“Barrura begirako bidaia baten modukoa da apnea”

Eider Goenaga Lizaso

Ur azpian, arnasa egiten lagunduko dizun inolako tresnarik gabe, ahal bezain beste eustea. Geldirik edo mugitzen; ur azaleran igerian edo itsasoan ahal bezainbeste jaitsiz; hegalekin edo hegalik gabe; igerilekuan edo itsasoan… Hamaika aukera ematen dituen kirola da apnea edo freediving-a, eta beste kiroletarako lagungarri ere bada. Hala dio, behintzat, Jokin Solbesek (Hondarribia, 1982). Urpeko arrantza betidanik gustatu izan zaio Solbesi, eta duela bost bat urte hasi zen apnearekin. Orain, Erea Lopez Espainiako txapeldunorde izandakoarekin eta Mikel Solbes anaiarekin, Hondarribiko Aquaman apnea kluba gidatzen du.

“Apnea edo arnasari eutsita uretan murgiltzea milaka urteko praktika den arren, kirol moduan nahiko berria da. Jacques Mayol eta Enzo Maiorca Le Grande Bleu filmeko protagonistak izan ziren kirola ezagutarazi zutenak”, dio Solbesek. 50 metroko sakoneraren muga gainditzen aitzindariak izan ziren biak. “Orain dela 50-60 urte medikuek zioten 30 metroko sakonera gainditzen zuen edozein pertsona hil egingo zela, eta apneista horiek gaindi zitekeela erakutsi zuten”. Geroztik, haien jarraitzaileek eginiko markak edozein beldurtzeko modukoak dira. Esaterako, Tom Sietas alemaniarrak 22 minutu eta 22 segundo egin zituen urpean, geldi, 2014an; Herbert Nitsch austriarrak, 2007an, 214 metroko sakonerara iristea lortu zuen.

Maiorca eta Mayolen ikasle izandako Umberto Pelizzari apneista italiarra izan da Jokin Solbesen maisu. Eta orain Solbes bera dabil irakasle, Euskal Herrian sortutako lehen apnea eskolan. “Gizakiak bere buruaren eta bere gorputzaren ezagutza handiagoa izatea da apnearen helburua, pentsatzen dugun baino askoz ere gaitasun handiagoa baitu pertsonak urpean eusteko. Batez ere, gorputza, burua eta espiritua lantzen ditugu. Geure buruaren ezagutza ezinbestekoa da; gure gorputzak bidaltzen dituen seinale naturalak identifikatzeko gai izan behar dugu”.

Ildo horretan, fisikoa baino gehiago, alde psikikoa lantzen dela nabarmendu du Solbesek. Yoga ariketak ezinbesteko ditu apnea egin nahi duenarentzat. “Yogaren bidez diafragma malgutzen da, edukiera torazikoa handitzen, eta, batik bat, gure buruaren kontrol handiagoa izaten laguntzen du. Arnasketa on batek berarekin darama erlaxazio on bat; erlaxazio on batek, berriz, kontzentrazio on bat dakar; eta kontzentrazioak geure buruaren kontrola errazten du”.

Hori da oinarria, eta, hortik abiatuta, apnea egiten duenaren helburuak hartzen dira kontuan haien prestakuntza antolatzeko. “Izan ere, sakonera handietan aritzen denak entrenamendu bat behar du, urpeko arrantza egiten duenak beste bat, surflariari ere egokitu egin behar zaio entrenamendua. Gure ikastaroetan bakoitzari hobekien egokitzen zaiona lantzen dugu”. Olatu handietan aritzen diren surflariei ikastaroak eskaintzen dabiltza orain buru-belarri.

Apnean hasi nahi duenari begira, berriz, asteburu bateko ikastaroak antolatzen dituzte. “Arrakasta handia izaten ari gara ikastaro horiekin; hiruzpalau jarraibide emanda, jendea berehala ohartzen baita uste baino gaitasun handiagoa duela”. Solbesek dioenez, badago jendea, oinarrizko ikastaroa egin ondoren, urpean minutu batetik bost minutu eustera igaro dena. Duela bost urte, bere lehenengo saialdian, Solbesek berak lau minutu eta erdi baino gehiago egin zituen urpean, mugitu gabe. “Aldea izugarria da. Diafragma erabiltzen eta yoga teknikak aplikatzen erakutsi, ondo arnasteko lau jarraibide eman, eta lehen kolpea oso handia izaten da. Gero, marka hori hobetzea ez da hain erraza izaten; pixkanaka landu behar da, entrenamenduarekin”.

Urpean apneista eroso eta ondo sentitzen dela dio Solbesek. “Garrantzitsuena ez da denbora, urpean zaudenean gustura sentitzea da guk nahi duguna, itsasoarekin eta urarekin bat egitea. Barrura begirako bidaia baten modukoa da, eta jendea zoriontsu sentitzen da, lasaitasuna ematen du. Badago hori laburbiltzen duen esaldi paregabe bat: urpekari bat ingurunea begiratzeko murgiltzen da; apneista, bere buruari begiratzeko”.

Solbesek entrenamendua baztertu samar du azkenaldian, irakaskuntzan murgildu delako. Hala ere, azaroan bere marka ontzen saiatuko dela dio. “Lanzarotera joango naiz, ea 70 metroko sakonera gainditzen dudan; baina, horretarako, serio hasi behar dut lanean”.