Baserri txikien iraultza

Eider Goenaga

Baserritarraren ikuspegi tradizionala apurtu egiten dute: bai baserriari begiratzeko moldeagatik, bai egindako bizi apustuagatik eta baita baserria bizitzeko eragatik ere; eta, azalekoari erreparatuta, itxuragatik ere bai. Nekazaritza ekologikoa egiten dute, eta agroekologia da haien jarraibidea. Modu iraunkorrean ekoiztea, garaian garaikoa errespetatzea eta, bitartekaririk gabe, hasi eta buka, prozesu guztia eurek egitea. Horrek egiten ditu berezi.

Ion Ruiz de Egino Azkarate-Askasua (Bergara, 1987), Nere Aspiazu Baskaran (Bergara, 1988) eta Julen Azkoaga Baritxinaga (MaƱaria, 1988) dira Eskubaratz proiektuaren atzean dauden izenak. Baratzea da haien proiektuaren ardatza, eta otarrak prestatuz eta azoketan zein denda berezituetan salduz ateratzen dute bizimodua. Izurtzan (Bizkaia) dute ortua, eta han dute hitzordua Hitza-rekin. “Ortura joango gara”, esan diote kazetariari. Ezin espero, ordea, haren tamaina. 3.000 metro koadro dituzte negutegietan, eta beste 10-12 mila metro koadro kanpoan. Harrotasunez erakusten dituzte ortuak. “Ikusiko bazenu nola hasi ginen”.

Duela hiru urte egin zuen lehen urratsa Eskubaratzek. Ilara anitzeko negutegi batean hasi ziren. “Ilara batekin hasi ginen, eta urtea amaitzerako osoa hartua genuen”. Alokairuan dituzte lurrak, eta hurrengo urterako beste lursail bat alokatzekotan dira. Otarrak etxez etxe banatzen zituzten hasieran. “Orain, Durango eta Bergarako azoketan egiten dugu banaketa”, azaldu du Azkoagak. 60 bat “elikadura talde” dituzte: “Kontsumo talde izena ez zait izen egokia iruditzen”.

Agroekologiaren bidetik

Ingurumen Zientziak ikasi zituzten hirurek, baina karrerak ez zituen asebete. Bakoitzak bere bideari ekin zion ondoren, orain hiru urte berriro elkartu ziren arte. Agroekologian masterra egin zuen Azkoagak Jaenen (Espainia), eta han ikasitako teoria praktikan jarri nahi zuen. Eskozian etxalde batean aritu zen Ruiz de Egino, eta han egin ahal bazen hemen ere egin zitekeela pentsatzen zuen: “Agroekologikoki lantzen zuten, baina elite batentzat ekoizten zuten”. Aspiazuk ere bazuen ortu txiki bat, eta interesa sortu zion beste bi kideek buruan zuten proiektuak. Halaxe osatu zuten hiruko taldea. Elkarrekin lan egiten dute, eta elkarrekin bizi dira. Horrek aberastu egiten ei du lana; baina ortuaren kudeaketari harremanen kudeaketa gehitzen dio. “Garrantzitsua da harremanak eta zaintza ondo kudeatzea, bestela proiektua pikutara joan daiteke berehala”.

“Baserriak taldean bizitzeko gunea izan behar du. Lehen, esku asko izaten ziren baserrian, eta logikoa da”, gehitu du Naroa Ariznabarretak (Eibar, 1983). Amarekin eta ahizparekin bizi da baserrian, eta baserrirako apustua egin zuenean, oso beltz jarri zioten etorkizuna. “Aitak eta amak baserritik ezin zela bizi esaten zidaten, hartzeko egun erdiko lan bat”. Baina baserria da egun bere ogibidea. “Diru gutxi ateratzen da, baina nik gutxi behar dut bizitzeko”. Amak kanpoan egiten du lan, eta berak baserria mantendu eta kudeatzen du. “Oreka lortu dugu horrela”, dio.

Etorkizunera begira, buruan beste proiektu bat du Ariznabarretak. Baserrian obra egin nahi dute, jende gehiago bizi dadin egokitzeko. “Jende gehiago etortzea nahi dugu. Azkenean, osatuko dugu familia bat, baina guk aukeratutako familia, baserrian eta baserritik bizi nahi duen familia bat. Gurera etorri nahi duenak aukera izango du, nahi badu, kanpoan lan bat izan eta gero baserrian bizitzeko, edo lanaldi erdiz kanpoan eta beste erdiz baserrian aritzeko, edo lanaldi osoz baserrian aritzeko”. Lehen hala izaten zela dio, batzuk baserrian soilik aritzen zirela eta beste batzuk baserrian zein kanpoan. “Garai batean hala izaten zen, eta erabateko zentzua du”.

Baserriaren jabetza bertan bizi diren guztien artean banatzea litzateke proiektuaren funtsa. “Horrela lortzen dugu baserri hori eta lursail hori sekula ez erabili ahal izatea beste kontu batzuetarako, esplotazio handietarako edo espekulaziorako; alegia, agroekologia ez den ezertarako”.

Baserria edo fabrika

Ruiz de Egino, Azkoaga eta Ariznabarreta baserrian jaioak dira, era batera edo bestera baserriarekin harremana izandakoak. Aspiazu da baserrian jaio ez den bakarra: “Ortuan hasi ginenean, jendeak esaten zidan zoratuta geundela: ‘Oso gogorra da, ikusiko duzu…’. Baina ni fabrika batean aritua naiz, hilabete osoa pieza bera muntatzen, eta hori da nik inondik inora nahi ez dudana. Eta halako lan bat izango banu, jendeak zoriondu egingo ninduke”.

“Bai, baina esan behar da hau oso bizimodu prekarioa dela; nik ez diot inori gomendatzen hutsetik hastea”, gehitu du Azkoagak. “Hau ez da bukolikoa. Zuretzat zentzua baldin badu, bai, aurrera, bizi daiteke honetatik, eta merezi du saiatzea; eta behar dira nekazari gazteak, eta pila bat gainera; eta, gainera, hau da esperientzia bat bizimodua goitik behera aldatzen dizuna. Baina ez da bide erraza”.

Lau gazteentzat baserria ez da bizibidea ateratzeko bitarteko soila; gehiago da, eta horrek ematen die motibazioa. Ez dute baserria ulertzen irizpide agroekologikoetatik kanpo, eta agroekologiak, kontsumo eredua aldatzeaz gain, gizarte eredua aldatzea dakar. “Iraultza txiki bat da gurea, eta iraultza handiagoa nahi dugu. Gizarte eredua aldatzera goaz. Hau ez da erabaki pertsonal soila, konpromiso kolektibo bat da, konpromiso bikoitza: ingurumena eta elikadura barne hartzen ditu”, azaldu du Ariznabarretak.

Azkoagarentzat “sistema kapitalistari eta patriarkalari alternatiba bat” ematen diote agroekologiaren bidez. “Izan ere, aldaketa ez da elikagaiak beste era batera sortzea soilik, eragina dauka elikaduraz askoz ere haratago. Elikadura kontrolatzen baduzu, zure elikaduraren jabe bazara, aurretik gauza asko aldatu dituzu horra heltzeko”. Elikadura burujabetzarako bidean gizarte osoa aldatu behar dela uste du Azkoagak, ez dela kontua ehun nekazari gehiago egotea, baizik eta gizartea aldatzea. “Beste elikadura eredu batek beste kontsumo eredu bat eskatzen du, beste kontsumo eredu batek beste gizarte eredu bat eskatzen du, eta hori da gure iraultza”.

Gazteak, eragile

Gazteak eta baserritarrak izatea bera ere bada iraultza txiki bat. Hala uste du Aspiazuk. “Nik uste dut gure presentzia hutsak jada eragin bat duela. Nire lagun artean nekazaria den Nere bat egoteak ireki ditu leihotxo pila bat; agian ez da kontzientzia absolutu bat, baina ireki du tartetxo bat”. “Eta ez lagun artean bakarrik, azoketan ere bai. Azkenean, hor eragileak gara; gure presentzia hutsarekin eta bakarrik hor egonez, eragin egiten dugu”, gehitu du Ruiz de Eginok.

Azokei dagokienez, postuak dituzten baserritarren gehiengoa adin nagusikoa dela diote lau gazteek, eta baserrietan ere hori dela joera. Haize berria dira beraiek. Hala, gazteak baserrian hasten direla ikusteak, egiteko modu berriekin datozela ikusteak, hasieran beste baserritarren errezeloa pizten duela diote, baina gero gainditzen dela hori. “Batzuek esaten dute ‘jausiko dira’, baina nik uste dut beste askori ilusioa ere egiten diela”, dio Ariznabarretak. “Bai, eta beste baserritarrek ere pentsatzen dute agian balioko duela azokara jende gazte gehiago erakartzeko; ez da gertatu, baina…”, gehitu du Aspiazuk.

Eurek egindako apustuak, tamalez, gizartean islarik apenas duela berretsi du Azkoagak. “Batzuetan ortuan zaude, eta burbuila bat bezalakoa da. Gauzak goitik behera aldatzen ari garela pentsatzen ari zara, eta, gero, jaisten zara kalera, eta konturatzen zara, ‘ai, errealitatea lehengoa da oraindik'”.

Hala ere, ziur daude baserrian belaunaldi apurketa bat izaten ari dela eta horrekin egiteko moduetan ere aldaketa egongo dela. “Egon behar du”, dio Azkoagak; bestela Euskal Herrian baserriak etorkizun kaskarra izango duelakoan dago. “Arazoa da baserritik bizi nahi duenak koltxoi bat behar duela, bestela oso zaila dela”, dio Ariznabarretak. Horretarako formula egokia Aspiazuk jarri du mahai gainean. “Hainbeste baserri daude galtzera doazenak, hainbeste baserritar baserrirako ondorengorik ez dutenak… Harreman bat sortu beharko litzateke: arduratuta dauden baserritarrak, lurdunak, eta interesa duten gazteak, lurrik ez daukatenak. Harreman ederra litzateke, eta denontzako onuragarria”. “Horrela etorkizuna ematen diozu baserriari, bestela dena basoak jaten du. Baina jende bat badago nahiago duena sasiak bere lurra jatea, beste norbaiti uztea baino”, gehitu du Ruiz de Eginok.

Baserria XXI

Lau gazteak Baserria XXI elkartearen sorrera prozesuan parte hartzen ari dira. Garrantzitsutzat dute agroekologian dabiltzanentzako elkargune bat sortzea, ildo horretan Gipuzkoan hutsunea sentitzen baitute. “Bizkaian EHNEk badu lanketa bat egina, erreferentzia bat da nekazarientzat, baina Gipuzkoan erreferentzialtasun hori falta da”, dio Ruiz de Eginok. “Orain urte batzuk jende batek EHNEtik martxa egin behar izan zuen, ibili ziren bilerak-eta egiten, ulertzen zutelako nekazaritza eredu konkretu bat zeramatenak gelditzen zirela kulerotan, ez zutela ordezkaririk, eta ez zirela kontuan hartuak. Hortik hasi zen prozesua”, azaldu du Ariznabarretak.

Azken jardunaldiak joan den astean egin zituzten, Andoainen. “Berrogeitik gora lagun azaldu ginen; kopuru polita da. Gure helburu, arazo, hutsune eta erronkak zein diren zehaztu dugu, eta orain, gure lan ildoak erabakita, antolaketa ereduaz ari gara hizketan”. Baserria XXIek ez dauka sindikatu bokaziorik, “sindikatua modu tradizionalean ulertuta”, eta ez dator martxan den beste erakunde, elkarte edo eragilerik ordezkatzera, “asmoa ez da beste txiringito bat muntatzea”. Modu ekologikoan jarduten duten baserritarren elkargune izan nahi du. “Kolektibo baten sorrerak berak halako babes bat ematen dizu, erreferentzialtasun bat, eta inportantea da”, dio Aspiazuk.

Aldameneko baserritarra lehiakide gisa ez baizik bidelagun gisa ikusi behar dela uste dute, eta horretan urrats bat dela Baserria XXI. “Agroekologiak iraun behar badu, horrela izan behar du, ezin du izan lehiarik; bidelagun eta lagun izan behar dugu, lehia alde batera utzita”, amaitu du Azkoagak.