“Oraindik egunero egiten dut buelta bat Beotibar pilotalekura”

Asier Imaz

Erretiroa hartzen denean, norbere buruaz hitz egitea baino errazagoa izaten da lanaz mintzatzea. Anizeto Lazkanorentzat (Ibarra, 1952), Tolosako Beotibar pilotalekua da hizketagai nagusia. Izan ere, harentzat “dena” izan da frontoi hori. Han aritu da azken hamabost urteetan lanean, eta, egun, ez du erabat moztu Beotibarrekin duen lotura. Lazkano aurkitu nahi duenak, orain ere, errazena hara joanda izango du.

Hasten den guztia bukatu egiten dela, Anizeto.

Bai, egia da. Oso gustura aritu naiz lanbide horretan. Orain, erretiro garaia iritsi da, eta uztea tokatzen da. Asteburuetan-eta, libreago ibiliko naiz, baina pilota zainetan daramat. Orain lasaitasun handiagoarekin jarraitzeko aukera izango dut.

Batzuk erretiroaren zain egoten dira. Zure kasua uste dut aurkakoa izan dela.

Lana izan da, eta bere betebeharrak zituen, baina gustura egin dudan lana izan da. Gozatu egin dut lanean. Hala eta guztiz ere, asteburu guztietan frontoian egotea ez da erraza. Ostirala, larunbata eta igandea lotuta geratzen zara, eta ezin planik egin. Azkenerako pisua egiten da.

Eta ordu asko sartu behar egun bakoitzean, gainera.

Frontoira iristen lehena izaten zara, eta ateratzen azkena. Baina, egia esan, lan bat izan den irudipenik ez dut izan, gustukoa nuelako. Horregatik, denei eskerrak eman nahi dizkiet.

Jon Balerdi tolosarrak hartu du zuk utzitako lekua eta ardura. Aholkurik eman al diozu?

Mantentze lanetan ni baino gehiago da; ederki moldatzen da konponketa lanetan. Lan honek, ordea, badu beste alderdi bat: harreman publikoena. Horretan eta berak eskatzen didan guztian, oraindik laguntzen jarraitzen dut.

Oraindik normala da, beraz, Anizeto Lazkano Beotibarren ikustea.

Oraindik egunero egiten dut buelta bat. Pilotari profesionalen entrenamenduak ikustera ez baldin bada, pilota eskolako neska-mutikoenak ikustera.

Zer esan nahi du Beotibarrek zuretzat?

Niretzat Beotibar dena izan da. Azken batean, bizitza hemen egin dut, eta gozamen bat izan da.

Pilotaleku berezia dela ez dago zalantzarik. Zuk ere hori nabarituko zenuen kantxa barruko nahiz kanpoko jendearengandik…

Edonork esaten dizu hori. Antton Maiz pilotari ohiak, adibidez, elkarrizketa batean frontoi bat nabarmentzekotan Tolosako Beotibar izango zela esaten zuen. Oso zaila da pilotaleku honetan gaizki jokatzea.

Lana uzterakoan eta pilotalekuari azken begiratua eman zenionean, zer esan zenion Beotibarri?

Egia esatea nahi baldin baduzu, oraindik ez da iritsi momentu hori. Lehen esan bezala, oraindik deskonektatu gabe nago erabat. Bestalde, badaukat biloba txiki bat hemendik atera nahi ez duena. Hona etorri eta ordu pare bat egotea asko gustatzen zaio, eta niri ere bai. Beraz, hemen ibiltzen naiz bueltaka berarekin.

Eta Beotibar pilotalekuak hitz egingo balu, zer esango luke?

Makina bat pilotakada jaso dituela! Jende asko ikusi du bertatik pasatzen, eta pasatu direnak oso gustura geratu dira. Noiz berrituko ote duten galdetzen dute batzuek, baina lehen aldiz ezagutzen duenari atentzioa ematen dio. Bere zahar ukitu horrekin xarma berezi bat dauka, eta harmaila horiek eta itxura hori jendeari gustatu egiten zaizkio. Pilotaleku bikaina da.

Dirudienez, gainera, zoru berezia dauka. Materiala aztertzen ibiliak omen dira, baina ezin asmatu osagaiak.

Galipota beste zerbaitekin nahastuta dela esango nuke, baina zerekin… Egia da azken urte hauetan pixka bat zartatzen hasia dela. Zulo txiki batzuk hasi zaizkio ateratzen azpitik. Honek ere bukatzeko epe bat izango duela uste dut. Hala eta guztiz ere, oraindik oso ondo dago, eta ez dago inongo arazorik bertan jokatzeko. Ezker pareta oso ona dauka, eta frontisa ezin hobea. Erabateko frontoia da pilotan jokatzeko.

Beti pilota munduari lotuta ibili al zara lanean?

Lehen, ikastolan ibiltzen nintzen mantentze lanetan. Futbol zelaia- eta baziren, baina han ere pilota eskola jarri genuen martxan, eta klaseak ematen hasi nintzen. Arrakasta izan zuen, eta haur mordoa pasatu zen handik. Pilotari gisa ibilia naiz, eta, gero, batean edo bestean, baina beti pilota alboan.

Askok ez dute jakingo Anizeto Lazkano pilotari profesionala izandakoa dela.

Baina normaletakoa. Hori bai, ez dakit beste inork nire marka ba ote duen. Beotibar pilotalekuan 311 partida jokatu nituen profesional mailan. Datu horrekin ni ere harrituta geratu nintzen. Omenaldi egunean esan zidaten, eta hor geratzen da.

Etxean bakarrik jokatzen zenuen edo…

Eskulari enpresa martxan jarri zenean gurekin hasi zen. Larunbatero eta astelehenero, Tolosan jaialdiak izaten ziren, eta ostiraletan eta igandeetan, Santo Domingon, Errioxan. Etxekoa nintzenez, hamarretik zortzitan Beotibarren jokatzen nuen. Haraino joan edo hemen jokatu, alde ederra zegoen.

Zuen garaitik hona, zer aldatu da pilotan?

Alde batetik, prestakuntza fisikoa. Lehen ez zen horrelako baliabiderik, eta ez zen horrenbeste lantzen. Bestetik, materiala esango nuke. Lehen ere pilota biziak izaten ziren, baina gaur egun gehiago. Nik uste hor jauzi nabarmena dagoela. Lehen 1.500 pilotakadako partidak ohikoak izaten ziren, eta gaur ez da horrelako partidarik ikusten. Ezinezkoa izango litzateke.

Buruan gelditu zaizun une bat?

Beste agur bat. Kasu honetan, pilotari profesional izateari utzi nionekoa. Omenaldia egin zidaten Beotibarren, eta Titin III.ak Bergararen aurka jokatu zuen. Pilotalekua bete egin zen, eta niretzat oso oroitzapen polita gelditu zen.

Lehen, lan egunak aipatzean, asteburuak gogoratu dituzu, baina astelehena da Beotibarren ezaugarri nagusietako bat. Zergatik?

Egunik garrantzitsuena azoka eguna izaten zen Tolosan, eta hori astelehenetan tokatzen zen. Goizean azokara etorri, bertan bazkaldu, eta arratsaldean pilota partidak ikustera joatea zen ohitura. Eta handia gainera. Diru asko jokatzen zen orduan frontoian, eta jende asko elkartzen zen. Horregatik, egun, Tolosan pilota partidak astelehenetan jokatzen dira. Horrelakorik ez da beste inon gertatzen, eta, oraindik, jendeak erantzuten jarraitzen duela esan beharra dago.