinadurak bildu behar dira aurrena. Beraz, herritarrei esan behar zaie sinadura bilketan parte hartzeko lehenengo. Ilusioa sortzen du galdeketak, etorkizuna denon artean erabaki behar dugulako, eta hori adieraziko dugu ekainaren 12an. Gauza guztiz pozgarria eta demokratikoa da, ez da-eta gure etorkizuna nolakoa izango den denon artean erabakitzea baino gauza hoberik”.

2

“Oso garrantzitsua da halako egitasmoak pluralak izatea. Badakigu hemen zer marko juridikotan gauden. Orain, erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida oso sakona dago, baina gaur egungo marko juridikoan ez dago onartuta erabakitzeko eskubidea. Eskubide horren bueltan eta eskubide hori gauza dadin eskatzeko, indar asko ari dira biltzen, eta hori da bidea. Izan ere, marko juridikoa gainditzeko aukera bakarra da halako egitasmoak egitea. Horrelako ekinbideak ez badira pluralak eta zabalak, oso partidistak edo alderdikoiak bilaka daitezke. Beraz, erabakitzeko eskubidea betatuta dagoen marko juridikoa gainditzeko modu bakarra da herri ekimena, eta herri mugimenduak herritar guztien babesa jaso behar du”.

3

“Hitzartu babestu dut egitasmoa ilusio sortzailea eta pozgarria iruditzen zaidalako eta uste dudalako halakoek balio dutela herritarrei erabakitzeko eskubidea gerturatzeko. Eraginkorra eta praktikoa izango da galdeketa, ez apaingarri bat, eta erabakitzeko eskubidea gauzatuko da gure herrian”.

AITOR GORROTXATEGI

EAJren udal taldeko bozeramailea, 40 urte

“Herriak eta herri partaidetzak sortu behar zuten prozesua”
1

“Korrika eta presaka bizi garen mundu honetan, eta hainbeste ekitaldiren artean, oso ondo hartu dut berria. Beste pauso bat eman beharra zegoen, eta era ordenatu batean urratsak egiten segitu behar dugu aurrerantzean”.

2

“Herriak eta herri partaidetzak sortu behar zuen prozesua. Horrelako prozesuek-eta hala sortu behar dute, derrigor. Hau lau pertsonak aginduta egin izan bagenu, kontra egiteko zerbait izango zen. Iruditzen zait herritik atera behar dutela halako egitasmoek, eta kolore desberdinetako herritarrek hartu behar dutela parte horietan. Alde batekoena edo bestekoena denaren zantzua hartzen bazaio, beti atzeratzen da norbait; denok batera joan behar dugu. Muinean dugun helburua bera da, antzekoa; ondorengo bideak izango dira desberdinak. Gaurkoa bezalako ekitaldiek poza ematen dute. Politikan gabiltzanok ezinikusiak-eta ditugu, eta denok ari gara pausoak ematen, elkar errespetatzen. Pluraltasuna horrek ematen du”.

3

“Sinesten dudalako eman diot babesa Hitzarturi. Euskal Herrian izaera berezia dugu, eta izaera hori guk errekonozitzen dugun heinean, errekonozitu behar dute besteek. Kontua ez da separatista izatea edo ez izatea, zuk sinesten duzun proiektuetan eta ekimenetan aukera izatea baizik. Bidea honek izan behar du, gaurkoaren moduko egitasmoek. Modu ordenatuan, baina aurrera egin behar dugu. Eta, noski, besteei ere eskatu behar zaie, baina ezer eskatzerako geuk egin behar dugu zerbait lehenik”.

IRATI ETXANIZ

Ikaslea, 16 urte

“Lehen aldiz botoa emateko aukera izango dut ekainaren 12an”
1

“Kuadrillakoek dugun lokalera etorri zitzaizkigun Hitzartu taldeko kide batzuk. Zer lan egiten ari ziren eta aurrera begira zer asmo zituzten azaldu ziguten. Taldeko kideek esandakoekin bat egiten nuenez, galdeketari babesa ematea erabaki nuen. 16 urte ditut, eta lehen aldiz botoa emateko aukera izango dut ekainaren 12an”.

2

“Herritarrei parte hartzen utzi behar zaie, eta, bide horretan, garrantzitsua izango da herri galdeketa. Izan ere, nahi edo ez, gurea izango da etorkizunaren inguruko erabakia”.

3

“Ados nago Hitzartuk dioenarekin eta taldeak defendatzen duenarekin. Erabakitzeko eskubidea gauzatzea, galdeketa egitea pauso garrantzitsua da, esatetik egitera pasatuko gara, eta herritarrok izango dugu ekainaren 12an hitza”.

JOXEAN AGIRRE

Idazlea eta kazetaria, 66 urte

“Oso kontzientziatuta nago erabakitzeko eskubidearen gaiarekin”
1

“Erabakitzeko eskubidearen gaia jarraitzen dut; bereziki eta batez ere, Kataluniakoa. Uste dut gerra ondoren politikan gertatu den gauza garrantzitsuenetakoa dela prozesu hori. Euskal Herriak pixka bat atzetik, baina bide horretatik jarraitu behar du. Horregatik guztiagatik, Hitzartuko talde sustatzaileko kide Laxaro Azkunek aurkezpen ekitaldira bertaratuko al nintzen esanez deitu zidanean, ez nuen zalantzarik ere egin. Oso kontzientziatuta nago erabakitzeko eskubidearen gaiarekin”.

2

“Uste dut gizarte edo herri mugimenduek ekarriko dituztela alderdi politikoak bide honetara. Horrelako egitasmoek balio dezakete horretarako, alderdi politikoak erakartzeko, nahiz eta galdeketak herri edo eremu batzuetan egin, eta ez Euskal Herri osoan. Horren guztiaren gainetik, mugimendua sortzeko eta sendotzeko pauso politak izan daitezke halako herri ekinbideak”.

3

“Gai honekin berotuta sentitzen naiz. Egia esan, jada oso gai gutxik sentiarazten naute modu horretan. Erabakitzeko eskubidearen kontuak pizten dit zerbait”.

LURDES GOENAGA

Auzitegiko medikua, 56 urte

“Herritarrok geure iritzia emateko garaia dela uste dut”
1

“Gustura eta pozik hartu dut. Herritarrok iritzia emateko garaia dela uste dut. Inportantea da azpeitiarrok zer pentsatzen dugun jakitea, eta galdetzea”.

2

“Oso garrantzitsua da horrelako prozesuak herritarrek hastea; alderdi politikorik gabe, herritar guztientzat irekita, nahi duenak parte har dezan… Denok parte hartzeko moduko prozesua da Hitzartuk abiatu duena”.

3

“Galdeketari atxikimendua eman diot, prozesu honetan herriak bere ikuspegia eman behar duela sinesten dudalako. Herritik atera beharreko zerbait da, eta, alde horretatik, oso positiboa iruditzen zait erabakitzeko eskubidea gauzatzeko aukera edukitzea”.

MAIER LIZASO

Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria, 42 urte

“Kolore askotakoak bildu gara, eta hori oso positiboa da”
1

“Geure buruaren jabe izatea, eta erabakitzeko eskubidea izatea oso garrantzitsua da. Are garrantzitsuagoa da herritarren babesarekin egiten bada”.

2

“Oso garrantzitsua da halako prozesua sortzea, baina denon babesa izan behar du. Norbere buruaren jabea izatea da garrantzitsuena. Jende asko elkartu gara aurkezpenean, eta ez alde batekoak edo bestekoak soilik. Kolore askotako herritarrak elkartu gara, eta hori oso positiboa da”.

3

“Iraurgi Saskibaloi Taldeko lehendakaria naiz, eta klubaren izenean etorri naiz. Hasieratik garbi ikusi genuen, eta zuzendaritza batzordean erabaki zen egitasmoa babestea. Ahal den heinean lagunduko dugu Hitzartu. Kirol arloan ere geure buruaren jabe izan behar dugu”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.