“Guk ere badugu gaitasuna”

Maite Alustiza

Goizean goiz jaiki, Donostiatik Legorretara arteko bidea egin, eta fabrikara lanera doaz astegunez Mikel Moreno, Marian Correyero eta Josu Santiago. Aulkiak soldatzen eta prestatzen aritu ondoren, etxera bueltan doaz, bazkaltzera. Arratsaldea aisian pasatzen dute. “Buelta bat ematera-edo ateratzen naiz, baina konturatzerako etxera joan behar dut, goiz jaiki beharra dago eta!”, dio Santiagok. Mugako adimena dute hirurek, eta zailtasun ugari gainditzea tokatu arren, ozen diote ahalmena badutela: “Guk ere badugu gaitasuna, gure kasa molda gaitezke”. Erronka berri bat dute aurrean hirurek: orain arte, Ortzadar elkarteko kide izan dira, eta, orain, zuzendaritza batzordean hasi dira, erabakiak hartzen. Mugako adimena duen beste kide batekin eta gurasoen hiru ordezkarirekin osatu dute batzordea. Moreno da presidente: “Garrantzitsua da guretzat erabakietan libre izatea, eta orain arte bizi gabeko esperientzia bat izatea”. Badaki erabaki zailak hartu beharko dituztela batzuetan, baina, halakoren bat suertatzen denean, ziur da denen oniritziarekin egingo dutela. Hitza-rekin izan dira zuzendaritzako hiru kideak, Rosa Rubio koordinatzailearekin eta Maider Brit gizarte langilearekin batera.

 

Urteekin konfiantza irabaziz joan dira, baina, elkartera iritsi zirenean, bestelakoa zen hiruren egoera. Britek dioenez, “segurtasun ezaz beteta iristen dira, frustrazioz, eta tratu txar psikologikoak jasanda”. Eskola urteetan bereziki, garai gogorrak ditu gogoan Morenok: “19 urterekin sartu nintzen Ortzadarren, 1996an, eta ordura arte ez zidaten mugako adimena diagnostikatu. Eskolan esaten zidaten alperra nintzela, ez zitzaidala ikastea gustatzen, ez nuela ezer egiten… Niri asko kostatzen zitzaidan ikastea”. Bullying hitza ere aipatu du: “Orain asko hitz egiten da gaiaz, baina garai hartan, 1993-94 urteen inguruan, bullying-a eta eskola jazarpena ez ziren aipatzen”.

Correyerok eskolara joateari utzi zion: “Ez nuen joan nahi, etxean geratu nahi nuen”. Irakasleen aldetik ere, mespretxatua eta gutxietsia sentitu izan zen. Iltzatuta geratu zitzaion haietako baten esana: “Bizitza honetan ez nuela ezertarako balioko esan zidan”. Oroitzapen onen bat ere gordetzen du, ordea. Mojetara sartu zenean laguntza eman zion emakumea dakarki gogora: “Sei urte nituenean, psikologo batek hartu ninduen, Teresa Diazek. Hark erakutsi zidan irakurtzen eta idazten; hari zor diot”. Correyero 18 urterekin iritsi zen Ortzadarrera, 1995ean, eta ordutik jaso duen laguntzak babesa eta bultzada eman dio.

Berdin izan da Santiagorentzat ere: 16 urterekin sartu zen elkartean, 1982an, eta, geroztik, aurrerapauso handiak egin ditu; sukaldean, adibidez: “Lehen ez nekien ezer prestatzen, eta hona etorrita asko ikasi dut. Egun batean, adibidez, espagetiak egin genituen: lehenengo zer erosi behar zen erabaki, zenbat diru geneukan ikusi, erosketa egin, eta prestatu”.

Goiz detektatzea

Gipuzkoako Aldundiak eman berri dituen datuen arabera, Gipuzkoan 1.300 kasu daude diagnostikatuta —ia berrehun kide batzen ditu Ortzadarrek—. Rubiok dioenez, ordea, diagnostikatu gabeko jende gehiago egongo da ziur: estatistiken arabera, populazioaren %1ari eragin diezaioke mugako adimenak.

Diagnostikoari dagokionez, elkarteko bost kideak bat datoz: geroz eta lehenago egin, hobe. Goiz detektatuz gero, formazioan orientazio egokiago bat egin daitekeela argi du Rubiok: “Zaragozako Unibertsitatearen ikerketa batean parte hartu genuen, eta mugako adimena dutenen bizi kalitatea ikertu zen. Hor ikusi zen guztiz beharrezkoa dela diagnostiko garaiz bat”. Dena den, egitea ez da horren erraza. Profesionalen aldetik ezjakintasuna egon daitekeela uste du Morenok, informazioa falta agian. Zaila izan arren, Rubiok dio profesionalek adi jarri beharko luketela arazoren bat ikusterakoan: “Irakurtzen eta idazten hasteko garaian, irakasleek, pediatrek, alarma piztu beharko lukete”.

Koordinatzailearen arabera, “inoren lurraldean” geratzen dira askotan mugako adimena dutenak. “Osasunaren Mundu Erakundeak normaltasuna kontsideratzen duen horretatik oso gertu daude, pixka bat azpitik, eta kasu batzuetan zalantzak daude gaitasun-eza ote den. Hala ere, horrek ez du esan nahi autonomoak izan ahal izateko hainbat arlotan laguntza behar ez dutenik”. Ingurura begiratu eta mugako adimena dutenen lekuan jarri da: “Sekulakoa da zailtasunak izatea, eta, nahiz eta saiatu, inork ez ulertzea”.

Emakumeentzat are handiagoa da desabantaila. Kasuak gutxitzen doazen arren, gizon eta emakumeen arteko aldeak hor jarraitzen du, eta elkartean bertan ere “erabat desorekatuta” dago gizonen eta emakumeen kopurua: “Emakumeei esaten zieten ikasteko balio ez bazuten familia zainduko zutela, edo haurrak zainduko zituztela. Askotan irteera horiek balekotzat jotzen dira neskentzat, bestelako alternatibak topatu gabe”.

Banakako arreta

Egunerokoarekin lotutako zenbait arlotan laguntzen die elkarteak kideei, norberaren beharren arabera. Britek azaldu duenez, normalean guraso edo irakasleek jotzen dute elkartera. Ados badaude, pertsonaren lehen balorazio bat egiten dute, eta banakako jarraipena gero. Besteak beste, ekonomiaren kudeaketan laguntzen diete, babes psikologikoa ematen, bakarrik bizi direnei jarraipena egiten, opor garairako aukerak ematen… Hiru etxebizitza ere baditu Ortzadarrek, bat Errenterian eta beste bi Tolosan, eta “autonomia maila altuko lagunak” bizi dira han.

Gehiengoa, hala ere, familiarekin bizi da, eta horrek babes garrantzitsua ematen die. Correyero eta Moreno, esaterako, amarenean bizi dira; Santiago, berriz, anaiarekin. Babesean bizi arren, gauzak egiteko gai direla nabarmendu du Rubiok: “Askotan, etxean daudenez, dena egiten diete, baina, ez, autonomoak dira; guztiok daukagu gaitasuna eta guztiok egin dezakegu”.

Urte mordoa pasatu da Ortzadarreko hiru kideak elkartean sartu zirenetik, eta haien ikasketa prozesua gertutik jarraitu du Rubiok, heltze prozesu bat: “Denek ez dute prozesu bera, pertsona guztioi gertatzen zaigun bezala, baina hemen hasten direnean ikusten dute haien berdina den jende gehiago dagoela, gaitasuna dutela, gauza batean ez bada bestean gai izango direla”.

Prozesu horretan, norbera bere buruarengan sinesten ikasten ere joan dira: “Nik Mariani beti esaten nion: ‘begira zaitez ispiluan, muxuak eman, zuk balio duzu eta'”. Pertsona batzuen eta besteen artean aldea egon arren, denbora honetan ondorio batera iritsi da Rubio: “Zer sen ona daukaten. Eta benetan behar batzuk dituzten arren, autonomoak izan daitezkeela”.

Ikasten ez ezik, motibatzen ere lagundu nahi dituzte. Britek dioenez, aisialdia garrantzitsua da horretarako: “Motibatu egin behar dira, bestela etxetik lanera eta lanetik etxera… Batzuei kosta egiten zaie, eta, horregatik, ekintzak beraiek antolatzea nahi dugu”. Horrela, elkarteko kideek proposatutako aisialdiko ekintzak martxan jarri nahi dituzte, boluntarioen laguntzarekin. Orain arte ere aritu izan dira hainbat saltsatan; sukaldaritza liburu bat egin zuten, adibidez: errezetak bilatu, terminoak egokitu, pausoak erraztu…

Elkarteko ekintzetatik kanpo ere, han eta hemen aritzen dira Ortzadarreko zenbait kide. Santiagok, esaterako, mendian ibiltzea du gustukoen: “Otsailean hemendik ibiliko gara lehenengo, eta gero Pirinioetara goaz, erraketekin ibiltzera”. Realaren partidaren bat ikustera ere joan izan dira Moreno eta biak, Anoetara.

Lana eta legea

Beharrak eta eskaerak aldatuz joan dira urteekin. 1977an sortu zen Ortzadar, guraso talde baten ekimenez. Garai hartan, uste zuten euren semeei ematen zitzaien hezkuntza ez zela egokia, eta zerbitzu bat sustatu nahi zuten, hezkuntza zentro modura. 7 urtetik 21 urte bitarteko lagunak sartu ziren, eta bakoitzak behar ezberdinak zituela ikusi ahala joan ziren zerbitzuak zabaltzen.

Hasieran lan arloari arreta berezia jarri ziotela dio Rubiok: “Donostiako Udalarekin esperientzia bat izan genuen, orain arte administrazioan izan dugun esperientzia bakarra. Praktiketan sartu ziren bost lagun udal brigadetan, begirale batekin, eta gero kontratatu egin zituzten”. Halako aukera gehiago eduki ez izana pena da harentzat; “idealena” enpresa arruntetan sartzeko aukera izatea litzateke.

Egungo egoerari begiratuta, Rubiok oso garrantzitsutzat du mugako adimena dutenak legeak errekonozituta egotea: lan arloko legeetan, hezkuntzan, lege juridikoetan… “Bisibilitatea ere eskatzen dugu. Biztanleriaren %1az hitz egiten ari gara; jende asko da”.

Elkartearen barruan ere, gaitasun hori aintzat hartzea erabaki zuten hausnarketa prozesu baten ondoren: “Beti defendatu izan ditugu gaitasunak, eta ez desgaitasunak. Adimen mugatua dutenek gaitasun juridikoa dute, gaitasuna dute erabakitzeko, eta horregatik proposatu genuen zuzendaritzaren parte izatea”.

Elkarlanaren beharra

Elkarteko kide eta gurasoekin batera, Brit eta Rubio soilik aritzen dira Ortzadarren. Biak baino ez: “Mugatuak dira guk eman ditzakegun zerbitzuak; horregatik, deia egiten diegu boluntarioei”. Rubioren ustetan, babes txikia eman arren, prebentzio lana egiten ari dira pertsona autonomoak: “Babes hori gabe, baliabide gehiago sortu beharko ditugu, ordurako gaixo egongo direnak laguntzeko”.

Boluntarioekin batera, erakundeen babesa ezinbestekotzat dute. Babes ekonomikoa eta inplikazioa. Hainbatetan erakundeetatik jaso duten erantzuna deitoratu du Morenok, zuzendaritza batzordeko presidente gisa: “Gertatu izan zaigu erakundeetara joatea eta kontuan hartuko gaituztela entzutea. Baina, gero, errealitatean, ez dira zutaz gogoratzen, han egon zarela ere ez”.