“Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak”

“Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak”

Iñaki Gurrutxaga

Ume-umetan hasi zen errugbian jokatzen Javi Perlines (Ordizia, 1972). Orain ez urte askora arte, jokalari izan da —hirugarren lerroko postuan—, eta Ampo Ordiziako bigarren taldeko entrenatzaile ere aritu da. “Errugbia nire pasioa da”. Gaur-gaurkoz, ORE Ordizia Rugby Elkarteko kirol zuzendaritzako burua da. Egin duten hausnarketaren eta hartutako erabakien inguruan hitz egin du.

Lehen taldearen denboraldia bukatu berritan, OREko zuzendaritza bidegurutze batean zegoela nabarmendu zuen klubak. Zer da zehazki gertatu dena?

Hausnarketa serio bat egin dugu, jende askok parte hartu du, eta elkartu garenok gogo handiarekin gaude, ilusio handiarekin. Espero ez diren emaitzak lortzen direnean, badirudi dena kolokan jartzen dela. Denboraldi hasieran, bost partida jarraian irabazi genituen, ilusioa berpiztu zen; gero, bolada eskasa etorri zen, eta badirudi ilusio hori guztia pikutara joaten dela bat-batean. Hausnarketarekin jarraituko dugu denboraldi guztian, baina, oraingoz, hau egin dugu. Arlo askotan lan asko egiten ari gara, eta oso gustura gaude egiten ari garenarekin.

Barne krisi hitza ere aipatu da. Nola bideratu duzue? Zein izan dira hartutako lehen erabakiak?

Krisia baino gehiago, hausnarketa baten beharra esango nuke. Egonezin hori sumatzen zen, bai klubean, bai zaleen artean eta bai herrian. Askotan, emaitzei lotutako egonezina da. Emaitzak onak badira, gaitz guztiak desagertu egiten dira, baina horrelako eskualde txiki batean segituan sumatzen da taldearen martxa, eta horrek asko exijitzen du. Lanean ari zen taldea oso murritza zen, eta, orain, klubean beste zeregin batzuetan aritu garenok egin dugu urratsa, horietako asko gazteak. Lehen taldearen emaitzek eragindako hausnarketa bat izan da, gainontzeko taldeek denboraldi ona egin baitute. Krisirik ez dago.

Lehen zeregina kirol zuzendaritza berria eratzea izan da, eta zu zara talde horretako buru. Zein izango da edo zein ari da izaten zure egiteko nagusia?

Nire egitekoa eta nire ondoan daudenena ditugun talde guztiak sendotzea izan da. Bitan banatu dugu kirol zuzendaritza: batzuk, 16 urtetik gorakoekin, eta beste batzuk, beherakoekin. Lan handiena lehen taldeari itxura ematea da, postu guztiak ondo betetzea. Prestatzaile fisiko berriarekin ere oso gustura dago jendea.

Organigrama berriaren helburua lanak banatzea da, bakoitzak bere zeregina hobeto egin ahal izateko. Nola osatu duzue?

Kirol arloa, kudeaketa eta zuzendaritza batzordea daude, eta kirol arloan hori egiten ari gara, lanak banatzen. Guk helburu batzuk jarri dizkiogu geure buruari; norberak bete beharreko estatutu moduko batzuk ere sortu ditugu, eta erabakiak taldean hartzen ditugu, hori baita lan egiteko modurik onena. Zortzi laguneko talde bat osatu dugu, eta entrenatzailea ere [Wade Kelly] tartean dago. Kanpotik ematen duena baino lan gehiago du honek.

Borondatezko lana da zuena, eta esker txarrekoa ere bai askotan seguru asko. Iruditzen zaizu zaleak-eta kontziente direla zer ardura eskatzen duen horrelako klub bat gidatzeak?

Bada esker txarrekoa, eta liskarrak ere sortzen ditu, baina nik uste dut zaleak konturatzen direla hemen egiten den lanaz; batez ere, errugbia jarraitzen urteak daramatzatenak.

Zuzendaritza berri honekin aro berri bat ireki nahi duzue. Zein oinarri sendotu nahi dituzue aro berri horretan?

Batik bat, guk dugun ilusioa taldeetan eta zaleen artean zabaltzea, hori da lehenengo gauza. Ilusioa, Altamira zelaia berriz ere jendez beterik ikustea, klubari eta lehenengo taldeari buruz jendeak ondo hitz egitea…

Urte oparoak izan ditu Ordizia Rugby Elkarteko lehen taldeak: 2012an eta 2013an Espainiako Kopa irabazi zuen, ligan ere erregular, eta Altamira gotorleku zela. Zertan ez da asmatu azken denboraldietan?

Ez dakit, baina giroan zerbait arraroa sumatu da. Pasio hori galdu egin dela dirudi, baina hori barrutik kanpora transmititu behar da, eta lan hori da bereziki egiten ari garena. Espainiako Kopa bi urtez jarraian irabazi genuen, hori egia da, baina urte bat lehenago mailari eusteko hil ala biziko partida bat jokatu genuen Sevillan. Pentsa gauzak nola aldatzen diren urte batetik bestera. Etxekoen ilusioan dago gako nagusia. Egia da lehen taldean belaunaldi aldaketa bat-batekoa izan zela, eta jende oso gazteak heldu behar izan ziola lehen taldeari. Partida batzuetan alde handiz galdu dute, eta horrek beldurra ere sorrarazten du, proiekzio handia daukaten gazteak errugbia uztera irits baitaitezke.

Etxeko jendea heztea izan da klubak historikoki izan duen erronketako bat. Zer espero duzue gazte horietaz?

Pazientzia eduki behar da. Jokalari oso onak dira, lan asko egiten dute, eta errugbia zer den badakite. Eta hori guztia beheko mailetan egon direnean egin duten lanarengatik eta eduki dituzten entrenatzaileengatik izan da. Giro oso ona daukate taldean, eta horrek esan nahi du goizago edo beranduago emaitza oso onak lortuko dituztela, ziur nago.

Fitxaketak ere egiten ari zarete. Orain arteko entzutetsuena Julen Goiaren itzulera da. Zer profiletako jendearekin osatu nahi duzue taldea?

Fitxatu berriek Ordizian denbora asko pasa dezaketela pentsatu nahi dugu, eta etxeko gazteen formakuntzan ere lagunduko dute. Gazte asko daude lehen taldean, eta, formazio egokia izan dezaten, jokalari beteranoak ondoan izatea da egokiena, jokalari zailduak. Lehen lerroa asko indartu dugu, eta beste postuak ere bai, eta uste dugu horretan asmatzen ari garela. Etorri direnak eskarmentu handiko jokalariak dira, horietako hiru argentinarrak, eta Julen Goiaren itzulera ere poztekoa da. Jokalari gehiago ere etorriko dira.

Eta denboraldi-aurrea?

Denboraldi-aurrearen lehen zatia egin dute, orain hamabost eguneko oporraldia izango dute, eta abuztuaren aurrenean hasiko dira berriz. Irailaren 3an jokatuko dugu VRAC Quesosen aurka, eta hilaren 10ean Burgosen aurka. Abuztuaren bukaerarako beste partida bat lotu nahian gabiltza. Denboraldia irailaren 18ko asteburuan hasiko da.

Horrez gain, orain gutxi arte Altamiran eta herrian zegoen errugbi giroa berpiztu nahi duzue. Bazkide kanpaina bat egiten ari zarete, 1.000 bazkide izatera iritsi nahi duzue…

Oraingoz, gure helburuen artean ez dago ez dakit zer titulu irabaztea. Helburua ilusioa berreskuratzea da, hori da hitzik garrantzitsuena, hori da guztiaren oinarria. Ilusioa berpiztea eta helburuak lortzea dira gure bi oinarriak, eta idatzita daukagu gainera. Gero beste zerbait etortzen bada, ongi etorria izango da.

Leave a Reply

Your email address will not be published.