“Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan”

Julene Frantzesena

Argazki kamerak edonoren eskura diren garaiotan, argazkigintzaren hastapenetara egin du jauzi Jon Andoni Martinek (Azkoitia, 1964). Duela pare bat mende sortutako kolodio hezea teknika erabiliz egindako argazkiekin osatu du Barne marrak erakusketa. Azkoitiko Torre Zuri aretoan ikus daiteke, maiatzaren 8a bitartean.

Zertan datza kolodio hezea teknika?

Teknika oso zaharra da, 1851. urte ingurukoa. Ferrotipoak —metalezko plaketan egiten diren argazkiak— eta anbrotipoak —kristalezkoetan— egiten dira teknika horren bidez. Argazkiak sortzeko prozesu osoa jarraian egin behar da, kontu handiz, eta, 15-20 minutu behar dira. Dagerrotipoaren ostean, argazkigintzan sortu zen lehenengotako teknika da.

Nolakoa da halako argazki bat ateratzeko prozesua?

Kamera plakadun bat daukat, egurrezkoa. Ez dauka ezer berezirik: objektiboa eta bi plano fokal. Atzean plaka bat eta aurrean obturadorearen ordez plastikozko tapa bat jartzen ditut, azken horretatik argia sar dadin. Aurretik, baina, osagai kimikoak bota behar zaizkie kristalezko edo aluminiozko plakei. Horrela, material hori argiaren aurrean jartzeko sentsibilizatzen da. Objektibotik sartzen den argia soilik hartu behar du plaka horrek, bestela erre egiten da. Hogei segundo-edo behar izaten dira argazkia ateratzeko, eta modeloak segundo horietan geldirik egon behar du. Horregatik jarri diot Barne marrak izena erakusketari; modeloak barnean duena ateratzen da segundo horietan egindako irudian.

Azkoitiarren argazkiekin osatu duzu Torre Zuriko erakusketa.

Bai, protagonista gehienak azkoitiarrak dira. Kolodio hezea teknikaren berri izan, eta probatzen hasi nintzen duela pare bat urte inguru. Erosi nuen beharrezkoa zen materiala, eta tailer bat egin nuen. Hainbat azkoitiarri egin nizkien erretratuak. Ikusgai diren irudiak bakarrak eta errepikaezinak dira. Dena den, asko dut oraindik hobetzeko.

Zumaian, berriz, argazki esteinopeikoak izan dituzu erakusgai.

Horiek izan daitezke kaxa, poto, freskagarri lata edo kalabaza batekin ateratako argazkiak. Barrutik beltzez pintatu eta zulotxo bat egin behar zaie argia sartzeko, eta barruan jarri behar da argazkiak egiteko papera. Berezitasuna da ez duela objektiborik eta zulo txiki batetik sartzen dela argia. Zulotxotik argi izpiak sartzen dira, eta kanpoko irudia iraulita proiektatzen da argazki paperean. Argiari zenbat denboraz utzi behar zaion sartzen kalkulatu behar da, argazkia ilunegi edo erreta atera ez dadin.

Nolatan hasi zara argazkiak egiteko teknika zaharrak erabiltzen?

Argazkigintzari buruzko saio bat ikusi nuen behin telebistan. Antzinako tekniken ingurukoa zen, eta hura ikusi ostean hasi nintzen probatzen. Beste mundu bat da. Argazkigintza digitala alde batera utzi dut, baina oraindik erabiltzen dut irudi azkarrak egiteko. Konplikatuak dira, eta izugarrizko lana eskatzen du halako argazkiak egiteak. Hasteko, gauza ugari erosi behar dira. Horrez gain, argazkiak egin baino astebete lehenago-edo osagai kimikoak prestatu behar dira. Eta ondoren hasten zara lanean. Ordu asko eskatzen duen arren, oso gustura nabil. Esan ohi den moduan: gustuko lekuan, aldaparik ez.

Denetariko teknikak probatu dituzu, beraz?

Analogikoarekin hasi nintzen. Gero, argazkigintza digitalera pasatu nintzen. Digitala dena zela uste nuen, baina teknika hauek ezagutzean ikuspuntua aldatu zitzaidan. Probatu behar nuela eta, honaino iritsi naiz.

Gaur egun, argazki guztiak moldatu daitezke. Teknika horiekin, berriz, ezin da aldaketarik egin.

Ateratzen dena ateratzen da. Egun, munduko gauzarik errazena da argazkiak ateratzea, eta edonork egin ditzake. Azkoitiko erakusketarako argazkiak atera nituenean, batek esan zidan kokospea kentzeko. Esan nion ezin nuela halakorik egin teknika hori erabilita. Argazkia ikusi zuenean galdetu zidan ea nola egin nizkion erretokeak. Nik ez nuen hura ukitu, halaxe atera zen argazkia, argiagatik. Bestalde, ni argazkiak paperean edo euskarriren batean edukizalea naiz. Gaur egun egiten ditugun argazkiak gailuetan geratzen dira, eta ez dira errebelatzen. Ondo dago ordenagailuan edukitzea, baina gustatzen zait eskuetan izatea. Digitala erabiltzen nuenean ere, argazki batzuekin bilduma osatzen nuen.

Noiz hasi zinen argazkigintzan?

Txikitan hasi nintzen argazkigintzan murgiltzen, eta neure kabuz ikasi dut. Liburuak irakurtzen nituen lehen, eta orain Interneten ere begiratzen dut. Aipatutako teknika zahar horiek ikasteko sei orduko tailer bat egin nuen, baina ikasi praktikatuz egin dut. Alferrikakoak dira ikastaroetako azalpenak, etxera joan eta ez bada praktikatzen.

Ikasitakoetatik, zer teknika duzu gustukoen?

Azkenaldian erabiltzen ari naizen teknikak. Argazkigintza digitala ere gustatzen zait, baina orain besteekin nabil buru-belarri. Teknika ugari ditut ikasteko, eta horiek ditut jomugan.

Kolodio hezea teknikarekin argazkiak egiten irakasteko tailerra eskainiko duzu larunbatean Azkoitian.

Bai, hala da. Sei lagunek hartuko dute parte saioan, eta 09:00etatik arratsaldera arte arituko gara. Argazkiak egiteko prozesua luzea da, eta pauso guztiak ezagutu ahal izango dituzte parte hartzaileek.