“Lehen Mailako talderen batean aritu nahi dut datorren denboraldian”

J. Frantzesena

Marita Davidova eta Marina Markovicekin batera, Iraurgi saskibaloi taldeak emakumeen lehen talderako fitxatu zuen Roselis Silva (Caracas, Venezuela, 1991). Komunikazio ikasketak egina da, baina saskibaloia du lehentasun orain. “Saskibaloitik erretiratu arte” ez du hasi nahi komunikazioaren munduan lanean. Dena den, saskibaloiko esatari izan nahi du etorkizunean.

Zer iruditu zaizu denboraldi hau?

Nire gaineko balorazioa entrenatzaileak egin beharko du. Taldeari dagokionez, hainbestetan galdu arren, asko ikasi eta esperientzia handia hartu dugu.

Nola sentitu zara taldean?

Oso-oso gustura nago. Pertsona atseginak eta onak ditut taldean. Momentu oro babesten zaituen jendearekin egotea gustatzen zait; onaldietan ez ezik, txarraldietan ere hor egoten direnekin. Eta halakoak dira taldekideak eta entrenatzaileak.

Eta zer moduz kantxan?

Ez nekizkien gauza asko ikasi ditut. Batez ere, jokoan heldutasuna eta esperientzia irabazi ditut. Denboraldi bukaera honetan ikasten jarraitzea espero dut.

Kostatu zitzaizuen partidaren bat irabaztea.

Kirolari guztientzat da zaila partidarik ez irabazi eta lanean eta prestatzen jarraitzea. Gauzak ez dira zuk nahi edo espero duzunean iristen. Beti esaten dut dena arrazoi batengatik gertatzen dela. Kostatu zitzaigun, baina bi garaipen handi lortu ditugu, eta aldartea hobetzen lagundu digute horiek. Onena da beti lanean segitzen dugula eta ez dugula amore ematen.

Zer itxaropenekin etorri zinen Iraurgira?

Taldeaz ezer gutxi nekien, baina nire helburua zen saskibaloian jokatzea. Espainiako Ligan jokatzea zen nire ametsetako bat, eta asko eskertzen diot Iraurgiri aukera eman izana.

Zer moduz Azpeitian?

Balorazioa, alde guztietatik, positiboa da. Gauza txarrak baino gehiago onak ikasi ditut, eta horrek lagunduko dit kirolari moduan hazten. Herrira ere erraz egin naiz. Jendea atsegina da, eta saskibaloirako afizio handia dago. Hori asko gustatu zait.

Denboraldia bukatzear da. Datorrenerako zer asmo dituzu?

Oraindik ez dakit zer egingo dudan hurrengo urtean. Apirilean kontzentrazioa dut Venezuelako selekzioarekin, eta Txinara joango gara astebeterako. Gero, Venezuelara itzuliko gara, eta Brasilgo Olinpiar Jokoetara sailkatzeko aurreko fasea jokatuko dugu. Iraurgira etorri aurretik ere aritu nintzen selekzioarekin.

Baina non egin nahiko zenuke datorren denboraldia?

Rubio Iraurgiko gure entrenatzaileari esaten diot beste denboraldi bat egin nahi dudala Espainiako Emakumeen Ligan. Lehen Mailako talderen batean aritu nahi dut datorren denboraldian. Izan ere, nire ametsa WNBAn jokatzea da [AEBetako emakumeen saskibaloi liga], eta uste dut Espainia dela hara iristeko erakusleihorik onena.

Ametsa garbi duzu, beraz?

Orain, Espainiako ligan ari naiz jokatzen, eta munduko onenetarikoa da, Turkiako edo Errusiako ligekin batera. Izen handiena, ordea, WNBAk du.

Zer ibilbide duzu saskibaloiari dagokionez?

Ameriketako Estatu Batuetara joan nintzen komunikazio ikasketak egitera. Han lau urte igaro nituen, eta unibertsitateko ligan jokatu nuen; NCAA Ligan, hain zuzen. Hura izan da, prestakuntzari dagokionez, ezagutu dudan ligarik gogorrena. Ondoren, Venezuelara itzuli eta hango talde batean aritu nintzen urtebetez. Gero etorri nintzen Azpeitira.

Bihar jokatuko duzue denboraldiko azken neurketa. Baliteke Iraurgirekin jokatuko duzun azkena izatea.

Partida interesgarria izango da. Irabaz dezakegu, orain arteko moduan jokatzen badugu. Guk irabaztea nahi dut. Donostian jokatuko dugu, eta jendea bertaratzera animatu nahi dut.

Leave a Reply

Your email address will not be published.