Historian eta geografian bidaia, Urola eskualdea ezagutzeko

Julene Frantzesena

Azpeitiko Loiola auzoko santutegia eta Burdinbidearen Euskal Museoa; Zestoako Lili jauregia eta Ekainberri museoa; eta Zumaiako Algorri Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa. Horiek biltzen ditu Bost geltoki historian eskaintza turistikoak. Geltokiak desberdinak dira, eskaintzari eta bisitariei dagokienez. Hala dio Jexux Mujikak, Iraurgi Berritzen garapen agentziako Turismo teknikariak (Azpeitia, 1970): “Bost produktuak batera aurkeztuta, bisitari bera joan daiteke batera eta bestera. Ziur Loiolara bere kasa datorren bisitaria ez dela Lilira iritsiko; baina eskaintza osoa aurkeztuta, igual bai. Eskualdeko herrien artean sinergiak bilatu ditugu bisitari fluxua mugitzeko”.

Bost geltoki historian produktua ez da berria; 2010. urteaz geroztik ari da Iraurgi Berritzen, Urola Turismo markaren bidez, produktua eskaintzen. Mujikak dioenez, ordea, eskaintza “berritu beharra” zegoen, eta familiei bideratzea erabaki dute. “Orain arte erantzun oso ona izan du produktuak, baina ohartu ginen bere gorenera iritsi zela eta salmentak beheraka zihoazela. Egunero ibili behar da eskaintza berritzen; ez turismo alorrean soilik”.

Hainbat arrazoirengatik jarri dute martxan Familia Plana. “Garrantzitsua da produktuak segmentatuta eta nitxo desberdinak fokalizatuta eskaintzea. Turismo bulegoetara familia ugari iristen da umeekin zer egin dezaketen galdezka, eta ohartu gara zehazki familientzako eskaintza falta zitzaigula, nahiz eta badugun horiei zer eskaini”.

Egitasmoaren sustatzaileek haurrentzako eskuorriak kaleratu dituzte. Bost geltokietako bat bisitatzean, eskuorrian zigilua egingo diete bisitariei, eta, gainera, toki bakoitzerako hainbat jolas eta asmakizun jasoko dituzte liburuxketan. 12 urtetik beherako umeek lehen geltokiko bisita soilik ordaindu beharko dute; gainerako lau bisitak doan egin ahal izango dituzte.

Azpeitiko, Zestoako eta Zumaiako bost toki turistikok osatzen dute Bost geltoki historian, eta asteburu batean egiteko bisita “gehitxo” izan daitezkeela jakitun da Mujika. Hala eta guztiz, hori ez dute “desabantaila” moduan ikusten: “Bisitaria berriz bueltatzea nahi dugu, motibazioa sortzea itzultzeko”.

Produktua, batez ere, barne turismoari begira osatu zutela dio Mujikak. “Horiek dute opor garaitik kanpo etortzeko aukera. Izan ere, bisitaria Kataluniatik edo Madrildik badator, hiru egun-edo pasatuko ditu, eta ez da itzuliko denboraldi batean. Barakaldotik badator, berriz, itzul daiteke sei hilabeteren barruan. Hori sustatu nahi dugu”. Bisitarien leialtasuna saritzeko, zozketa bat ere jarri dute martxan: edozein geltokitan argazkia atera eta 5geltoki@urolaturismo.eus helbidera bidaltzen dutenen artean Urola eskualdean asteburupasa bat zozkatuko dute parte hartzaileen artean, urtearen bukaeran.

 

ESKAINTZA TURISTIKOA

Algorri zentroa. Zumaian dago Natur Baliabideen Interpretazio Zentroa. Irailetik ekainera asteartetik ostiralera izaten da zabalik, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era. Larunbatetan, berriz, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Igandeetan eta jaiegunetan, 10:00etatik 13:30era. Uztailean eta abuztuan, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:30era. Urtarrilean, otsailean nahiz abenduko

astelehenetan, astearteetan eta asteazkenetan itxita egoten da.

Ekainberri museoa. Ekaingo kobaren erreplika Sastarrain bailaran dago, Zestoako udalerrian. Asteartetik ostiralera 10:00etatik 18:00etara egoten da irekita. Asteburuetan, udan eta jaiegunetan, berriz, 10:00etatik 19:00etara. Aurrez erreserba egin behar da, eta sarrerak Zestoako Informazio Gunean jaso.

Lili jauregia. Lilitarren ohorea antzerki obraz goza daiteke Zestoako jauregian. Ekainean eta uztailean, asteartetik larunbatera, 11:30ean, 12:30ean, 16:30ean eta 17:30ean izaten dira emanaldiak. Igandeetan, berriz, 11:30ean eta 12:30ean. Irailetik ekainera, zapatuetan, 11:30ean, 12:30ean, 16:30ean eta 17:30ean. Igandeetan, 11:30ean eta 12:30ean izan ohi dira emanaldiak. Aurrez erreserba egin behar da, eta sarrerak Zestoako Informazio Gunean jaso behar dira.

Loiolako santutegia. Azpeitiko Loiola auzoan dago San Ignazioren omenez eraikitako santutegia. Haren barruan ikus daiteke San Ignazio bizi izan zen etxea. Goizetan 10:00etatik 12:45era, eta arratsaldetan 15:30etik 18:30era egoten da irekita.

Burdinbidearen Euskal Museoa. Azpeitiko Julian Elorza etorbidean dago trenaren museoa. Asteartetik ostiralera, 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:30era izaten da irekia. Zapatuetan, berriz,10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era. Lurrun trenean Lasaora joan-etorria egiteko aukera eskaintzen du museoak asteburuetan. Larunbatetan bi buelta egiten ditu: 12:30ean eta 18:00etan abiatuta. Igandeetan eta jaiegunetan, berriz, 12:30ean egiten du joan-etorria. Museoko kideek lurrun trena abiatzeko ordua baino ordubete lehenago bertaratzea gomendatzen dute.

 

Leave a Reply

Your email address will not be published.