“Nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarko artzaina naiz ni”

“Nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarko artzaina naiz ni”

Aimar Maiz

Datorren urtean hogei urte beteko ditu Joseba Insaustik (Ordizia, 1977) artzain profesional hasi zela. Aralarren larratzen du artaldea, udaberri-udetan. Gazta Zaldibiako artegian nahiz mendiko txabolan egiten du. Aitortza egingo diote asteazkenean, Ordiziako Artzain Egunean.

Alimentos de España lehiaketan jaki onenaren saria irabazi zenuen, iaz, Otatza gaztarekin. Nabaritu al duzu horren eraginik?

Egia esan, bai. Handiegi ere gelditu zaigu. Espainia guztitik deitzen digute, gazta eske. Nire salmenta sistema ez da hori, baizik etxetik zuzenean bertakoei saltzea. Ordizian pare bat dendatan dago, eta Donostian batean. Kito. Hortik kanpora, sekula ez naiz ibili.

Paradoxa dirudi: denek nahi dute beren produktua onena izatea, baina zuen ekoizpen sistemagatik, ezin gehiago saldu. Oreka hori non dago?

Lehiaketetara ez gara aurkezten komertzializazio helburuekin. Asebetetze pertsonala izan da, batik bat; zure gazta onena edo onenetakoa dela esateak poza ematen dizu. Gure helburua ez da izan sekula lehiaketa bat irabaziz gero hortik hobeto saltzea.

Artzain eta gaztagile lanbidean egonkortuta zaude, beraz?

Nire kasuan, bai. Urte normal batean, urte erdirako jada gaztarik gabe egoten naiz. Nire helburua ez da izan erosle gehiago lortzea. Nahikoa dut dauzkadanak mantenduta. Izatez, urtero haserretu egiten zaizkit, geroz eta lehenago gelditzen garelako gaztarik gabe.

Mendiko gaztarekin irabazi zenuen Espainiako sari hura.

Bi gazta egiten ditut. Behean, betiko gazta egiten dut. Eta, gero, mendiko gazta. Bi ekoizpen bereizi dauzkat. Esnaurreta-Mendibilen daukat txabola [Aralarren, Zaldibiako lurretan], eta artegia Arrumuñon, Zaldibian.

Bietan edukitzen dituzu ardiak?

Ez. Lehen egiten zen bezala ibiltzen naiz: udazkenean, elurteak eta eguraldi txarrak bultzatuta, beheko haranera jaisten gara. Arkumeak orduan jaiotzen zaizkigu. Eguberri eta Urtezaharrean saltzen ditugu, eta orduan hasten gara gazta egiten. Maiatzaren 1ean, Aralarko larreen irekieratik berehala igotzen naiz mendira. Han egiten ditut denboraldiko azkeneko bi hilabeteetako gaztak, maiatzean eta ekainean.

Ikerketek erakutsi dute mendiak bere ukitua ematen diola han egindako gaztari.

Bai. Hemengo mendi inguruetan —Aralarren, Urbasan, Gorbeian…— beti bereizi da beheko ibarreko gazta eta mendiko gazta. Legez, bereizketa hori ez da inoiz babestuta egon, orain arte. Orain, Euskal Herriko Mendiko Gazta marka sortu da, Idiazabal jatorri izenaren barruan. Mendietan egiten eta ontzen den gazta babesten eta ezaugarritzen du.

Ibarrekoa ala mendikoa izan, aldea zerk ematen dio gaztari?

Faktore asko daude. Farmazia fakultatearekin kolaboratzen ari gara, eta ikerketa asko egiten ari dira. Larrea dago batetik, altuera, elikadura… Mendian, larre hutsean egoten dira. Esnealdiaren egoerak ere zerikusi handia du. Behean ere ez da berdina lehenengo esnea edo esnealdi bukaerakoa.

Zuk zeuk mendiko artzaintzat daukazu zeure burua?

Ordiziarra naiz neroni, baina artzain gisa ez naiz Ordiziakoa, artaldea ez daukagulako hemen, etxe inguruan daukagun egoeragatik [etxe eta errepide asko egin dituzte, San Joan auzoan]. Neguak Zaldibian pasatzen ditut, baina hangoa ere ez naiz. Artzain gisa nonbaitekoa baldin banaiz, Aralarrekoa naiz. Ni Aralarko artzaina naiz, garbi daukat. Beti botako dut hori, harrotasun handiarekin, gainera.

Aurten ere igotzeko asmoz, ala?

Bai. Maiatzaren 1a igandea tokatzen da. Ez naiz Larraizko festara joaten; han ospakizun moduko bat egiten da 1998tik, ni hasi nintzen urtetik. Elurteren bat ez bada, egun horretan igoko ditut ardi batzuk, antzuak eta. Jetzardiekin astean zehar igotzea gustatuko litzaidake, 3an edo. Zer esanik ez, hori da nire egutegian gorri-gorri dagoen eguna, artzain gisa egun bereziena. Artaldea kontentuen ikusten dudan eguna da. Urtero hunkitu egiten naiz.

Ardiak, mendira doazenean, gustura jartzen dira?

Bai. Begirada aldatu egiten zaie. Dunbak eranstearekin bakarrik konturatzen dira, beste jarrera bat dute. Eta abiatzen direnean ezin dira gelditu. Uste nuen ni nintzela arraro bakarra, gauza horiek hunkitzen nindutena. Baina, ez. Ikusten dut beste artzain askori ere eragiten diela.

Badago, beraz, zerbait sakonagoa, naturaren dei bat edo?

Hor atzean kultura bat dago. Artzainek xehetasun pila bat zaintzen dituzte: zintzarrien dunbak, lepoko uztai tailatuak… Kuriositate guztiekin, tradizioa betez joaten dira. Hori asko zaintzen da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.