Olinpiar ziklo bat telebista gabe

Danel Agirre

Amona Euxebik astero hiruzpalau hurdun txokolate tableta ekarri izan zizkigun sasoi batez etxera. Amak sekula ikusi diodan etsidura aurpegirik etsituena ipintzen zion merkantzia ikusten zuen bakoitzean. Baina Euxebik lepoa tentetu, eta bere burua justifikatzen zuen: “Bakarrik bizi naiz, eta etxean badaude jan egiten ditut”. Arriskua tabletok jatea bazen, lehenen zergatik erosten ote zituen ez zigun sekula argitu.

Euxebiz oroitu naiz, azken lau urteetan bizi izan naizen etxe guztietan telebistarik ez zegoenaz jabetutakoan. Aparaturik gabe, aparatuak egozten duen zaborra kontsumitu gabe geratu naiz. Baina nik ez dut arriskua nire ingurutik apropos uxatu, Euxebik egin ohi bezala. Telebista gabe bizitzea ez da purifikazio intelektualaren peskizan hartutako erabakia izan, alegia. Atzerrian bizi den kazetari freelancearen poltsikoak hamalau zulo dituenez, halaxe egokitu da, gastu askoz premiazkoagoak izan baitira.

Inoiz patrikak josi eta sos batzuk juntatzea lortzen badut telebistarik erosiko ote dudan deliberatzen nabil azkenaldian. Gertakari nahi gabekoa izan dena hautu ideologiko irmo bilakatu ala ez hausnartzen. Gailurik gabe iraunkorki bizitzearen erabakia ia hartuta dut.

Telebistari erabilera zentzuzkoa ematea posible dela erantzungo dit norbaitek, baina bere burua engainatzen du. Harkaitz Canok asaldatuta azaltzen zuen duela pare bat aste BERRIAn egin elkarrizketan: gure burua pozoitu zale gara. Eta ez da ingurunea, gizartea, gure kaka kontsumo neurrigabekoaren erantzule nagusia. Gu geu arduratzen gara gure burua pozoitzeaz, burugogor, metodiko. Subjektu kutsatzaile eta objektu kutsatu gara, aldi berean. Zaborra eskura badugu, ez dugu mokadutxoa egiten, enpatxatu arte irensten dugu. Ni neu Gabonetan etxera itzuli, eta etxe-apainketetan aritzen diren Divinity kateko bi anaia lerdoen eta Discovery Max-en autoak tuneatzen dituzten kuadrillen saioei so igaro nituen bi asteak. Hasi txokolate ontza batekin, eta tableta desagertu arte ez dago bakerik. Ederki zekien hori amona Euxebik.

Artikulua irakurrita bularra puzten ari eta telebista leihotik jaurtitzera bazoaz —Garbigunean lagatzera, ulertu didazu—, ez arindu larregi. Duela lau urte nintzen artaburu berbera izaten jarraitzen dut, handiagoa ez banaiz. Denbora aprobetxatu izanaren antzeko sentipen atsegin bat ere badut ordea. Etxezulo amorratua izaki, inoiz baino kontzertu gehiago ikusten ari naiz, jende berri mordoa ezagutu dut, eta, azken buruan, kalea eta tabernak inoiz bezala zapaltzen ari naizela esango nuke. Osasun mentala baino are gutxiago fisikoa hobetu dut, hortaz, telebista ordezkatu duten jarduera gehienek gibela hondatzea baitakarte. Olinpiar ziklo bat bete dut batere kirolik egin gabe. Baina korrika edo gimnasiora joaten hasi baino, nahiago Divinity-ko bi anaia dekoratzaileei begira bizitza osoa eman.

Leave a Reply

Your email address will not be published.