Mugikortasun bideak, gorrian

Mugikortasun bideak, gorrian

Eider Goenaga Lizaso

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017rako aurrekontuen proiektua aurkeztu du, atalez atal. Eta horietako bat Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa sailarena da. 59,8 milioi euroko aurrekontua du sail horrek, guztira, eta horietatik 2,3 milioi euro bizikletaren sustapenera eta oinezko zein bizikletentzako bidegorri sarera joango dira. Marisol Garmendia diputatuak agerraldian esan zuenez, bidegorri sarea garatzen jarraituko du 2017an foru aldundiak. Besteak beste, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldea lotzen dituen Ederbidea bidegorria da hurrengo urtean martxan jarriko duten obretako bat. Baina, egitasmoak egitasmo, bizikleta erabiltzaile asko ez daude gustura foru aldundia egiten ari denarekin. Horren adibide da joan den astean Kalapie taldeak plazaratutako salaketa. Bertan adierazitakoaren arabera, foru aldundia urtez urte murrizten ari da bidegorriak eraikitzeko diru saila, eta horrekin 2013an onartutako Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasotakoa urratzen ari da.

Kalapie taldearen arabera, “plana zortzi urtetan eta urteko hamalau milioi euroren inbertsioekin gauzatzeko konpromisoa hartu zuen” foru aldundiak 2013an, eta aurten onartutako diru saila oso urrun dago adostutakotik. “Horrela bete nahi al ditugu Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak aho batez onartutako helburuak? Hau bai iruzurra!”, dio Kalapiek kaleratutako oharrak.

Gipuzkoan 439 kilometroko bidegorri sarea osatzea jasotzen zuen planak; horietako 165 eraikita zeuden 2013rako, eta 274 kilometro gelditzen ziren egiteko —76 herri barnekoak, eta 198 herri artekoak—. Mugikortasun departamentuak sortutako Gipuzkoabizikletaz.eus webgunean jasotzen duenez, ordea, gaur egun 238 kilometro gelditzen dira egiteko, eta 294 kilometro daude eginda. Guztira, 532 kilometroko sarea osatuko litzateke: planean jasotakoa baino 93 kilometro gehiago. Izan ere, 2013tik planean onartuta zeuden 42 kilometro egin dira, eta beste 87 kilometro planean aurreikusi gabeak.

Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa departamentuko arduradunekin kontaktuan jarri da Hitza, murrizketaren eta planean onartutakoa ez betetzearen inguruan azalpenak eskatzeko. Agenda arazoak tarteko, diputatuarekin hitz egitea ezinezkoa izan da; baina aurrekontu proiektuan bertan onartzen da ez direla aurreikusitako inbertsioak betetzen ari: “Batzar Nagusiek 2013ko ekainaren 10ean onartu zuten 2/2013 Foru Araua, eta bertan Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurraldearen Arloko Plana onartu zen. Gipuzkoako bizikleta bideen sarea lau urteko bi alditan egitea aurreikusten du. Orain arte, aurrekontu baliabideek hasieran aurreikusitako inbertsio erritmoa baino txikiagoa izan dute”. Kalapiek emandako datuen arabera, foru aldundiak bizikletaren erabilera sustatu eta bide gorriak eraikitzeko onartutako diru sailek soilik 2009an gainditu zuten 14 milioi euroko langa. 2010 eta 2013 artean 8 milioi eurotik gorako inbertsioak egin ziren; baina plana onartu ondorengo aurrekontu guztietan, 6 milioi eurotik beherakoak izan dira. Jaitsiera nabarmenena 2016ko aurrekontuetan eman zen: 2,42 miloi euroko saila onartu zen bidegorriak egiteko, eta aurten are gehiago murriztu dute sail hori aurrekontu proiektuan.

Konpromisoak bete

“Guk esaten duguna da egin zela plan estrategiko bat eta plan horretan jasotako konpromisoak bete egin behar direla; orduan hitzartu ziren aurrekontuekin, planifikatutako inbertsioekin… Baina ikusten ari gara urteak pasatzen ari direla eta aurrekontu hori gero eta txikiagoa dela”, azaldu dio Hitza-ri Gorka Hoyos Kalapie taldeko lehendakariak. Hoyosek azaldutakoaren arabera, 2013an Bizikletaren Kontseiluak taxutu zuen Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektoriala, eta Kalapie ere izan zen kontseiluko kideen artean. Gaur egun, baina, ez dute inolako azalpenik jaso aurreikusitako inbertsioak gutxitzeari buruz. “Nire ustez, arazoa ez da diru falta; diruen banaketan dago koska. Errepide bat egitea bidegorri bat baino askoz ere garestiagoa da, eta errepideak etengabe egiten dira. Eta bizikletaren erabilera sustatu behar bada, horrek aurrekontuetan isla izan behar du”.

Ildo horretan, bizikleta garraiobide gisa sustatzeari dagokionez, alde handia ikusten du Kalapie elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiak esaten duenaren eta egiten duenaren artean. “Kontraste handi bat dago diputazioak egiten duen propagandaren eta benetan egiten duenaren artean; ematen du bizikleta sustatzeko lan handia egiten dutela, hedabideetan-eta agertzen dira diskurtso horrekin… Baina, gero, errealitatea beste bat da”. Bizikleta sustatzea ingurumen kontu bat baino gehiago dela nabarmendu du, halaber, Hoyosek. “Ingurumenari dagokiona bai, bada puntu inportante bat. Baina gure ikuspegia gehiago da mugikortasunari dagokiona. Alegia, egunerokoan erabiltzeko ibilgailua dela bizikleta, eta hori sustatu behar dugula”.

Hala, bidegorri sarean egitekorik handiena herri arteko bideak egitea dela azpimarratu du Kalapieko lehendakariak. “Hiri barnean, eta batez ere Donostiaz ari naiz, ondo samar gaudela uste dut; bidegorri sarea osatuta dago ia, eta gauza batzuk falta diren arren, eta hobetzeko gauzak dauden arren, ez dut uste kexatzeko moduan gaudenik. Donostia, estatuko beste hiriburuekin alderatuta, oso aurreratuta dago”. Herri arteko komunikazioei dagokienez, berriz, egoera oso bestelakoa dela dio, asko gelditzen dela egiteko. “Gipuzkoan herri asko elkarrengandik oso gertu daude, eta ezinbestekoa da horien artean komunikazio on bat edukitzea, bizikleta sustatu nahi bada. Herri batetik bestera, askotan, 4-5 kilometro daude, eta hori bizikletaz egin ahal izatea garrantzitsua da. Hor daukagu egiteko handiena”.

Lapurditik sartu eta Bizkaia bitarteko bidean, adibidez, hutsune handiak ikusten ditu Hoyosek. Irundik Errenteriara ez dago bizikletentzako biderik, ezta Donostiatik Zarautz aldera eta Zarauztik aurrera ere. “Herrietan bai, baina herrien artean ez dago ia ezer”. Tolosaldean eta Goierrin ere eginak daude bide asko. Azpeitia-Azkoitia inguruan, eta handik Zumarraga aldera ere badaude bideak, eta baita Debagoieneko batzuk ere. Baina Debatik Eibarrera eta Eibartik Bergarara ere oso gutxi dago eginda. “Mugikortasunean aurrera egin behar bada, komunikazio bide horiek behar-beharrezkoak dira. Ondo dago bizikletaren sustapenerako kanpainak egitea, baina kanpaina horiek bizikletentzako bideekin osatu behar dira”.

Gipuzkoan jarduten duen beste talde bat Gurpil Artea da. Oiartzualdeko txirrindulari eta irristalarien elkarteak, baina, ez zuen 2013ko planaren lanketan parte hartu, ondoren sortutakoa baita. “Egia esan behar badizut, guk ez diogu plan horri askorik erreparatu. Ez dugu plana aztertu, eta, ondorioz, ez dakigu bertan jasotakoa bete den edo ez”, azaldu du Aitor Vidal Gurpil Arteko kideak. “Dena den, gu ez gara bidegorriak besterik gabe eta kilometro gehiago edukitzeagatik egitearen aldekoak. Izan ere, ematen du asfalto gorria botatze hutsagatik bidegorri bat daukagula, eta ez dakit zenbat kilometrotan asfalto gorria botatzen bada, plana egina dagoela eta denak pozik gaudela. Eta guk ez dugu irakurketa hori konpartitzen”, azaldu du.

Oiartzualdean duten esperientziari erreparatu dio Vidalek, horri buruzko azalpenak emateko. “Nik ez dakit nola planifikatu diren bidegorri hauek, ez dakit asfalto gorria sobera zegoen eta bertan botatzea erabaki duten, baina askotan zentzurik, interesik eta elkarrenganako loturarik gabeko bideak egin dira. Eta horregatik esaten dut kontua ez dela bidegorriak egitea, bidegorriak egite hutsagatik”.

Hori dela-eta, bidegorriak planifikatu eta egiten direnean, bizikleta benetako garraiobide gisa hartzen den auzitan jarri du Vidalek. “Bizikleta ulertzen da kirola egiteko, familian txango bat egiteko, aisialdirako, umeak ibiltzeko… Ez da ulertzen bizikleta garraiobide alternatibo gisa, eta, mugikortasunaz hitz egin behar badugu, horrela ulertu beharko litzateke”. Bidegorriak aisiarako egitearen kontra ez daudela argitu du, hala ere, Vidalek; baina kontzeptuak ezberdinak direla, eta bidegorriak egiteko modua aldatu egiten dela bizikleta ulertzeko moduaren arabera.

Adibide pare batekin azaldu du Gurpil Arteko kideek duten kezka. “Donostian, adibidez, bidegorria Kursaaleko zubitik pasatzen da, eta baita Kontxako pasealekutik ere. Hor, bidegorrian, oinezkoak, paseatzera irtendako erretiratu taldeak, korrikalariak, irristalariak, umearen kotxearekin doazen gurasoak… denak biltzen dira. Presarik gabe bazoaz, ez dago gaizki, ez da oso erosoa, baina tira… Baina, lanera bazoaz, bidegorri hori ez da eraginkorra, ez dizu balio”.

Bestalde, Errenteriatik Donostiara maiz joaten dela azaldu du Vidalek. “Puska batzuetan bidegorritik joaten naiz, baina beste batzuetan errepidea hartzen dut. Izan ere, bidegorriak, Intxaurrondon, parke edo berdegune handi bat igarotzen du erditik. Hor jendea lasai ibiltzen da, umeak dabiltza jolasean, eta niri oso ondo iruditzen zait bidegorri bat hortik pasatzea, aisialdirako bide bezala, baina, lanera edo enkargutara bazoaz, ez duzu denbora galdu nahi, ez duzu ginkana bat egin nahi”.

Hiri eta herri barneko bidegorrietan, askotan, oinezkoen eta bizikleten arteko talka sortzen dela nabarmendu du, halaber, Vidalek. “Tokia falta da, eta denek toki beretik joan behar dute, baina erritmoak oso ezberdinak dira. Eta talkak, izatekotan, ibilgailuen eta bizikleten artekoa izan beharko luke. Mugikortasunean irabazi behar bada, bizikletak irabazi behar duen espazioa ez da espaloia, errepidea baizik”. Ildo horretan, bizikletak ibilgailuekin batera zirkulatzearen alde agertu da Gurpil Arteko kidea. “Logikoagoa da, eta ez da zertan dirutza handia gastatu. Askotan nahikoa da abiadura mugak zorroztea, bideak estutzea eta bizikletentzako marra bat marraztea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.