Isiltzera doa ‘eskandalue’

Isiltzera doa ‘eskandalue’

Julene Frantzesena

Aurreneko aldiz Marea Arroxaren kalejira baterako elkartu ziren. Egun berean baina sei urtera, bihar, Skandalue elektrotxarangak ibilbideko azken kontzertua emango du. Izan ere, 2010eko uztailaren 30 hartan, “behin jotzeko” elkartu ziren hainbat azpeitiar. Ordutik, han eta hemen eman dituzte kontzertuak, eta taldea haziz joan da urte hauetan guztietan. Maite Beristain saxofoi jotzailea (Azkoitia, 1993), Felipe Murillo abeslaria (Azpeitia, 1987), Mikel Zaldua gitarra jotzailea (Azpeitia, 1987), Oier Zeberio saxofoi jotzailea (Zumaia, 1994) eta Jon Ibarzabal tronpeta jotzailea (Azpeitia, 1989) dira taldeko musikarietako batzuk, eta ibilbidea errepasatu dute, azken eskandalua isildu aurretik.

Duela sei urte, biharko egunez, musika tresnak eskuetan, Azpeitiko kaleak hartu zituzten gaur Skandalue osatzen duten kideetako batzuek. “Sei kantuko errepertorioarekin” atera ziren festetako lehen eguna girotzera, egun hartarako prestatu zutenarekin. “Telefonoa hartu, eta musika tresnaren bat jotzen zuten herritarrei deitzen ibili ginen. Zortzi bat lagun irten ginen azkenean, eta supermerkatuko orga batean jarritako egituran bafleak jarrita ibili ginen”, gogoratu du Murillok. Zalduak azaldu duenez, ondoren Azkoitiko andremaixetarako deitu zieten, eta han ere sei kantu “jo eta jo” aritu ziren, jira eta buelta. Uda amaieran Zarautzen jo zuten, eta han “lehertu” zen Skandalue elektrotxaranga. “Euskal Jaien aurreko zapatua izan zen, beste pare bat kanta ere prestatu genituen, eta ikaragarria izan zen. Jende pila bat gerturatu zitzaigun, eta telefonoa eskatu ziguten askok. Handik aurrera hasi zen mugimendua”, azaldu du Zalduak.

Ordutik, ehunka kontzertu eman dituzte, eta hainbat emanaldi kuttun dituzte taldeko kideek. Beristainek Donostiako Piraten Egunean emandako kontzertua oroitu du: “Hura oso desberdina izan zen, jendez lepo zegoen inguru guztia”. Zeberiok, berriz, hasierako kontzertuekin ditu “sentimendu indartsuenak”. “Ederra izan zen ikustea, poliki-poliki, kontzertuz kontzertu, jende gehiago gerturatzen zela. Pixkanaka goraka gindoazela nabaritzen genuen, eta gero eta herri gehiagotatik deitzen ziguten. Ikaragarria da ikustea jendeak erantzuten duela. Hala ere, eman ditugu kontzertu berezi batzuk, hala nola Bilboko festetako aurrena, Bartzelonakoa… Bartzelonan, mossoek inguratuta egin genuen kalejira, Maritxu nora zoaz eta halakoak jotzen genituen bitartean”. Ibarzabalek Lesaka (Nafarroa) aipatu du, eta Zalduak, berriz, Ordizia. “Kamioneta baten gainean jo izan dugu, eta lau urtez joan gara hara. Urteen poderioz, harreman estua egin dugu antolatzaileekin-eta. Hori ere polita da”.

Urrestillako lokaletik

Azpeitiko Urrestilla auzoan izan dute entseguetarako lokala Skandalueko kideek, nahiz eta hasieran Udal Musika Bandaren lokalean edo gaztetxean entseatzen zuten. Zalduak dioenez, astean entsegu bat egiten saiatu dira, baina, uda iristean, asteko hiruzpalau kontzertuak bilakatzen ziren entsegu.

Errepertorioa, berriz, “gustuen arabera” osatuz joan direla azaldu du Ibarzabalek: “Saiatu gara ‘modan’ dauden kantuak eta ‘klasiko handiak’ tartekatzen. Parrandan entzuten diren kantak jo izan ditugu, baina ahalegindu gara zerbait berria egiten”. Taldeko “giro onagatik” igaro dituzte Skandaluekoek sei urte herrietako kaleak girotzen. “Geure artean giro onik ez bagenu, ez genituzkeen hainbeste ordu elkarrekin pasatuko”, dio Ibarzabalek.

Emanaldi bakoitzeko anekdota bat baino gehiago dutela diote. “Hanka sartze handiak egin ditugu, eta eskerrak umorearekin hartzen jakin dugun”, dio Ibarzabalek. Ildo beretik hitz egin du Murillok ere: “Desastre xamarrak ginela onartu ginen garaia ere iritsi zen, eta hori barneratuta errazagoa izan zen elkar hartzea”. “Emanaldia bukatu eta ezer gertatu ez bazen, denok harrituta baino gustura itzultzen ginen etxera”, dio Beristainek.

Elektrotxarangen loraldia

2010ean sortu zuten Skandalue, eta, orduan, The Txortains-eta ziren “erreferente” elektrotxarangako kideentzat. “Ez zen oso ohikoa kontzertu ibiltaria eskaintzea, ez zen asko ikusten”, dio Ibarzabalek.

Zeberioren arabera, “berritzailea” izan zen Skandalue: “Jende asko etortzen zitzaigun orgaren muntaketaz edo sorgailuaz galdezka. Sorpresa izan zen askorentzat. Batek baino gehiagok esan zigun bere ametsa zela kalean mugimenduan jotzea. Nahi hori zutela, baina ez zutela asmatzen nola egin”.

Urte gutxiren buruan, hainbat elektrotxaranga sortu zituzten Euskal Herrian. Horren erakusgarri dira azken urteetan egiten ari diren Elektrotxarangen Topaketak.

Skandaluek bihar arratsaldean joko du azkenengoz, sortu zen herrian, sortu zen egunaren urtemugan. Taldekideek diotenez, “aspertu arte disfrutatzen” saiatuko dira. “Betiko filosofiarekin” ariko dira: “Ez dugu jakiten zehazki noiz hasiko garen, eta, are gutxiago, noiz bukatuko dugun. Hasitakoan ez diogu orduari begiratzen, kontua galtzen dugu”. Dena den, biharkoari begira, “sentipen nahasiak” dituztela diote. “Izugarrizko gogoz gaude jotzeko, baina pena pixka bat ere badugu, uztera goazelako”, azaldu du Zalduak. Ibarzabalek dio “lasaitua” ere hartuko dutela: “Ikusiko dugu hemendik hilabete batzuetara zer sentitzen dugun. Bueltatzeko aukera beti egongo da hor, ez dago jakiterik. Baina gogoz gelditzea ez da txarra, nazkatuta bukatzea baino hobe da”. Eta hori izan da Skandalueren ibilbidea bukatzea erabaki izanaren arrazoi nagusia. “Sei urte dira, eta bakoitzaren bizitzak bide desberdina hartu du, lehentasun desberdinak ditugu. Haserretu baino lehen lagatzea erdietsi genuen”, dio Murillok.

Sei urte hauek denetarik eman diete musikariei, tartean “istoriotxo asko”. “Toki ugari ezagutzeko modua izan dugu, jendea ezagutzekoa, geure artean harremanak egiteko parada… Konpartitu dugu guztia aldamenean genuenarekin. Eta azpimarratuko nuke jendearekin egindako harremana”, dio Murillok. Zeberioren aburuz, merezi izan du Skandalueko kide izatea, bizi izandakoagatik eta jendeagatik: “Kontzertuak baino askoz gehiago izan da elektrotxaranga, eta terapeutikoa ere izan da zentzu askotan. Denoi desberdina eman digu, baina ederra izan da”.

Mito bat desegiteko ere balio izan die ibiliak: “Azpeitia herri zozoa dela esaten da, baina ez dela hala ikusi eta egiaztatu dugu. Jada ezin dugu horrelakorik esan”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.