Makilkarien arrastoan

Makilkarien arrastoan

Iñigo Terradillos

Hainbat kanta, dantza eta jokoren protagonista da makila euskal kulturan. Komunikatzeko tresna moduan ezaguna da, mitologian bada makilarekin lotutako kondairarik, eta politikan, berriz, agintea ematen dio makilaren jabe denari. Ezezagunago da, baina, euskal makil borrokarako erabilpena. 1970eko hamarkadara arte egon zen bizirik, eta makilkaria 30 lagunez osatutako talde bati aurre egiteko gai omen zen.

Kasualitatez izan zuen makil borrokaren berri Iñaki Ganboa oiartzuarrak. Siziliako (Italia) herritar batzuk ezagutu zituen, eta beraiekin hango makil borroka ikusten ari zela aipatu zioten jatorria Euskal Herrian zuela sistema hark. Horren inguruan ezagutzarik ez zuenez, ikertzen hasi zen, eta azken hamar urteotan informazio eta lekukotza ugari bildu du.

Ganboak azaldu duenez, jendeak makil jokoa deitzen zion borroka sistema horri, eta norbere burua babesteko erabiltzen zuten. “Gero ikusi da beste helburu batzuetarako ere erabiltzen zela, lapurretarako, esaterako”. Makil jokoa egiten zutenek makilkari izena hartzen zuten. Informazioa bilatzeko orduan, idatzietara eta liburuetara jo du oiartzuarrak, eta uste baino gehiago topatu du, batez ere Ipar Euskal Herrian. “Agian izan daiteke, berez, han Hegoaldean baino arruntagoa zelako idaztea XVIII. eta XIX. mendeetan”.

Gizartea “geroz eta seguruagoa” bilakatuz joan zen heinean, makil jokoaren erabilpena galduz joan zen, “ez baitzuten beharrezko ikusten defentsa edo erasorako tresna gisa”. Hori bai, desagerrarazteko azken kolpea 36ko gerrak eman zion, eta orduan galdu zen ia erabat. “Errepresio handia izan zen garai hartan, eta, borrokarako erabiltzen zenez, makilkariak asko estutu zituzten”, dio Ganboak. “Nabarmentzekoa da, gainera, borroka mota horietan aritzen zirenek ez zutela izen ona izaten, eta familiatik ezkutuan aritzen zirela makil jokoan”. Horiek horrela, jendeak hurrengo belaunaldiei ez erakustea erabaki zuen, eta horregatik egon da tradiziotik ezabatuta, Ganboaren ustetan.

Lekukotzen bila

Zaila da gaur egun makilkari izandakoak topatzea. Adinekoak direlako, izen ona ez zutelako, eta makilkariak izan zirela aitortzeko beldur direlako: “Geratzen diren apurretako batzuekin solasean aritzeko aukera izan dut, eta hasieran urduritasun apur bat adierazten zuten, beldur baitziren beraiek borrokaren batean min egindako norbaiten sendikoa ote nintzen”.

Makilkarien arrastoen atzetik Euskal Herriko herri askotatik igaro da Ganboa. “Idatzietan aurkitutako informazioari jarraiki, barrualdeko hainbat herritan izan naiz, artzain girokoetan, itsasertzeko herrietan ez baita makil jokorik izan”. Azpeiti, Azkoiti, Errezil, Beizama, Amezketa, Zaldibia, Hernialde, Zizurkil eta Markina-Xemeinen (Bizkaia) aurkitu du aztarna gehien. Herri horietan makil jokoa gogoratzen duen jendea topatu du, eta beraiek kontatutakotik nahiz idatzietan irakurritakotik, XX. mende hasieran borroka mota hori oso ohikoa dela ondorioztatu du. Hori bai, XVIII eta XIX. mendeak izan ziren makil jokoaren gailurra; hainbat gerratetan, lehenengo gerra karlistan kasurako, makilkariek parte hartu zuten. Napoleonek berak ere makilkariz osaturiko taldea zuen borrokarako.

Azken aztarnak, 1976. urte ingurukoak, Amezketa eta Zaldibia inguruan topatu ditu Ganboak. Abeltzaintza munduarekin lotura izatea makila artzainen edo baserritarren tresna izatearekin arrazoitzen du. “Beraiek erabili dute, eta, ondorioz, beraiek eman zioten erabilpen hori”. Eta erabilpenean ere badira aldaerak; izan ere, Ganboak 1,20 metroko makilarekin egiten zena ezagutu badu ere, ba omen zegoen 40 zentimetrokoarekin, 80-90ekoarekin eta ia bi metrokoarekin egiten zen makil jokoa.

Ezagutu duen teknika hori ikasi eta nahi duen orori irakasten ere ari da Ganboa. Oiartzungo kiroldegian biltzen da asteartero makilkariz osaturiko taldetxo bat, antzinako euskal borroka arte horretan trebatzera. Eta, hara, herriko nahiz Euskal Herriko hainbat txokotatik iritsi da jendea gaiarekin interesa azalduta.

Jon Ander Galarraga alegiarra, esaterako, bizpahiru urtez aritu da makil jokoa ikasten. “Euskal Herrian makilarekin lotutako borrokarik nolatan ez den egon pentsatzen jarrita, Interneten informazioa topatuta hasi nintzen Oiartzun aldera joaten”. Borroka oso pragmatikoa ikasi duela dio, “mugimendu justu eta zehatzekin, oso azkarra”. Aitortzen du beste borroka motekin alderatuta ez dela hain ikusgarria, “mugimenduetan ez daudelako besteetan eman daitezkeen jauzi eta bira konplexuak, baina, oso bortitza da”. Galarragak garrantzi handia ematen dio Oiartzun inguruan egiten ari diren lanari: “Gure kulturaren zati da, dantzak eta musika den moduan, eta horiek gogoratu eta berreskuratzeko ahalegina egiten bada, gauza bera egin beharko litzateke makil jokoarekin; beraz, zoriontzen ditut egiten ari direnagatik”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.