[Museora] Ekainberri. Haitzulora, koban sartu gabe

Eider Goenaga Lizaso

Ekaingo kobazuloa (Deba) 1969an aurkitu zuten Azpeitiko Antxieta espeleologia taldeko kideek. Labar artearen adibide esanguratsuena da Euskal Herrian; ondo babestu beharreko ondarea, beraz. Ekain aurkitu zuten garaian, ordea, labar artea zuten kobazulo asko publikoari irekitzeko joera nabarmena zen. “Milaka urtetan kobazuloa itxita eta hezetasun eta tenperatura zehatz batzuetan egoteak ahalbidetzen du hormetako margoak ondo mantentzea. Kobazuloa ireki eta jende saldoa sartzen hasteak, ordea, nabarmen aldatzen ditu baldintza horiek, eta publikoari irekitako kobazulo askotan margoak desagertu egin dira, edo, gutxienez, kalte handiak izan dituzte”, azaldu du Juanjo Aranburu Ekainberriko kudeatzaileak (Zarautz, 1973), Santimamiñeko (Kortezubi, Bizkaia) adibidea jarriz.

Goi Paleolitoko Madeleine aroko labar artea da Ekaingo ezaugarri nagusia, duela 14.500-10.000 urte inguru margotutakoa. Haitzuloan, gutxi gorabehera, 70 animalia irudi daude; 64 margotuak eta sei grabatuak. Zaldia da gehien ageri dena. Zaldi multzoa arte franko-kantabriarraren irudirik eder eta aberatsenetakoa da. Hartzak, oreinak, kapridoak… halakoak ere ikus daitezke Ekainen. Haitzuloa hainbat galeriatan banatzen da, eta jasotzen dituzten irudien arabera izendatu dira.

Beste kobazuloen esperientziak erakutsita, Ekaingo kobazuloa ez da inoiz bisitarientzako irekita egon, eta, ondorioz, han dagoen labar artea baldintza onetan mantendu ahal izan da orain arte. “Horri esker, gaur Ekainera joango bazina, aurkitu zen egunaren pareko egoeran aurkituko zenuke”. Baina halako aurkikuntza bat publikoari itxita edukitzeak bertan aurkitutakoaren zabalkundea eta ondarea ezagutaraztea galarazten zuela dio Aranburuk, eta horri erantzuten diola Ekainberrik.

Kobazuloaren erreplika da Ekainberri, eta hori ere besteen esperientziari erreparatuta eraiki zuten. “Lascaux [Frantzia] izan zen munduan eraikitako lehen erreplika, Altamirakoa [Espainia] izan zen bigarrena, eta hirugarrena, Ekainberri. Geroztik gehiago ere egin dira”. Lascaux eta Altamirako erreplikek nola funtzionatzen zuten ikusita erabaki zuten hemen ere gauza bera egitea, zabalkunderako tresna gisa erreplika bat egitea. Hainbat urtetako proiektu, lan eta gorabeheren ondoren, 2008an ireki zituen Ekainberrik ateak, Zestoan, Ekaingo kobazuloaren sarreratik 600 metrora.

“Gure erreplikak, baina, aurreko biekiko hainbat aurrerakuntza ekarri zituen. Haiengandik ikasi genuen, hobetzeko. Haietan, kobazuloko panelen erreplika hutsa egin zuten, koadro bat izango balitz bezala horma batean jarriz. Ekainberrin beste pauso bat eman eta zentzumenak ere sartu genituen ekuazioan. Azken finean, kobazulo batean sentitzen duzun hori sentitzea: iluntasuna, isiltasuna, hezetasuna, ura sartzea agertokiaren barruan…”. Kobazulo guztia errepikatzerik ez zegoenez, haren zati bat hartu zuten erreplikarako, baina bisitariak kobazulora sartzean sentituko lukeen hori sentitzea bilatu zuten.

Paleolitoan bizi

Beraz, kobaren erreplika hori da Ekainberriko harribitxia. Baina ez da bertan aurki daitekeen gauza bakarra. “Argi dagoena da Ekainberrik lortzen duela jendea koba barruan sentiaraztea, baina hasieratik ikusi genuen zentzumen bat falta zela: ukimena. Koba barrukoa, oso sentsoriala den arren, ezin da ukitu, eta hori Ekain Abentura delako jarduerarekin osatzen dugu”.

Kobaren erreplikaren bisita gidatua egin ondoren, Ekain Abenturan parte har dezake bisitariak, eta Paleolito garaian bizi ziren gizakien moduan bizi: sua haiek egiten zuten bezala egin —bai harriekin eta bai egurrekin—, orduan ehizatzen zuten moduan ehizatu, horma irudiak margotu, bitxiak egin…

Ekain Abenturan bisitari guztiek parte har dezakete, heldu zein ume, baina, Aranburuk azaldutakoaren arabera, Ekainberriko bisitari berezienak ikastetxeetako ikasleak dira. “Ikastetxeentzako programak zikloka eta haien curriculumari lotuta doaz: lehen gizakiak, margoak, artea… Beraz, gure publiko garrantzitsuenetako bat dira, eta gure jomuga nagusia, horien bidez egiten baita ondoen gure ondarearen zabalpena”.