Lanerantz, esaneko baina errudun

Leire Narbaiza

Lanerantz irten gara. Aurretik egun luzea daukagu, ordutegi zoroari esker. Lan egin behar dugu bizi behar garelako, dirua ezinbestekoa zaigulako irauteko. Era berean, umeak ekarri behar direla esaten digute, etengabe. Emakumeko X haur behar dela gure gizarteari eusteko. Beste ardura bat gehiago andrazkoon bizkarrean. Seme-alabak ekarri, ederto. Hazi, ostera, zelan egin lan ordutegi infinitu hauekin?

Lanerantz irten gara. Esan ziguten lanagatik edozer egin behar genuela, lanpostua zegoen lekura joan behar zela, kosta ahala kosta beharrari eusteko. Harantz goaz, kilometroak eta kilometroak egin hara iristeko. Lan jardun eternala gutxi ez balitz, gehitu behar diogu bidean ematen dugun denbora. Automobilean joaten gara, garraio publikoan ezinezkoa delako: ez dagoelako, edo, egonda ere, bertan emandako denbora lotarako denborari ostu beharko geniokeelako. Horregatik egiten gaituzte aldaketa klimatiko eta kutsaduraren errudun. Kontzientziabako erosozale fama ere ezarri digute.

Lanerantz irten gara. Horretarako automobila erosi behar izan dugu, dakarren gastu eta arrisku guztiekin. Kexatu egiten gara xahutu beharreko dirutzagatik. Horren aurrean, auto ofizialean doazenek errieta egiten digute: uste badugu autobidearen kostua handiegia dela, har dezakegula errepide nazionala. Trajedun horiek errepide hori egunero erabiltzen ez duten seinale.

Lanerantz irten gara. Jakin badakigu osasuna galtzen gabiltzala auto-ilaretan eta istripuetan. Nerbioak galduta aparkatu ezinda ibiltzen gara, tentsio etengabean. Esaten digute garajea erosi edo alokatzeko, denon esku balego moduan aparkalekua ordaintzea. Aparkatzea ere, dirudunen mesede.

Lanerantz irten gara. Patronaleko arduradun ahoberoak esan digu ez dakiela denondako beharrik egongo den, gaztelaniazko maskulino plurala erabilita: para todos. Femenino pluralarendako, lanik ez. Gizonek lanposturik ez edukitzearen errudunak ere bagara etxetik kanpora lan ordainduan gabiltzan andreak.

Lanerantz irten gara, dirua kobratzeko asmotan. Gastatzeko esan ziguten, gure eskubidea zela, eta ekonomia indartuko genuela. Guk, esan eta egin. Orain ere, errudun bihurtu gaituzte, gure posibilitateen gainetik bizi izan garelako, maila sozial horretakoak ez ginenez, larregi gastatu, eta krisi ekonomikoa geuk sortu dugula.

Lanerantz irten gara, eta solidarioak izateko eskatu digute. Baina solidaritate bakarra gurea izan da, inortxok ere ez duelako elkartasun keinurik ere egin gurekiko. Zerbaiti ezetz esanez gero, gu gara errudunak.

Lanerantz irten gara. Eredu neoliberalak egin du ondoen dakiena egiten: errudunak aurkitu. Eta beti gara gu, norbanakook: umerik ez dugulako, kutsatzen dugulako, arazoak eragiten ditugulako errepideetan, emakumeok dagokigun lekuan egoten ez dakigulako, solidarioak ez garelako, krisia sortu dugulako. Errudunak norbanakoak, lanerantz irteten garenok. Sistemak, ordea, ez dio inoiz errurik egozten sistemari. Eta errudunak beti izango gara errudun, egiten duguna egiten dugula; kontrakoa egiten badugu ere. Neoliberalismoak norbanakoa kulpadun bihurtu du statu quo-ak bere horretan jarrai dezan.

Eta guk lan egin besterik ez genuen nahi…

Leave a Reply

Your email address will not be published.