“Askok dudan jartzen zuten euskarak karrera bat egiteko balio ote zuen”

E. Goenaga Lizaso

Irakasle Eskolan 1986an hasi zen irakasle. Fakultateak 40 urte egin dituen urte berean, 30 urte bete ditu lanean Iñigo Ramirez de Okarizek (Antzuola, 1959). Urteurrenaren harira, Huheziri buruzko lan mardula egin du, eta 40 urtean euskal gizartean eragiten. Irakasle Eskola-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (Huhezi) liburua kaleratu du.

Huhezi fakultate berezia dela dio liburuaren hitzaurreak. Zerk egiten du berezi?

Arrazoi asko daude, baina nik hiru aipatuko ditut. Lehena, egitura juridikoa bera. Irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat gara, baina, aldi berean, euskal gizartearentzako zerbitzu publiko bat ere bai; eta gizartearen premiei erantzuten saiatu gara 40 urtean. Bestetik, kokapenak egiten gaitu berezi. Hiriburu batean egon beharrean, fakultatea Eskoriatzan dago, Debagoienean. Ez da ohikoena. Baina, kokapen geografikoari begiratuta, erdigunean gaude; Gipuzkoan egon arren, Bizkai eta Araba oso hurbil ditugu, eta Nafarroa ere bai. Hirugarrena hizkuntza litzateke. Eskoletan ez ezik, gure kudeaketa esparru guztietan euskaraz funtzionatzen dugula.

Uler liteke Huhezi Debagoienetik kanpo?

Badago oinarri bat fakultatea hemen kokatzeko. Debagoienean sortu, garatu eta indartu zen kooperatiben mugimendua, eta mugimendu horrek itzelezko garrantzia eman zion hezkuntza esparruari; beraz, ez da kasualitatea hezkuntza kooperatibak hemen sortzea. Irakasle Eskolaren aurretik, martxan ziren jada Eskola Politeknikoa, Arrasaten, eta Enpresa Zientzien fakultatea, Oñatin. Triangeluan hirugarren erpina gara gu. 1997tik Mondragon Unibertsitateak [MU] batzen gaitu.

Hutsune handi bati erantzuteko sortu zen Irakasle Eskola…

Baldintza oso bereziak ziren. Ikastolen mugimendua gero eta sendoagoa zen, baina euskaraz zekiten irakasleen premia gero eta handiagoa zen, eta gu premia hori asetzeko sortu ginen. Frankismo ondorenean jartzen gara, eta euskararen eta euskal kulturaren egoera tamalgarria zen. Ikastolak lan bikaina ari ziren egiten, baina bazegoen irakasle premia bat. Esanguratsua da ikastoletan ari ziren 683 irakaslek lortu zutela titulu ofiziala gurekin.

1976an zein zen euskararen egoera unibertsitate munduan?

Hutsaren hurrena. Askok dudan jartzen zuten euskarak balio ote zuen, corpus nahikoa izango zuen karrera bat egin ahal izateko. Denborak baietz erakutsi du.

40 urteren ondoren, Huhezik euskara hutsean funtzionatzen jarraitzen du. Inoiz izan al da horri buruzko zalantzarik?

Ez, sekula ez. Gure jatorriarekin eta gure garai bateko hizkuntza konpromisoarekin bat egiten jakin dugula esango nuke. Sortzeko arrazoiak euskara eta euskal kulturaren sustapena eta transmisioa izan ziren, eta egun ere ez dugu zalantzarik etorkizuneko bidea hori dela.

1997an, MU sortu eta goranzko bidea hasi zuen Huhezik, bai eskaintzan eta bai ikasle kopuruan. Inflexio puntua izan zen?

Bai, hala da. 1997an MU sortu zen, eta aterki horren pean sartu ginen gu ere. Aurreko egoera oso gorabeheratsua izan zen, oparoagoa batzuetan, eta krisiak joa besteetan. MUrekin gure posizioa indartu genuen, fakultate izaera lortu genuen, eta horrek lehen ez genituen eskumenak eman zizkigun —besteak beste, gradu berriak eta graduondoak sortzeko—. Beraz, hor egonkortasun bat lortu genuen, eta egun esan dezakegu fakultatearen egoera ona dela, indartsu gaudela.

Baina, graduak gradu eta graduondoak graduondo, niretzat ezinbestekoa izan da eta izango da hasierako apustu horri, balio kooperatiboen sustapenari eustea. Aurrera begiratu behar dugu, garai berrietara egokitzeko etengabeko lana da gurea, baina egindako bidea ahaztu gabe, eta gure gizartearen errealitate politiko eta sozioekonomikoari erreparatuta, beti egin dugun legez.