Ez dute sua itzaltzea nahi

Ez dute sua itzaltzea nahi

Asier Perez-Karkamo

Jaietako egun nagusian, 1976ko irailaren 8an, Guardia Zibilak Josu Zabala Erasun gazte irundarra hil zuen, tiroz, Hondarribian. Arratsaldeko alardearen ondoren, Eduardo Moreno Pertur ETAko kidearen desagerpena salatzeko manifestazioa egin zuten, eta guardia zibilek bildutakoak sakabanatu zituzten indarrez. Zabalak bi tiro jaso zituen bularrean, eta beste bi pertsona zauritu zituzten balaz.

Irailaren 8ro, goizeko desfilea bukatuta, omenaldia egiten diote irundarrari San Pedro kaleko Txantxangorri tabernaren ondoan. Hasierako urteetan bere omenezko mural bat zegoen Zabalaren txokoan; bularra zeharkatu zion balaren arrastoa paretan zirkulu baten barruan, eta Hemen Zabala hil zuten pintaketa irakur zitekeen. Hala zegoen, bonbaz leherrarazi zuten arte.

Dagoeneko ez da Zabalaren txokoan gertatu zenaren seinalerik, eta, horregatik, hil zutela berrogei urte beteko direnean, Zabala Gogoan lantaldea eratu dute, haren memoria betirako itzal ez dadin.

Mercedes Iridoi zen Hondarribiko alkatea Zabala erail zutenean. Hiru urte lehenago hartu zuen kargua, Pedro Aginagaldek alkatetza utzi eta gero udalbatzak proposatuta. Kargua hartu ala ez zalantzakor ibili zen Iridoi, ez baitzen inongo alderdiko kidea, ezta politikan aritutakoa ere; baina onartu egin zuen. Egun, 92 urte ditu, eta San Gabriel egoitzan bizi da. Zabala Gogoan lantaldekoak joan zaizkionean hunkitu egin da, eta ezin izan die malkoei eutsi egun beltz hartako kontakizuna kameraren aurrean egiten hastean: “Gobernadoreak barre egin zidan, aurpegira egin zidan barre”. Berrogei urte igaro eta gero, amorratuta dago oraindik.

Festetako egun handia izanik, Antonio Tejero gobernadorearekin eta beste zenbait agintarirekin afaltzen ari zen alkatea paradorean. Tejerok zin egina zion guardia zibilak ez zirela herrian sartuko; urte hartan festa askotan sartu ziren, eta istilu handiak eragin. Baina Portu auzoan gertatutakoa ezkutatu zioten Iridoiri, eta haiengana azalpen eske joan ziren gazteen bitartez jakin zuen Guardia Zibilak Zabala tiroz hil zuela. “Ez zidan ezertxo ere esan”, kexu da oraindik.

Gau horretan bertan dimisioa aurkeztu zuen Iridoik, eta Irungo bidea hartu zuen, familiarekin egoteko. “Ez joateko esaten zidaten denek, baina nola ez nintzen joango; ama horrekin egon nahi nuen”, kontatu du grabazioan. Gaztearen amak keinua asko eskertu ziola erantsi du.

Testigantzen grabazioa

Gertatu zena biltzen ari da Zabala Gogoan taldea. Markos Sodupe herriko ondare etnografikoa biltzeko grabazioak egiten hasi zen duela urte batzuk, eta, horregatik, harekin gogoratu ziren. “Zerbait berezia egin nahi zutela komentatu zidaten. Garai hartako testigantzak biltzen ari gara, eta grabazio batzuk eginak ditugu. Azken finean, jendeak gertatu zena ulertzea nahi dugu”.

Horretarako egon dira alkatearekin, eta Zabalaren aurretik zihoan eta lurrera erortzerakoan balak saihestu zituen Juanjo Larrarte gaztearekin, eta gainetik maindirea jarri aurretik hildako gazteari argazkia egin zionarekin, eta biharamun goizean plaka jarri zuen Peio Mindegiarekin…

Irailean, berrogei urte beteko dira Zabala hil zutela, baina erakutsi nahi dute haren oroipena ez dela itzaltzen.

Leave a Reply

Your email address will not be published.