“Etxeren batzuk eraikiko nituzke, herriko gazteak bertan geldi daitezen”

E. Bereziartua

Harri-jasotzaile ezaguna da Aimar Irigoien (Errezil, 1986). Orain Hondarribian bizi da, baina Errezilgo Irure Haundi baserrian jaio zen, eta bertan hasi zen 4 urterekin harria jasotzen, “jolas moduan”.

Aldatu al da Errezil zu haurra zinenetik?

Urtetik urtera gauzak aldatzen dira, baina ez nuke esango Errezil asko aldatu denik. Gauza batzuk berritu dituzte, eta herri giroa ere pixka bat hobetu da, baina asko ez da aldatu.

Zuk ezer aldatuko al zenuke?

Dagoen bezala ondo dagoela uste dut. Hala ere, gauzaren batzuk aldatuko nituzke. Esate baterako, bizitasun gehiago emango nioke herriari. Etxeren batzuk eraikiko nituzke, herriko gazteak bertan geldi daitezen. Gaur egun ez daude etxe asko herrian, eta gazteek alde egiten dute.

Ba al daukazu txoko berezirik herrian?

Norbere herrian leku asko izaten dira bereziak. Neure etxea, soziedadea eta herriko giroa aipatuko nituzke.

Nolatan hasi zinen harri-jasotzen?

4 urterekin hasi nintzen. Txiki-txikitatik izan nuen harri-jasotzea inguruan. Gure aitona zena ibiltzen zen, eta aita ere aritu izan zen. Aitonak egurrezko molde bat ekarri zidan, eta harekin hasi nintzen jolas moduan. Ondoren, aitonaren jaioterrian erakustaldia egin nuen, eta, hortik aurrera, beste herrietara joateko deitu zidaten. Nahigabe egindako zerbait izan da.

Herriak eraginik izan al du zaletasun horretan?

Familiaren eragina izan da gehiena, baina, herri txikia izanik, jendeak hasieratik babestu nau. Gainera, ezagutu ere gehiago egiten ninduten. Herriko jendeak bultzada handia eman dit.

Hondarribian bizi zara orain. Han zaudenean herriko ezeren falta sentitzen al duzu?

Herri giroa desberdina da. Soziedadeko giroaren eta lagunarteko saltsaren falta sumatzen dut gehien. Hala ere, hastean bitan-edo joaten naiz Errezilera.

Errezildarra izango ez bazina, nongoa izango zinateke?

Ez dut inoiz horretan pentsatu, baina inguruan badaude herri txiki polit asko: Bedaio, Aia, Berastegi, Aduna… Ez dakit zein aukeratuko nukeen, baina horietan ondo moldatuko nintzateke.

Leave a Reply

Your email address will not be published.