Debagoiena. “Hemengoa zergatik ez Gipuzkoa osoan?”

Maite Alustiza

Ez da Arrasateri bakarrik dagokion kontu bat, ezta Debagoienari ere. “Askoz ere urrutiago doa: herria, eskualdea, Euskal Herria, estatu espainola, Europa, mundua; planeta, azken finean. Nahi badugu gure seme-alabak mundu honetan bizitzea, pilak jartzen hasi behar dugu”. Enrike Letona ari da hizketan, Debagoiena eredu, zabortegirik ez plataformako kidea. Harekin bat dator Josu Pereda kidea. Hondakinen arloan Debagoiena etxeko lanak egiten ari dela diote, eta ingurukoentzat, galdera “sinple” bat dute: “Hemen adostasuna lortu bada %80 gaika biltzeko eta horri eusteko, zergatik ez Gipuzkoa osoan?”.

Otsail bukaeran sortu zuen plataforma herritar talde batek. “Dena [Jose Ignacio] Asensio Ingurumen diputatuaren adierazpenekin abiatu zen. Azpeitiko zabortegiarekin lotuta, elkarrizketa batean azaldu zuen nola negoziatzen ari ziren, ez zirela ados jartzen… Eta Epelera ekartzeko aukera aipatu zuen”. Horiek entzutean, eta ikusita mankomunitateak eta udalek ez zutela ezezkorik esaten, martxan jarri ziren. Berez Bergarari dagokio Epele, baina Arrasateri “kalte handiagoa” eragingo lioke, herriari “pega-pega eginda” dagoelako. “Hala ere, pentsatu genuen gai hau Debagoien osoari zegokiola”.

Plataformaren izenak dioen bezala, Debagoiena eredugarritzat dute. %78 biltzen dute gaika, eta, gainera, sinetsita daude datu horiek hobetu daitezkeela. Peredak dioenez, ez da herri baten lorpena, eskualde oso batena baizik: “62.000 pertsona ari dira ondo egiten”. Nola? Bat datoz Letona eta Pereda: eurek ez dute ezer asmatu. “Debagoienean jarri diren bilketa sistemak ezagunak ziren aurretik: batzuk atez atekoak, besteak edukiontzi bidez, txipekin kontrolatutako edukiontziak… Eta emaitza oso onak lortu dira”.

Borondatea eta mezua

Argi dute zergatia: “Borondatea badago, erraza da”. Peredarentzat, ezinbestekoa da arduradun politikoek herritarrei mezu egoki bat bidaltzea. “Mezua hau da: egin egin behar duzu, nahitaez; betebehar bat da. Herritarrei esaten badiezu nahi dutena egiteko, ez goaz inora; hor dago akatsa”. Euren eskualdeari dagokionez, mankomunitatearen kasua aipatu du Letonak: “Alderdi guztietako jendea dago, eta bat etortzea lortu dute”. Beste zenbait politikariengan, ordea, ez dute borondaterik ikusten. “Hain gauza oinarrizko, sinple, erraz eta eragin handikoa edukita esku artean, ez dira gai mezu egoki bat bidaltzeko. Zergatik ez? Ez dakigu”. Peredaren arabera, hondakinak ondo sailkatzea da herritarrak ingurumena zaintzeko egin dezakeen eragin handieneko ekintza eta, aldi berean, gutxien kostatuko zaiona. Adibide bat jarri du: “Pentsatzen baduzu berotegi efektuan, CO2ren isurketan, hori murriztean… Esan herritarrari astebetez autoa ez hartzeko. Hori bai, hori sakrifizio handiagoa litzateke, baina etxean hondakinak ez nahastea? Horrek ez dakar inongo esfortzurik, eta ingurumenean egiten duen eragina, berriz, itzela da”.

Letona ziur da, gainera, denbora gutxian lor daitekeela Debagoienak lorturiko kopurua: “Plangintza bat prestatu, eta bi hilabete barru %75 gaika bil daiteke. Zaborra Santanderrera eramateko kontu hori bukatu da. Planta dezente bat tratatzeko gelditzen den zaborra, eta listo”.

Zabor gutxiago

Debagoieneko eredua goraipatzeaz gain, zabortegien kontra dago plataforma. Lotuta doaz biak, Peredaren ustetan: “Zabor gutxiago sortuta, zabortegi gutxiago beharko dira. Ezin dena da atzetik hasi: zabortegiak ireki, itxi behar zirenean, eta, gainera, bilketa ez egoki batekin jarraitu”. Horregatik, uste dute eskualdeko eredua Gipuzkoako beste herri edo eskualdeetara esportatuz gero zabor tonak asko murriztuko liratekeela. Zenbakiekin irudikatu du egoera Peredak: “Merueloko [Kantabria, Espainia] zabortegira 50.000 tona errefus eramaten jarraitzen badute, hona 100.000 bat tona etorriko lirateke urtean. Guk hemen 5.000 tona sortzen ditugu, Debagoienean. Gipuzkoa osoak berdin egingo balu, 60.000 tona jasoko lirateke urtean, eta horrela, eman zitekeen tratamendu mekaniko-biologiko bat errefusari, erdi inertizatuta, askoz kutsagarritasun gutxiagorekin…”

Otsailean martxan jarri zirenetik, hainbat ekintza antolatzen ari dira. Lehena egin dute: Debagoieneko mankomunitateari dokumentu bat aurkeztu berri diote, hiru galderarekin: ea eskaerarik jaso duen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergotik Debagoienean zabortegi bat jartzeko; eskaera baldin badago, ea zer erantzungo duten; eta ez badago eta baldin balego, zer erantzungo luketen. Gaur egun industrian edo eraikuntzan sortutako hondakinak hartzen ditu Epelek, arriskutsutzat katalogatu gabeak eta mankomunitateak jarritako onarpen probak gainditzen dituztenak.

Horrez gain, hitzaldiak antolatzen hasiko dira eskualdean, euren ekintzen berri emateko. Era berean, beste eskualdeetako agintari politikoekin harremanetan jarri nahi dute: “Proposatu nahi diegu ea zergatik ez duten eredu hau euren eskualdean martxan jartzen”. Sinadura bilketa bat hastekoak ere badira, kontzientziazio kanpaina baten barruan.

Ekarpenak (2)

  1. Patxi(e)k dio:

    Kaixo lagunok!
    Sinaduraren bilketarena oso ideia ona da, behintzat nik neuk Ipar Haizea plataforman lehenbailehen plazaratuko dut . Bi gauza jendeari atez ateko sistema erabilita edo erabili gabe denbora gutxian posible dela bereizte tasa
    lortzea jakinarazi behar zaio eta bigarrena ondo bereiziz gero Santandereraino hondakinak ez eramatea posible dela. Esandakoaren abantailaz gogoratuz: kutsadura gutxiago, beraz jendearen osasuna kaltetu gabe eta gainera dirua xahutu barik

  2. Patxi(e)k dio:

    Kaixo lagunok!
    Debagoieneko eredua Gipuzkoa osora erraz zabal daiteke eta horretaz Gipuzkoar guztiei imformatu behar zaie, ingurumena ez kaltetzeaz gain kriston dirutza aurreztuko genuke. Adibidez aurten Gipuzkoako aldundiak 1200 milioi euro xahutuko du hondakimak Santanderaraino eramateagatik. Ba al dago eskubiderik ?.Horren kontra sinaduraren bilketa antolatzea oso ondo egongo litzateke jendeak jakiteko benetan zer gertatzen ari .den.