“Ez daukagu presarik; ontzia eraikitzea ez da helburua, bidea baizik”

“Ez daukagu presarik; ontzia eraikitzea ez da helburua, bidea baizik”

Eider Goenaga Lizaso

“Gure ametsak esna betetzen dira”, dio Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoentzat Jon Maia bertsolariak egindako Albaola abestiak, eta horixe da Xabier Agote (Donostia, 1964) Albaola Itsas Kultur Faktoriako presidentearentzat San Juan baleontziaren erreplika egitea: “Betetzen ari den amets bat da”. Ontzigilea da Agote lanbidez, eta AEBetako itsas museo batean egin zuen espezializazioa ontzigintza tradizionalean eta ontzi historikoetan.

Txikitatik datorkio, ordea, gaiarekiko interesa. “Donostiako kaian, umetan ezagutu nituen egurrezko ontziak poliesterrezko ontziekin ordezkatzen zituztela ikusten nuen, eta horrek kezka eragiten zidan, egurrezko ontziak galbidean ikusten nituen”.

Agoteren arabera, egurrezko itsasontziak eta Euskal Herriko ontzigintza ondare ezin aberatsagoa dira, baina ez zaie behar besteko balioa eman. “Ez dugu ezagutza nahikoa izan gureak bakarrik diren ezaugarri eta teknologia horiei garrantzia emateko, mendeetan gure arbasoek garatu eta punta-puntakoa izan zen ontzigintzari merezi duen tratua emateko”. San Juan baleontzia horren eredutzat du Agotek. “Ontzi hau historian sortutako lehen zamaontzi transozeanikoa da, eta hemen sortua da, Euskal Herrian egina, gure modura eta gure teknologiarekin”.

‘San Juan’, aitzindaria

Pasaian eraiki zuten San Juan ontzia, 1563an. “Ontzigileei Atlantikoa zeharkatuko zuen ontzi bat eskatu zieten, bederatzi hilabeteko zeharkaldia egingo zuena, eta, bueltan, ahalik eta balea olio gehien ekartzeko gai izango zena”. Egin zuten ontzia, eta San Juan izena jarri zioten. “Itsasontzi honek ondoren etorriko ziren Europako itsasontzi guztien diseinua baldintzatu zuen”.

Ibilbide laburra izan zuen, ordea. 1565ean, Kanadan, Red Bay-n aingura botata zegoela, ekaitz handi batek astindu zuen Labrador penintsula, eta San Juan ontzia hantxe gelditu zen, 400 urtez, urpean, kostatik hamar metrora; 1978an urpeko arkeologo talde batek aurkitu eta Parks Canada gobernu agentziak 30 urteko ikerketari hasiera eman zion arte.

1985ean, ikasketak amaitzen ari zela, National Geographic aldizkariaren uztaileko alea iritsi zitzaion esku artera Agoteri. Orduan hasi zuen San Juan baleontziarekin gaur arte iraun duen maitasun istorioa. “Aldizkariko azala XVI. mendeko Euskal Herriko baleazaleei eskaini zieten, eta bertan eman zuten lehendabizikoz San Juan baleontziaren aurkikuntzaren berri”. Ordu arte Agotek bazuen euskal ontzigintza tradizionalarekiko sentiberatasuna, batik bat eraikuntzari zegokiona. “Baina San Juan baleontziaren aurkikuntzaren berriak beste ikuspegi bat eman zidan, ikuspegi historikoa. XVI. mendera eraman ninduen, historia ezin erakargarriago bat ezagutzera”.

“Une hartan hasi zen ametsa”, dio Agotek, “eta amets horrek hona ekarri gaitu”. Albaolaren sorrera izan zen, 1997an, proiektua gauzatzeko lehen urratsa. Albaola Itsas Kultur Faktoriak Pasai Donibanen hasi zuen ibilbidea, tailer txiki batean; itsasontzi historikoen eraikuntza ardatz hartuta, Euskal Herriaren itsas historia gehiago ezagutu eta ezagutaraztea zuen helburu. “Gero Apaizac Obeto proiektua sortu zen, eta horrek oihartzun handia eman zigun, oso garrantzitsua izan zen guretzat; eta, ondoren, Donostia 2016rekin, San Juan baleontzia eraikitzeko babesa heldu zen”.

2014ko uztailean hasi ziren itsasontzia eraikitzen. Pieza bakarreko 14,20 metroko gila jarri zuten lehendabizi, eta, itsasontziaren bizkarrezurra ipinita, gainerako piezak landu eta jartzen jarraitzen dute. Hiru kubiertako ontzia da, beheko kubierta bukatuta dago jada, eta gorantz hazten ari da. “Laster, asko aurreratuko dugu. Pieza asko eginda dauzkagu, eta jartzera goaz. Denbora asko behar da piezak egiteko, baina ontzira lotzeak ez du hainbeste denbora behar”. Piezak banan-banan lantzen dituzte, eskuz, “garai bateko teknika berberekin”.

Zuhaitz egokiak bilatzea da baleontzia eraikitzeko urrats garrantzitsuetako bat: Sakanako haritzak ontzia egiteko, Iratiko izeiak mastak egiteko, zortzi tonako pagoaren enborra gila egiteko, kalamua sei kilometro soka egiteko… Euskal Herriko zein kanpoko hainbat herri eta mankomunitaterekin akordioak egin dituzte horiek lortzeko: Sakana, Zaraitzu eta Cervera, Nafarroan; Fitero (Errioxa) eta Agreda (Soria), Espainian. “Quintanar de La Sierrara [Burgos, Espainia], adibidez, galipotaren bila joaten gara. Ontziaren egurra galipotarekin babestuko dugu, lehen egiten zuten bezala, eta hango basoan dagoen labe batean lantzen dugu”.

“Oso pozik gaude orain arte egindako lanarekin”, dio Agotek. Eta hasierako asmoa ontzia 2016an amaitzea bazen ere, horrekin ez daudela itsututa esan du. “Ez daukagu presa handirik. Guretzat ontzia eraikitzea ez da helburua, bidea baizik. Ontzi honen eraikuntza historia ezezagun hori ezagutzera emateko modua da, eta lortzen ari gara”. Iaz, 38.000 bisita izan zituen Abaolak. “Eta aurten kopuru hori gainditzen ari gara”. San Juan baleontziari esker, Albaola “turismo mapetan” eta itsas ondarea Euskal Herriko kultur ondarearen erdigunean jartzea lortu dutela uste du Agotek.

Jon Maiak, Albaolaren proiektua hizpide hartuta, Zuhaitzetan Ternuara abestia idatzi zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsentzat. Hori da San Juan baleontziarekin duten helburua. “Ontzia itsasoratu eta Red Bay-ra joan nahi dugu, baina hori beste abentura bat izango da. Ontzia nabigatzen ikasi beharko dugu, lehenik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.