[Herriz herri] Aizarnazabal: Herritik, herriago egiteko

[Herriz herri] Aizarnazabal: Herritik, herriago egiteko

Julene Frantzesena

GIPUZKOA BATETIK BESTERA

. Azken urteetan gora egin du Aizarnazabalgo biztanle kopuruak. Udala pozik da azken urteetako jaiotza tasarekin, baina kezka ere sortzen dio. Hainbat proiektu dituzte aurtengo; tartean, festa batzorde iraunkorra sortzea.

Joan den urtean, hamabi haur jaio ziren Aizarnazabalen; eta sei herritar hil. Azken urteetan, jaiotza tasari eusten ari zaizkio Urola Erdiko herri horretan, baina badute kezka udal agintariek. Hala dio Mari Karmen Arregi alkateak: “Haur gutxi jaiotzeak kezkatzen gaitu. Izan ere, igaro dira bi haur soilik jaio diren urteak. Aurten, hamabi izan dira, eta jaiotza kopuru polita da. Horri eutsi nahi diogu, gure herri txiki polit hau indartzeko”. Gaur egun, 775 herritar ditu Aizarnazabalek; duela hamabi urte, berriz, 543.

Gipuzkoako herri txiki askoren gisan, eskola txikia dute Aizarnazabalen. Eskola, herri eta auzo txikiak bizirik! da eskola txikien leloa, eta Aizarnazabalgoa bizirik behintzat badago: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 106 ikasle ditu egun. Dena den, haur kopurua gainditua duela eta, ematen dio zer pentsatua udalari. “Eskola txikiek irizpide batzuk dituzte. Orain, haur kopuruz pasatuta dago Aizarnazabalgoa, baina eskola txikien izaerari heldu nahi diogu. Herritarrek eta eskolako ordezkariek, denek nahi dugu. Horrelako herri batentzat oso garrantzitsuak dira eskolaren ezaugarriak: hartu-emana izugarria da, eskola eredua gertukoa eta goxoa da, eta gurasoen eta udalaren arteko elkarlana handia da”. Arregik azaldu duenez, aurrematrikulazio garaia da orain, eta datorren ikasturterako beste hamalau bat haur matrikulatzea aurreikusi dute; baina sei ikasle joan egingo dira Zumaiara, DBH egitera.

Aurrekontuak, onartuta

2016rako udal aurrekontuak onartuak dituzte Aizarnazabalen, eta herrirako hainbat proiektu dituzte esku artean. Inbertsio batzuk egingo dituzte, hala nola etxe batzuen estolderia aldatzeko eta zahar etxea berritzeko lanak.

Horrez gain, eta aurreko agintaldian hasitako bideari jarraituz, energia eraginkortasuna sustatzen jarraituko dutela esan du Aizarnazabalgo alkateak: “Falta diren kale-argiak aldatu eta LED sistema jarriko dugu, argindarra aurrezteko. Azken fasea falta zaigu, eta diru laguntzak eskatu ditugu lan horiek bukatu ahal izateko”.

Nekazaritza eremurako ere badute proiekturik. Baserri bideak-eta txukunduko dituzte, eta beste proiektu batzuk ere aurkeztu dituzte Urkomera, Urola Kostako Landa Garapeneko Elkartera. Batetik, laguntza eskatu dute herrigunetik kanpoko baserrietan bizi diren umeek eskolara taxian joaten jarrai dezaten. Bestetik, herriko gune batean urak bideratzeko lanak egin nahi dituzte, eta Muitza inguruko errepidean babeserako hesiak jarri nahi dituzte.

Lauburu, berritua

Eraikinera “hezetasun handia” sartzen dela eta, Lauburu eraikinaren etxaurrea berritzen ari dira urtarrilaren 11z geroztik. Eraikin horretan daude, besteak beste, Aizarnazabalgo osasun etxea eta musika eskola. Berritze lanak hainbat fasetan egingo dituzte, apirilaren erdia bitartean: lehenik, fatxadako harri guztiak kenduko dituzte, eta barruko pareta txukunduko dute; segidan, hezetasuna ez sartzeko egokituko dituzte hormak; eta, azkenik, leihoak irekitzeko moduan jarriko dituzte. Izan ere, orain arte ezin ziren zabaldu.

Hala nahi duten herritarrek lanen lehen zatian etxaurretik kentzen dituzten arbel mineralen zatiak eska ditzakete udaletxean. Arregik dioenez, Lauburu “herritar guztiena delako” hartu du udalak erabaki hori.

Ireki zutenetik izan dituzte arazoak Lauburu eraikinarekin. Lanak 2009ko otsailaren bukaeran amaitu zituzten, eta 1,5 milioi euroko kostua izan zuen eraikinak. Udalak, epaitegiaren bidez, “erantzukizunak” eskatu zizkien obraren erantzule Iturriaga eta Quiroga arkitektoei, Segurado aparejadoreei eta Elector SA enpresari.

2014ko azaroan jaso zuen udalak Donostiako Epaitegiaren autoa: haren arabera, enpresa horiek guztiek 154.755 euroko kalte-ordaina ordaindu behar zioten udalari, etxaurre berria egiteko. “Hasieratik gaizki egin zituzten lanak, eta hori erakutsi dugu lege bidez”.

Horiek inbertsioei eta herrian egingo dituzten lanei lotutako kontuak dira, baina ez dira datozen hilabeteetarako udalak dituen asmo bakarrak.

Izan ere, sanmieletara eta sanmiel txikietara begira, festa batzorde iraunkorra sortu nahi dute Aizarnazabalen. “Bilerak antolatuko ditugu festa batzordea osatzeko. Ez dugu batzorderik, eta festak denonak dira. Bilera irekiak egiten ditugu, baina konpromiso gehiago eskatu nahi diegu herritarrei”.

Bilera horietara herriko elkarteetako ordezkariak joan daitezen nahi du udalak: “Iraunkortasuna eta jarraikortasuna eman nahi diogu taldeari. Festak guztionak dira: udalak jartzen du festetarako dirua, baina udala herria da, eta parte hartzea bultzatu nahi dugu”.

Azken urteetan egin dituen egitasmoak antolatuko ditu udalak aurten ere; Jan Sano eta Bizi Pozik azoka eta Sagardo Txapelketa, adibidez. Dena den, “edozein proposamen entzuteko prest” daudela dio alkateak, eta lasai jotzeko udalera.

Leave a Reply

Your email address will not be published.