Mundu osoko 170 dantzari bilduko dira Bidasoan

A. A.

Dantzak eta folkloreak presentzia handia izango dute uztailaren 26ra bitartean, Bidaso inguruan. Iritsi da Gaztefolk. Aurten, eskualde horretako Eraiki taldearekin batera, Georgiako Abkhazia Dance Ensemble, Poloniako Folk and Song Dance, Ukrainako Polisianotxka Danze eta Peruko Soy de Peru ariko dira dantzan. Guztira, 170 dantzari elkartuko dira.

Georgiako taldea nazioarteko hainbat sari jasotakoa da. Herrialde horren historiako hainbat garai biltzen dituen eskaintza egingo du, eta antolatzaileek azaldu dute estilo “bizi eta indartsua” jarriko duela. Poloniako taldeak esperientzia ekarriko du. 1948an sortutakoa da, eta urteak daramatza munduan bidaiatzen —1960ko hamarkadatik—. 40.000 lagun pasatu dira taldetik, eta eragin handia izan du eskualdeko folklorearen transmisioan. Poloniako ia eskualde guztietako dantzak interpretatzen dituzte. Egun, 500 lagun biltzen ditu, hamasei taldetan banatuta, eta horietako batek bisitatuko du Bidasoa.

Sari ugari lortu dituen beste talde bat da Polisianotxka Danze. Eskualdeko dantza tradizional eta herrialdeko dantza nazionalez osatuta dago, eta musika “oso ederra” du, antolatzaileen hitzetan. Soy de Peru, berriz, Limako Santisimo Nombre de Jesus eskola katolikoan sortu zen. Eskolatik kanpoko ekintzetan garrantzia ematen diote dantzari, horrek hezkuntzan eragin positiboa duelakoan. Herrialdeko hainbat eskualdetako ohiturak eta bizipenak erakusten dituzte, eta ekitaldi koloretsua izango dela iragarri du Eraiki dantza taldeak.

Gaur eta bihar, tailerrak

Irunen egingo dituzte ekitaldi gehienak. Hala, atzoko desfilearen eta inaugurazioaren ondoren, San Juan plazan egingo dute emanaldi nagusia gaur, 20:00etan. Goizean, Gazte Eskolako tailerrak izango dira Solas Jolas udalekuetako haurrentzat, hainbat tokitan: Anzaran plazan, Santiagoko frontoian, Alai Txoko parkean eta Puianako plazan.

Bihar ere izango dira tailerrak, baina Zabaltza plazan egingo dituzte, talde guztiek elkarrekin. Irunen hainbat jatorritako jendea bizi dela kontuan hartuta, tailerretara euren herrialdeetako jantziekin joateko deia egin diete antolatzaileek. Igandean, jaialdiaren amaiera ekitaldia egingo dute Amaia kultur zentroan, 20:00etan.

Edonola ere, Gaztefolk ez da Irunen bakarrik egiten, eta, datorren asteartean, hilaren 26an, Hondarribian egingo du geldialdia. Herriko zenbait tokitan erakustaldiak egiten ariko dira arratsaldean, eta, 19:30ean, Maddalen auzoan elkartuko dira talde guztiak. Nafarroatik ere pasatuko da Gaztefolk: etzi, Etxalarren izango da, eta, astelehenean, Beran.

Argazki lehiaketa

Garai berrietara egokitu da Gaztefolken beste adarra, argazki lehiaketa. Hemendik aurrera, formatu digitalera mugatuko da. Jaialdian ateratako argazkiak irailaren 15era bitartean aurkeztu daitezke. Lehiaketaren oinarriak festivalfolklorebidasoa.com webgunean daude.

Leave a Reply

Your email address will not be published.