Sortu bezala, desagertu

Rebeka Calvo

Kasino elkarteak duela zazpi urte erabaki zuen garai bateko Aste Mikologikoa berreskuratzea, eta ordutik ez du huts egin. Urriro mikologia herritarrengana gerturatzeko ekitaldiak antolatu ditu. Urtez urte ekitaldi berriren bat erantsi diote egitarauari, eta, aurtengoan, gazteekin du zerikusia; izan ere, Mikologika gaztetu beharraz ohartuta, horiei begira Txanpi On Fest egingo dute. Garai honetan loratzen diren txanpiñoiei ongietorria egiteko festa izatea da asmoa, eta gaur bertan izango da, Berdura plazan, 18:30etik aurrera.

Mikologika antolatzen hasi zirenean sartu zen Juan Urretabizkaia Kasino elkartean. Mikologiari eskainitako festa antolatzen ibili da urte hauetan, eta aurten bereziki Txanpi On Fest prestatzeko lanetan ibili da buru-belarri. Ekitaldiaren helburua gazteak erakartzea dela esan du. “Nik neuk lekuz kanpo ikusten nuen neure burua. Ikusten nuen Mikologikak ez zuela ezer eskaintzen gure adinekoentzat. Txuletaren Festan gazteentzako Zizka-Mizka Koxka gunea jarri zen, Bixigu Azokan Zizka-Mizka Boga… eta, horien harira, guk ere gure festan gazteak parte egingo zituen zerbait egin nahi genuen”.

Pentsatu, eta egin. Buruari eragin eta gero, Europako hainbat hiriburutan egiten diren moduko ekitaldiren bat egitea erabaki zuten. “Ohiko festa bat izan beharrean, barra bat jarri eta pintxo batzuk eskainiz, esaterako, beste zerbait eskainiko duen gunea izatea nahi dugu. Erabaki ausartagoa da, lan handia eskatzen du… Sortuko dugun espaziora joaten denak beste leku batean dagoela sentitzea nahi dugu. Horretarako, Pop Up espazio bat planteatu dugu; hau da, aldaeraz eta izatez aldatzen den espazio bat sortuko dugu; ekintza zehatz baterako aldatzen den espazioa da, eta epe muga bat dauka”.

Berdura plazan kokatuko dute espazio berri hori, Alde Zaharraren bihotzean, Kale Nagusiaren ondoan. Hain zuzen, duela urte batzuk “gaztetu” den kalea da, eta, orain, Artekale izenez ere ezagutzen dute herritarrek. “Kale Nagusiak duen indarrarengatik aukeratu dugu Berdura plaza; gunea Alde Zaharrean nahi genuen, argi eta garbi. Kale Nagusia, Artekalea, gaztetu den kale bat da, eta, guk ere Mikologika gaztetu nahi dugunez, plaza egokia dela ikusi dugu. Lotura ona dauka, eta justu Berdura plazak Kale Nagusira ematen du. Sortuko dugun gunea plaza bat, elkargune bat izatea nahi dugu, eta, bide batez, Artekaleari ez duen plaza eskainiko diogu. Guneak, gainera, artearekin izango du zerikusia, urbanoarekin, koloreekin…”. Gaur arratsaldean Berdura plazara joaten direnek, hortaz, espazio desberdin batekin egingo dute topo: “Plaza koloretsu bat aurkituko dute, eta gure nahia espazioa jendeak betetzea da; gazteek emango diote nortasuna plazari”.

Giro “informal eta gaztea” osatuko dute, beraz, Alde Zaharraren erdi-erdian, eta gazteek espazioari ematen dioten nortasuna ikusteko badago ere, lagungarriak izango dituzte. Hiru food truck egongo dira —janari zein edaria kalean saltzen dituzten furgonetak—. Batean, Astoria 7ko bi koktelgile egongo dira; beste batean, zerbeza kuboak salduko dituzte bost euroan, beste hainbat edarirekin batera; eta, azkenik, jatekoa egongo da: krepe gozo eta gaziak egongo dira aukeran. Gaziak shiitake eta txanpiñoiez beteko dituzte.

Musika ere egongo da. Kute DJ tolosarrak lagunduko du txanpiñoiei ongietorria emateko festa girotzen. VII. Mikologika joan den asteartean hasi zen, eta bihar amaituko da. Gaur, Txanpi On Fest ekitaldiaz gain, elkarteen arteko pintxo lehiaketa egingo dute Zerkausian. Bihar, Mikologika Azoka egongo da Trianguloan, eta baita amaierako afaria ere. Mikologika Azokan Tolosaldeko zein Goierriko hainbat jatetxetako sukaldariek parte hartzen dute. Perretxikoekin pintxoak egiten dituzte, eta euro baten truke dasta daitezke. Aurtengo beste berrikuntzetako batek pintxo horiekin du zerikusia: “Pintxoak dastatzeko txartela erosten dutenek bi zati dituela ikusiko dute. Zati batekin pintxoa ordainduko dute, eta bestearekin zozketa batean parte hartuko dute. Datuak jarri, kutxa batean sartu, eta, irabaziz gero, mikologia otar bat eskuratu ahal izango dute”.

Urretabizkaiak, Txanpi On Fest-en antolakuntzan ez ezik, bestelako ekitaldien antolakuntzan ere parte hartu du zazpi urte hauetan, eta txertatutako berrikuntzez ere hitz egin du. “Dena joan da bere garrantzia eta lekua hartzen. Urtero berrikuntzaren bat sartu nahi izan dugu, eta, funtzionatu dutenez, geratu egin dira; hala, geroz eta egitarau osatu eta luzeagoa egin dugu. Udalaren laguntza ere nabarmena izan da. Azokaren maila hartzen ari den festa bat dela ikusi baitu”.