Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Ekintzarako prest dago XV. mendeko eraikina

Asier Perez-Karkamo

Ekintzarako eraiki zuten XV. mendean, hiribilduko ekialdeko sarbidea zen Nafarroako atea babesteko. Eta ekintzarako birmoldatu dute XXI.enean. Eskualdean aztarrena uzteko prest dauden ekintzaileak nahi dituzte Errenteriako Torrekua eraikinean, eta horien bila ari dira.

Badira ia bost urte Torrekua zaharberritzeko lanak bukatu zituztela. Espainiako Sustapen Ministerioak bi milioi euro inbertitu zituen egoera txarrean zegoen dorre hori konpontzeko; bi urteren buruan, kanpotik txukundu zuten, baita barruko egitura berritu ere. Harrezkero, hutsa dago, baina aste gutxira aldatuko da hori. Martxo hasieratik eskualdeko ekintzaileen bilgune eta lantoki izango da, Habian proiektuari esker. Udalak eta Oarsoaldea garapen agentziak aurkeztu dute.

Hasiera batean, Jantzi Museoa bilakatu behar zen Torrekua, Iraultza dantza taldeak osatutako bilduma jasotzeko. Baina duela lau urte hausnarketa zabala abiatu zuten Errenterian, epe luzeko plan estrategiko bat diseinatze aldera. Julen Mendoza alkateak azaldu duenez, “herriak 2025. urteari begira ziklo elektoralak gaindituta hartu behar zuen norabidea” zehaztu zuten.

Eta hausnarketa horretan dorrearen betebeharra aldatu egin zen. “Ikusi genuen bere dimentsioengatik merezi zuela beste erabilera bat ematea”. Horrenbestez, beste eraikin historiko batek jasoko du Jantzi Museoa, Kapitain Etxeak, eta obrak hemendik gutxira bukatuko dira. XV. mendeko dorreari, berriz, zeregin bikoitza ezarri dio plan estrategikoak: eskualdeko garapen sozio-ekonomikoan eragingo duten proiektu ekintzaileak bilatzea, batetik; eta hirigune historikoa biziberritzen laguntzea, bestetik: “Planteamendua da hemen sartzen diren ekintzaileak denbora muga batez hemen egotea, eta, ahal bada, beste politika batzuen bitartez alde zaharreko beste toki batzuetara joatea”.

Desberdinak, elkarrekin

Oarsoaldea garapen agentziak 270.000 euro inbertitu ditu Torrekuarako. Aldi berean, 30 ekintzaile jasotzeko prestatu dute eraikina, eta bi zatitan banatu dute, bi proiektu jarriko dituztelako martxan dorrean. Lehen solairuan, Habian Fabrika Kreaktiboa egitasmoa ezarriko dute, eta sormenezko ofizioak lantzeko tailerra moldatu dute: ehungintza, bitxigintza, zurgintza, zeramika eta abar. Goiko solairua, berriz, teknologia berrientzat izango da, Habian Teknologia Kreaktiboa proiekturako.

Fabrikarekiko berezitasun bat izango du teknologia berrien guneak. Izan ere, han kokatuko diren sortzaileek haien aurretik ekintzaile izandako bi errenteriar izango dituzte aholkulari gisa: 3D inpresio teknologia garatzen duen Tumaker enpresako Jon Bengoetxea, eta Forvo.com ahoskatze gida birtualaren sortzaile Felix Vela. “Gure lana izango da balio duten pertsonen bila joatea, eta Torrekuara erakartzea eskualdea garatzen laguntzeko proiektuak aurrera eraman ditzaten, beste nonbaitera joan ordez proiektu horiek hemen gera daitezen”, kontatu du Velak.

Lehen urratsa da Torrekua ekintzailez betetzea, proiektu interesgarriak dituzten talentudun pertsonak aurkitzea. Helburua pertsonak direla zehaztu du Velak, ez proiektuak: “Ez gara proiektu ikaragarriak bilatzen ari, talentua duen jendea bilatzen ari gara”. Eta adibide bat jarri du: “Google ez zen lehenengo bilatzailea izan, Facebook ez zen lehenengo sare soziala; ez dugu proiektu handirik aurkitu nahi, balio duen jendea baizik, proiektu bat garatzen laguntzeko”.

Bengoetxearen ustez, bigarren urratsa izango da garrantzitsuena: ekintzaileei euren proiektuak garatzen laguntzea. “Identifikatu zein proiektu izan daitezkeen baliagarriak, denetarik dagoelako, eta osotasun horretatik zer den zarata eta zer seinale zehaztea. Ideia errealitate bihurtzea da gauzarik zailena; oso onak gara ideiak edukitzen eta planifikatzen, baina gauzatzea oso zaila da”.

Sinergiaren bila

Kokapen estrategikoa du Torrekuak, eta obraren ondoren beteko duen funtziorako egokia dela uste dute Habian proiektuko bi aholkulariek. “Pertsonei euren proiektuak garatzeko aukera izan dezaten beharrezko elementuak ditu. Bakarra falta da: zure inguruan beste proiektu bat garatzen ari diren talentuko pertsonak inguruan izatea, denen artean sinergiak sortzeko, proiektuen bateratzeak eta abar”, esan du Velak.

Tumaker enpresaren sortzailea bat dator lankidearekin: “Eraikina hutsa dago, baina pertsonez betetzen denean, artisauak behean, teknologia berrikoak goian… guztiz eraldatuko da. Orain polita da, baina zerbait bizia izango da, dinamikoa; mugimendua sortzen denean hartuko du berezko balioa”.

Eta hori lortzen denean, aholkulari onak izaten saiatuko dira bi enpresari gazteak. Bengoetxearen ustez, euren ekintzaile eskarmentuarekin lagundu dezakete: “Aholkulari izaten saiatuko gara, laguntza bat ematen. Oso garrantzitsua da hemen ziurgabetasunaren bizikide izatea; erantzun errazak ez daude, baina bai laguntza bat, aholkularitza. Inportantea da, jendea askotan itsu egoten delako, zaila delako, garrantzitsua dena eta beharrezkoa ez dena bereizten laguntzea”.

Harago joan da Forvo.com atariaren asmatzailea, eta bidean ekintzaileek porrota zer den ezagutu beharko dutela baieztatu du: “Gaizki egingo dute, seguru, baina guk lagunduko diegu, guk hanka sartu izan dugulako, eta gure sorbalda eskainiko diegu, aurrera egiteko aukera izan dezaten”. Ados dago Velarekin Bengoetxea, erortzea bidearen parte bat da haren hitzetan: “Ez da existitzen partida bat galdu ez duen futbol jokalaririk, ezinezkoa da. Mundu guztiak huts egingo du, mikroan edo makroan, bizitzaren parte bat da. Hemen ez dago ondo ikusia, baina hori ez da erreala, denok sartzen dugu hanka”.

Errazena egin dute

Aste gutxi falta zaizkio Torrekuari eginbide berriari heltzeko. Mugarria izango da Errenteria 2025 Plan Estrategikoaren barruan, baina, alkatearen iritziz, proiektuaren zatirik errazena baino ez dute egin: “Zailena falta da, eta horren kontziente izan behar dugu. Orain arte planifikatu, pentsatu dugu; orain tokatuko zaigu honi bizitza ematea, hemendik proiektu interesgarriak ateratzea, proiektu horiek eskualderako interesgarriak izatea; eta hori da zailena”.

Urteak beharko dira jakiteko Oiartzualdeko ekintzailetza polo berriak arrakasta ote duen, eta helburuak noraino gauzatzen diren zehazteko. Hori asmatzea zaila bada, askoz zailagoa da aurreikustea zer-nolako proiektuak garatuko diren Torrekuan, murru lodien barruan sortzen diren ezusteko sinergien araberakoak izango baitira. Baina gauza bat ziurtzat eman daiteke, martxoaren 4tik aurrera XV. mendeko dorrea okupatuko dutenak ekintzarako gogoz sartuko direla Torrekuara, eskualdeko mugez harago marka uzteko prest.

Leave a Reply

Your email address will not be published.