Lehen harria altxatu zuten

Eider Goenaga

Nik daukadan pena handiena da oraindik ez direla azaldu bi hildako haien senideak, ezin izan zaizkiela gorpuak senideei itzuli. Baina, noski, hainbeste egongo dira, eta hainbeste urte pasatu dira”. 2002an Zaldibiako Irastorza baserriko lurretan deshobiratutako bi gorpuen inguruko gorabeheren kontakizuna esaldi horrekin amaitu du Martin Ibargurenek (Zaldibia, 1921). Urte luzetan eramandako zama arindu zuen orduan Ibargurenek. 15 urte zituenetik bazekien bi gorpuak hor zeudela, baina 66 urtean isilpean gorde zuen, betiere egia argitara ateratzeko gogoz. “Badaezpada ere, semeari erakutsia nion tokia. Ez nekien hil baino lehen inori esaterik izango nuen, eta semearekin tokira joan eta makila batekin tokia markatu nuen. Bost zentimetroko okerrik ere ez nuen izan”.

1936ko gerran hildako bi gizonen gorpuak Ibargurenek esandako tokian bertan topatu zituzten, buruan tiro bana zutela. Euskal Herrian eginiko lehen deshobiratzea izan zen, ondotik etorriko ziren guztiei bidea ireki ziena. Gerran hil, edozein zulotan lurperatu eta desagerrarazitako milaka gorpu lur, lokatz eta harriz estalita egon dira urte luzetan. Zaldibian, lehen harria kendu zuten.

Hamalau urte geroago, eta gerra piztu zela 80 urte igaro direnean, Zaldibiako aurkikuntzaren protagonista izan zirenak elkartu ditu Hitza-k. Martin Ibarguren, batetik; Oroitz Etxabe, Zaldibiako garai hartako alkateordea (EH), bestetik; eta Juantxo Agirre, Aranzadiko idazkari nagusia, azkenik. Mahaiaren bueltan eseri, eta hiruren aurpegietan irribarrea ageri da, orduko anekdotak eta, batez ere, urduritasuna oroitzean. “Gu ez ginen kontziente aurkikuntza horrek gerora irekiko zuen bideaz. Ez genekien etorkizunean Zaldibiakoa hain garrantzitsua izango zenik”, dio Agirrek.

Izan ere, mugarri izan zen Zaldibiako aurkikuntza: hurrengo urteetan egingo ziren lan ugariren lehen urratsa; gerora ezarriko ziren protokoloen abiapuntua; 36ko gerraren ikerketan eta memoriaren berreskurapenean erakunde publikoek eta, batez ere, Eusko Jaurlaritzak hartuko zuten konpromisoaren lehen harria.

Hain zuen ere, Jaurlaritzak abenduaren amaieran aurkeztu du 36ko gerrako hobien kokapena ikertzeko 2015-2020 aldirako plana, non orain arte egindako ikerketa lan eta deshobiratzeak jaso eta aurrerantzean egin beharrekoak aipatzen diren, lehentasunak eta jarraitu beharreko protokoloa zehaztuz.

Sagastian lurperatuta

Ibarguren ez zegoen etxean bi gizonak hil eta lurperatu zituztenean. “Ni fraidetan nengoen, baina aitak askotan hitz egin zigun horretaz. Guk ere galdetzen genion, eta etxeko eltzea baino hobeto ezagutzen genuen kontua”. Datarik, ordea, ezin du zehaztu Ibargurenek. “Irail amaiera edo urria izango zen, aita eta bi arreba sagar biltzen ari baitziren. Metrailadore baten hotsa entzun zuten, eta aitak arrebari esan zion ‘hemen ez zegon ezer onik, eta goazeman etxera’. Etxera iristerako, amari enkargua emana zioten. Bi hildako zeudela eta lurperatzeko, hortxe, bide ondoan”.

Ibargurenen aita karlista zen. “Guk orduan ez genekien ezer, baina hala omen zen. Herri guztietan baziren gizon armatuak, ez dakit nik zein misiorekin, baina gure etxean beti egon zen fusil bat, eta munizioa. Somatenekoak esaten zitzaien”.

Gaintzako bidearen hasieran zegoen tabernara joan, han apopilo zeuden bi mutilak hartu, erremintak, kandelak eta kinkeak prestatu —”orduan ez baitzegoen linterna eta halakorik”—, zuloa egin, eta hantxe bota zituzten bi gorpuak. “Erori bezala gelditu ziren, eta ondoren lurrarekin zuloa estali”. Errepide bazterrean lurperatu beharrean, Jose Victor Ibargurenek sagastian lurperatu zituen. “Sagasti ederra zen, eta hobe hor kuneta zuloan baino”.

Bi gorpuak urte luzetan “bizilagun” izan zituztela dio Ibargurenek, eta maiz pasatzen zirela tokitik. “Nabarmena zen non zeuden lurperatuta. Belarra ilunago hazten zen karratu horretan; izango da gorpuak zeudeneko lurrak beste era batera elikatzen zuelako belarra”.

“Hemen ere bai”

Lurrak belarra bezala, gertakari hark kontzientza iluntzen zion Ibargureni. Hala, 2002an, telebistan ikusitako albiste batek bultzatu zuen pausoa ematera. “Ikusi nuen Leonen [Priaranza del Bierzo] atera zituztela gerra garaiko hamahiru gorpu, eta niri segituan mugitu zitzaidan barrua. ‘Hara, Leonen atera dituzte? Ba, hemen ere badituk ba’. Eta, orduan, Lurdes Arteagari kontatu nion. Lurdes udaletxean aritzen zen, eta harreman handia genuen. Hark galdetu zidan, ‘seguru al zaude?’. ‘Egongo ez naiz ba seguru? Haien gainetik pasatu naiz ni gutxienik mila aldiz’, erantzun nion”.

Hortxe hasi zen Euskal Herrian Aranzadik egindako lehen deshobiratzearen ibilbidea. “Lurdes guregana etorri zen, eta Martinek kontatutakoa esan zigun. Guk, dudarik gabe, aurrera egin behar zela pentsatu genuen; behar ziren bitarteko guztiak martxan jarri eta Aranzadirekin jarri ginen kontaktuan”, azaldu du Oroitz Etxabek. “Martin eta Lurdes, horiek izan ziren aurkikuntza hau ahalbidetu zutenak; udalak bere lana bete baino ez zuen egin, bidea eman genion eskaera bati”.

Ibargurenek makila sartu zuen tokira 2002ko abuztuaren 15ean joan ziren lehendabizikoz udaleko kideak eta Aranzadikoak, eta deshobiratze lanak irailaren 9an hasi zituzten. “Bete-betean asmatu zuen: esandako tokian, hantxe bertan zeuden gorpuak”, azaldu du Etxabek.

Hala ere, unearen larritasuna oso gogoan du Agirrek. “Guk beste daturik ez genuen, Martinen lekukotza bakarrik. Eta tokira joan ginenean, haiek zalantzak. Martinek, ‘hau sagasti eder bat zen’, eta guk pinuak eta sasiak bakarrik ikusten genituen. Eta pinudiek duten azidotasunarekin, pentsatzen genuen, ‘jo, hemen ezer ez da agertuko’. Gero berari begiratzen genion, eta ikusten genuen ja adin bat bazuela, eta gure barruan, ‘baina hau gogoratuko al da?’. Gainera, garai hartan mukizu bat zen, eta une hartan ez zegoen Zaldibian, Durangon baizik. Nolako dudak”.

10:45 ziren. Ondo oroitzen du Agirrek noiz hasi ziren aitzurrarekin lurra mugitzen. “Eta mugitu genuen, eta ezer ez. 13:00, eta ezer ez. Nekatu ere egin ginen. Badakizu, baratzean inoiz ibili gabeko kalekumeak…”. 15-20 minutuko geldialdi bat egin zuten. “Hura urduritasuna”, oroitu du Agirrek. “Hala ere, zu ni baino lasaiago egongo zinen igual”, erantzuna Ibargurenek. “Bai, Martin oso-oso urduri zegoen, bihotza atera beharrean”. Aranzadiko arkeologo taldeko batek beste aitzurkada bat eman eta aitzurrak burezurraren kontra egindako hotsa entzun zuten arte. “Orduan bai, orduan lasaitu ginen”.

Zalantzak Aranzadin

Deshobiratzeen kontua berria zen Aranzadirentzat, eta zalantza asko egon ziren Aranzadiko kideen arten ere bide horri ekin edo ez erabakitzeko. “EHUn historia eta arkeologia ikasi genuenoi sekula ez ziguten irakatsi posible zela arkeologia XX. mendeko aztarnekin egitea, Erdi Arora edo Historiaurrera joan gabe”. Eta Aranzadin ere mota horretako lanak egin zituzten ordu arte. “Hori bai, bazegoen hezurrak lantzen-eta aritzen zen lantalde oso ona, Paco Etxeberriaren zuzendaritzapean aritzen zena”.

Leonen, Priaranza del Bierzo herrian egin zuen talde horrek lehen deshobiratzea, 2000ko urrian. “Leondik laguntza eske deitu zuten Aranzadira”. Orduantxe sortu ziren lehenengo zalantzak. “Kontu hau ofizialki oraindik ez zegoen batere egonkortuta. Gauza arrotza zen. ‘Hobe gauzak dauden tokian uztea’. Aranzadi barruan egon zen kezka eta eztabaida puntu bat. Inork ez zituen gauza horiek egiten, ez zegoen dirurik. Eta gure tradizioa beste bat zen, Historiaurrea, etnografia… Lehenengo gogoeta izan zen: ‘Ez sartu saltsa horietan, hor politika dago, diru laguntzak galduko ditugu…'”.

Baina arkeologo talde bat bidali zuten Leonera, eta hamahiru gorpu aurkitu zituzten. “Eta estatuan oihartzun mediatiko izugarria izan zuen”. 2002an Zaldibiako Udalaren eskaera jaso zutenean, lehen pausoa emana zuen Aranzadik. “Baina hemen aurrerapauso garrantzitsu bat eman zen: hemengo erakunde publiko batek deitu zuen Aranzadira, eta idatziz eskatu zuen gure laguntza”. Hobia aurkitu eta ikertzeko lanari “halako ofizialtasun bat” eman zion horrek. “Eta prozedura eta metodologia bat osatu zen, egun erabiltzen denaren oso antzekoa: nork eskatzen dion nori, zergatik eskatzen den, zein pauso eman behar diren, ofizialki nola egin egin behar diren gauzak… Oso garrantzitsua izan zen, legearen eta epaileen mugak oso ilunak baitziren arlo honetan. Gu Zaldibiara babes instituzionala genuela jakinda joan ginen”.

Agirrek oso garrantzitsutzat du babes instituzional hori. Zaldibiako hartan, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza ere jakinaren gainean zeuden, eta babesa “lehenengo momentutik” heldu zen. Urte bereko abenduan, Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakariak agerraldi instituzional bat egin zuen, memoria historikoa berreskuratzeko “politika aktibo bat” martxan jarriz; eta 2003aren hasieran elkarlanerako hitzarmena sinatu zuten Aranzadik eta Eusko Jaurlaritzak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekiteko. “Zaldibiatik atera zen irudiak eta gertaerak zirrara eragin zuen euskal gizartean, eta euskal erakundeak mugitu egin ziren, heldutasun politiko handiarekin, Espainia aldean oraindik ere ez dagoena. Berehala jarri zen dena martxan, eta hortik aurrera eskaera gehiago etorri ziren udaletatik, eta zabaldu zen bide bat”.

Ibarguren bezala, azaldu ziren lekuko gehiago, gerrako hobi gehiagoren berri emanez; eta horietan etenik gabe jardun du Aranzadik. Arrasaten, Kurtzetxikiko leizean egin zuten hurrengo arkikuntza, 2002an bertan. Agirreren hitzetan, bi gauza izan dira ezinbesteko orain arteko bidea egin ahal izateko. Batetik, erakunde publikoen inplikazioa eta babesa; eta, bestetik, aurrez ere talde on bat egotea, erakunde zientifiko bat, antropologo talde on bat, metodologia bat… Dena uztartuta, ibilbide luze bat egin ahal izan dugu”. Euskal Herritik kanpo ere jardun du Aranzadik, laguntza ematen. “Baina baldintzak ez dira inondik ere hemen ditugunak; zailtasun handiekin ari dira, babes instituzionalik gabe”.

Euskal Herrian, ordea, ibilbidea ez da amaitu. 2020ra bitarteko plana aurkeztu berri du Eusko Jaurlaritzak, Aranzadik gauzatuko duen plana; eta, bertan, identifikatuta dauzkaten hobietan ikerketa egitea aurreikusten da.