[Herri herri] Getaria. Pil-pilean, herri giroari eutsiz

[Herri herri] Getaria. Pil-pilean, herri giroari eutsiz

Eider Bereziartua

Urola Kostako herri arrantzalea da Getaria. Zarautz eta Zumaia artean dago kokatuta, eta Juan Sebastian Elkano munduari bira osoa eman zion lehen itsasgizonaren jaioterria da. 2.840 biztanleko udalerri txikia da, baina, hango gastronomiari eta txakolinari esker, nazioartean ezaguna da.

“Txikia izanagatik, herri bizia da Getaria”, dio Nika Lertxundi alkateak (Aia, 1969). Kokapenari dagokionez eta dituen baliabideei esker “herri aberatsa” dela azpimarratu du. “Lehen sektore indartsua dauka bi eremutan: itsasoa, arrantza dela eta; eta landa eremua, txakolina dela eta. Turismoari dagokionez, ostalaritza oso ahaltsua dago herrian, eta, industria hain emankorra ez izan arren, baditu fabrika indartsu batzuk. Lan mundua nahiko dibertsifikatuta daukagu, eta, horri esker, langabezia tasa oso baxua da herrian. Oso gune berezian bizi gara”.

Hala ere, turismoak geroz eta indar handiagoa du. “Egunero jende asko etortzen zaigu; beti pil-pilean dagoen herria da. Arrazoi desberdinengatik iristen dira bisitariak: gastronomia eskaintza ospetsua daukagulako, txakolinaren mundua dela-eta, kultur eskaintzari esker, Balentziaga museoa eta Salbatore parrokia ikustera, hondartzez gozatzera… Asko dauka eskaintzeko herriak”, dio Lertxundik. Baina, haren iritziz, herriaren helburua ez da zerbitzuak eskaintzea, etorritako bisitariak “gustura” itzultzea baizik. Gainera, herriak beste “aberastasun bat” ere badu: “Herri euskalduna da, eta herri nortasun handia dauka; hori ez da galdu. Ez gara beste inor baino hobeak, baina harro gaude gure sentimenduarekin. Herri giro hori ere eskaintzen diegu etortzen direnei. Balio erantsia da hori”.

Bisitari kopuru handiak baditu alde txarrak ere: “Zenbait momentutan horren kudeaketa ez da erraza izaten. Ez autoei dagokienez bakarrik, oinezko gehiegi egoteak ere oso egoera zailak sortzen dizkigu”. Horregatik, mugikortasunari garrantzi handia ematen dio Getariako Udalak. “Herriaren egitura zaila da, baina beti saiatzen gara mugikortasuna bermatzen. Esate baterako, orain espaloiak zabaltzen ari gara. Horrez gain, inbertsioak egin ditugu udal aretoetan, herri bideetan, turismo bulegoan…”, azaldu du.

Lertxundiren esanetan, hobekuntzak egiteko orduan udalak lanketak egiten ditu beharrak non dauden ikusteko, eta gero, “pixkanaka”, behar horiei erantzuten saiatzen da. “Beharrei pixkanaka erantzunez joaten gara. Ez dugu kolpera zerbait aldatzen, gero erabilerarik ez izateko”. Horren harira eta beharrei erantzunez, esate baterako, aldaketa txikiak egin dituzte liburutegian azken urteetan, eta aurten “esfortzu berezia” egingo dute bertan: “Egindako aldaketei esker asko bizitu da liburutegia”.

Gainera, Internet landa eremu guztietara iristeko ahalegina ere egiten ari dira. “Gaur egunean Internet ezinbesteko tresna da, eta edozeinek erabiltzeko aukera izatea bermatzeko wifi sistema bat ari gara garatzen”.

Horrez guztiaz gain, orain martxan daukaten obrarik handiena uren desbideratzea dela azaldu du alkateak: “Nahiz eta lur azpiko obra izan, izugarrizko garrantzia dauka herriarentzat. Horrekin bermatuko dugu itsasora doazen ur garbiak zuzenean joatea hara, eta zikinak garbituta bideratzea”.

Aurrera begira, Lertxundik argi dauka moilaren inguruan hausnarketa bat egin beharko dutela; moilaren berrikuntza “ezinbestekoa” dela uste du. “Mugimendu handiko tokia da, baina gune asko erabat zaharkituta gelditu dira. Hausnarketa bat egin behar dugu etorkizunean eremu horretan zer nahi dugun jakiteko, eta, horren arabera, moila pixkanaka-pixkanaka berritu behar dugu”.

Haren hitzetan, horretarako aukera ezin hobea da Elkanoren bidaiaren urteurrena. Hain zuzen ere, 2019an bosgarren mendeurrena izango da Elkanok bidaia hasi zuenetik. Hiru urte behar izan zituen munduari itzulia egiteko, eta beste horrenbeste iraungo du proiektuak ere. Horretarako, “egitarau oparoa” prestatu nahi du udalak. “Aurreko urteetan ere gauza asko egin izan dira. Orain, udalaren eta gainontzeko instituzioen erronka da nola asmatu edo aprobetxatu efemeride hori egitasmoak gauzatzeko”.

Donostia 2016 baino egitarau zabalagoa izan beharko lukeela uste du Lertxundik: “Elkano Getariakoa, eskualdekoa, Gipuzkoakoa eta Euskal Herrikoa zen. Bakoitzak bere arloan edo bere ikuspuntutik jorratu beharko du gaia”. Hori prestatzeko instituzioak lanketak egiten hasiak direla azaldu du, eta “guztiak ikuspegi berarekin eta batera aritzeko asmoarekin” ari direla esan du.

Leave a Reply

Your email address will not be published.