“Teknologia berriak eta paperaren xarma uztartzea lortu dut”

“Teknologia berriak eta paperaren xarma uztartzea lortu dut”

Maialen Igartua

Ikasketaz telekomunikazioetako ingeniaria da Iker Burguera (Legazpi, 1986). Gaur egun, langabezian dago, baina ez lanik gabe. “Ekintzaile espiritua” duela dio, eta, ondorioz, mila proiektu izaten ditu beti esku artean. Bakarrari eman dio forma orain arte, eta ez zaio batere gaizki atera. Arbi liburua kaleratu zuen 2014an, eta bigarren liburua atera zuen iaz. Liburuko istorioetako pertsonaiak mugimenduan ikus daitezke berak garatu duen aplikazio baten bidez, eta espero gabeko arrakasta izaten ari da.

Egun, Arbi obraren bigarren liburua saltzen ari zara, buru-belarri. Zer da Arbi, eta zerk bereizten du liburu arrunt batetik?

Gaur egun, literaturan bi mundu daude: papera eta digitala. Bi mundu horien artean salto handia dago, eta nik erlazionatu egin nahi nituen, nolabait. Helburu horrekin sortu nuen Arbi. Batetik, liburu fisikoa dago, istorio batekin eta marrazkiekin. Istorio horien bidez, hainbat balio transmititzen saiatu naiz: laguntasuna, familia, elkarlana… Liburu fisikoaz gain, ordea, Arbi-k badu plus bat: sakelakoetarako eta tabletetarako balio duen aplikazioa. Aplikazio horren bidez, hiru dimentsiotan ikus daitezke liburuko marrazkiak, mugimenduan.

Nola funtzionatzen du aplikazio horrek?

Oso sinplea da. Beste edozein aplikazio bezala, gailura deskargatu behar da lehenengo. Ondoren, aplikazioa ireki, mugikorra edo tableta liburuko marrazkiari begira jarri, eta pantailan segituan agertuko dira marrazki horretako pertsonaiak, mugimenduan. Gailua urrunduz edo gerturatuz, irudiak txikiago edo handiago ikus daitezke.

Nondik sortu zitzaizun proiektu hori aurrera ateratzeko ideia?

Teknologia dagoeneko banuen, eta zertan aplikatu erabakitzea falta zitzaidan. Konturatu nintzen euskal literaturan apenas zegoela horrelako libururik. Bakar batzuk badaude, baina teknologia ez dute oso garatua. Hutsune bat ikusi nuen, eta hutsune hori betetzen saiatu.

Teknologia garatzeaz gain, ipuina ere zuk idatzi duzu?

Bai, bi liburuetako istorioak nik sortu ditut. Ipuinaren egitura nik idatzi dut, eta gero idazle profesional batek lagundu dit ingelesezko bertsioa idazten. Dagoeneko bederatzi hizkuntzatan dago eskuragarri. Lehenengo liburuko istorioan taldearen garrantzia nabarmentzen da, eta, bigarrenean, lagunena eta familiarena.

Marrazkiak ere zuk egin dituzu?

Ez, marrazkiak argentinar batek egin dizkit. Nik istorioa bidali nion, eta gutxi gorabehera azaldu nion marrazkietan zer agertzea nahi nuen. Bidali zizkidan zirriborroak asko gustatu zitzaizkidan, eta emaitzarekin ere oso gustura geratu naiz.

Amazonen bidez saltzen duzu liburua, Print on the mont aukera erabilita. Zer da hori, eta zein abantaila ematen ditu?

Amazonek eskaintzen duen inprimategi zerbitzua da, eta niri oso ondo etortzen zait. Zerbitzu horri esker, ez daukat stockean libururik eduki beharrik. Norbaitek Amazonen bidez liburu bat erosten duenean, ale horixe inprimatzen dute, eta erosleari bidali. Modu horretan, PDF dokumentu batekin, mundu guztira irits zaitezke. Ez daukazu mila ale inprimatu beharrik, gero salduko ote diren jakin gabe. Saldu ahala inprimatzen dira. Dirurik ez galtzea ahalbidetzen du.

Hortaz, Amazonen bidez baino ezin daiteke erosi liburua?

Paperean ere baditut ale gutxi batzuk. Tolosako Babel liburu dendan eros daiteke oraingoz, eta Legazpiko bi liburu dendatan ale batzuk uzteko asmoa ere badut. Legazpiarra izanik, gustatuko litzaidake nire liburuan bertan erosteko aukera ematea.

Nolako harrera izan dute liburuek?

Oso ona. Bigarrenak, gainera, lehenengoak baino hobea. Lehenengo liburuaren mila ale saldu nituen, eta bigarrena are hobeto ari da saltzen. Gainera, bederatzi hizkuntzatan dagoenez, mundu guztian ari naiz saltzen. Bitxikeria moduan, orain dela gutxi, Hawaiira bidali nuen bat. Proiektu hau martxan jartzean bururatu ere ez zitzaidan egingo Hawaiiko pertsona batek nire liburua erosiko zuenik. Horrek motibatu egiten nau lanean jarraitzeko.

Amazoneko salmenten zerrendan lehen postuan egon zara.

Bai, zenbait zerrenda egiten dituzte, kategorien arabera. Hainbat egunetan, lehenengo postua lortu dut gehien saldutako euskarazko liburuen zerrendan. Ikusi nuenean, hunkitu egin nintzen.

Haurrei erakargarria egiten zaien produktu bat da.

Bai, nire liburuekin ikusi ditudan haurrak liluratuta sumatzen ditut. Oso erakargarria egiten zaie. Nik ikusten nituen haurrak sakelakoekin edo bestelako gailuekin erabat tentelduta, eta ez nuen nahi paperaren xarma galtzerik. Ni oso irakurzalea izan naiz, eta pena ematen dit papera galtzeak. Proiektu honekin, teknologia berriak eta paperaren xarma uztartzea lortu dut.

Etekinik ateratzen duzu?

Nire helburua ez da etekinak ateratzea. Lehenengo liburuan inbertitutako dirua amortizatua dut, eta orain ditudan etekin guztiak bigarren liburuan inbertitzen ari naiz. Oraintxe, marketinean nabil buru-belarri. Batez ere, Facebook bidez ezagutarazten dut nire proiektua. Baina nire helburu nagusia buruan nuen ideia bati forma ematea zen. Beti izaten ditut ideia pila bat, baina hau da forma ematea lortu dudan lehenengoa. Besteak erdibidean geratu zaizkit. Gustuko ditut teknologia berriak eta haien aplikazioak, eta, orain langabezian nagoenez, denbora gehiago dut nire afizioari eskaintzeko.

Aplikazioari ahotsa jartzen ere ari zara.

Mugikorrean edo tabletan irudiak ikusi bitartean istorioa entzutea da asmoa. Hori izango da hurrengo pausoa. Dagoeneko ari naiz audio batzuk grabatzen. Gaztelaniazko bertsioan, esaterako, Los Simpson telesaileko pertsonaia baten ahotsa egiten duen gizon bati eskatu diot audioa grabatzeko. Baiezkoa eman dit, eta emaitzarekin oso gustura geratu naiz. Orain beste hizkuntzetan grabatzeko ahotsak aurkitu behar ditut.

Arbiren abenturek izango dute jarraipenik?

Egunen batean hirugarren liburua ateratzeko asmoa dut, baina oraindik ez dakit nolako istorioa izango den. Ideiaren bat bururatzen zaidanean hasiko naiz forma ematen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.