“Mendiz inguratuta dago, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea”

J. Frantzesena

Jaioterriaz hitz ederrak baino ez ditu Eneko Otaño aizkolariak (Beizama, 1994). Hantxe, sorterrian hasi zen aizkoran; ezagutu ditu plazak ordutik.

Zer duzu Beizamatik gustukoen?

Bertan jaioa naiz, eta, Azpeititik eta kaletik aparte dagoenez, eskertzen dira hango bakea eta lasaitasuna. Herri polit-polita da.

Txoko bat aipatzekotan, zein?

Inguruan ditugun bi mendi: Illaun eta Murumendi. Horietara buelta asko egiten ditut, asko ibiltzen naiz mendian.

Azpeitia aipatu duzu. Denbora asko pasatzen al duzu han?

Bai, asko. Beizaman baino gehiago. Kuadrilla hangoa dut, eskolan han ibili izan naiz, eta lan egiten dudan enpresa ere Azpeitikoa da.

Azpeitiak ez duen zer du Beizamak? Eta alderantziz?

Mendiz inguratuta dago Beizama, eta ederra da naturatik hain gertu bizitzea. Azpeitian, berriz, lagunartea daukat, eta jendea, giroa, tabernak… denetarik dago han.

Beizamara egun-pasa doanari zer gomendatuko zenioke?

Gazta eta ogia egiten duten bi baserri daude, eta haiek bisita ditzakete. Mendi bueltaren bat ere egin dezakete, eta plazara joanez gero, han dituzte parkea, ostatua… Ez da toki txarra arratsaldea pasatzeko.

Gaia aldatuz. Zer dela eta hasi zinen aizkoran?

Betidanik gustatu izan zait aizkora, txikitatik. Aitarekin joaten nintzen apustuak eta txapelketak ikustera. Etxean ere anaiarekin aritzen nintzen denbora-pasa. 15 bat urterekin apustu bat egin genuen lagunek; nirekin aritu behar zuen laguna lesionatu egin zen, eta ez genuen jokatu. Kilo dezente nituen orduan, eta etxean esaten zidaten kirola egiteko. Baina, aizkoraz aparte, ez nuen gustuko kirolik. Herrian bazen erretiratu bat, aitaren laguna, eta hark behin soziedadean esan zidan lagunduko zidala aizkoran trebatzen; basoan-eta ibiltzen zen. Bengoarekin txapelketa batean aritzeko aukera eman zidaten, eta horrela hasi nintzen.

Mieltxo Mindegiarekin egindako apustua irabazi duzu aurten.

Apustu mundua asko gustatzen zait. Txapelketekin alderatuta, oso desberdinak dira, baina garrantzitsuak iruditzen zaizkit. 2014an [Mikel] Larrañagaren aurka jokatu nuen. Apustua presazkoa izan zen beharbada, baina txikitatik horixe nahi izan dut, eta aukera ona zen. Gainera, apustuak txapelketak baino gehiago gustatzen zaizkit. Larrañagaren aurkakoa galdu egin nuen, eta ez nuen besterik jokatzeko asmorik, baina Mindegiak erronka bota zidan, eta hartu egin nuen. Txapelketan ez nuen zorte onik izan, eta ar hori kentzeko balio izan zidan apustuak. Gustura sentitu nintzen, emaitza ona izan zen eta.

Apusturen bat baduzu esku artean?

Orain ez daukat batere lotuta, baina datorren neguan edo udaberrian bateren batek erronka botatzen badit, ikusiko dut zer egin. Izan ere, ikusi beharko da zer-nolako txapelketak ateratzen diren eta beste aizkolariek zer egiten duten.

Txapelketei dagokienez, zer helburu dituzu?

Uztailaren 3an, Gipuzkoako Bigarren Mailako finala jokatuko dut. Sailkapen fasean bigarren egin nuen, eta finalean aurrena egiten duena Lehen Mailara igoko da. Txapeldunen Kopa ere aurki hasiko da, eta ni astelehenean Arria V.aren kontra arituko naiz, Hernanin.

Leave a Reply

Your email address will not be published.