Plazak geratzen dira oraindik

Plazak geratzen dira oraindik

Maite Alustiza

Hamaikagarrenez, kultura eta politika garaikidearen adierazpenak ikuspegi feminista batetik lantzen dihardu Feministaldiak. Aurtengoak helburu konkretuago bat ere badauka: plaza hartzea, “historikoki emakume zein beste gorputz disidenteei ukatutako gunea izan delako”. Astelehenaz geroztik, Tabakaleran egiten ari dira kultura feministaren jaialdia, eta igandera bitarte beste zenbait ekintza egingo dituzte, #Plaza leloaren bueltan. Plazandreok Emakumeen Plataforma Politikoak antolatu du jaialdia, Donostia 2016ren eta Tabakaleraren kolaborazioarekin —Emakundek eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere lagundu dute—.

Plaza “agentzia eta ahalmen leku gisa” ulertzen dute: “Eraldaketarako eta aukeraz betetako leku gisa, bertara salto egiteko, hitza hartzeko, egunez zein gauez hartzeko leku gisa, plaza segurua, plaza politikoa”. Iaz hasitako bideari jarraipena emanez, aurten ere hezkuntzari eskainitako atalarekin ekin diote jaialdiari: irakasleei begira, feminismoen eta tratu onen onurak jorratu dituzte, baita LGTBIfobiaren prebentzioa nerabezaroan ere. Bi tailerrak bete egin ziren. Beste hainbat gai ere landu dituzte: ekonomia feminista, estatugintza feminista…

Asteburuari begira, gonbidatuen artean Christina Rosenvingeren parte hartzea nabarmendu dute antolatzaileek. Abeslari espainiarrak saio bikoitza egingo du bihar: hitzaldia emango du arratsaldean, eta kontzertua gauean, Guardetxean. Arratsaldeko saioan Bartzelonako Bulbasaur fanzine feministaz ariko da. Iaz fanzine horretan egin zioten elkarrizketan, musikaz ez ezik, eguneroko kontuez ere hitz egin zuen; amatasunaz, adibidez: “Ama guztiak bezala, frustratuta eta errudun sentitzen naiz. Inork ez du alde ilunaz hitz egiten; hori kontatzen baduzu, badirudi ez dituzula zure seme-alabak maite. Bien bitartean, maitagarrien ipuinak hedabideetan jarraitzen du, gehienbat publiko femeninoari begira egiten direnetan”.

Feministaldia Tabakaleran egiten duten bigarren urtea da, eta jaialdiko egitarauan kultur zentroaren eskaintza txertatu dute. Ezinezko zinema baten alde, dokumentala eta abangoardia Kuban (1959-1972) martxan dago azarotik Tabakaleran, eta emakumeei eskainitako saioa hartuko du Feministaldiak igande arratsaldean. Lau ikus-entzunezkoren bitartez ezagutu ahal izango dira 1962-1963 urteetako Kuba, iraultzaren garaiko emakumearen egoera, Santiagoko lekuak eta herrialdeko musika. Michael Chanan da zikloaren komisarioa, eta Tabakalerarekin batera Madrilgo Reina Sofia museoa eta Kubako Zinemateka aritu dira elkarlanean.

Euskal Herriko ikus-entzunezkoak ere izango dira. Bihar emango dute Iratxe Fresneda EHUko irakaslearen Irrintziaren oihartzunak dokumentala. Fresnedak Mirentxu Loiarte zinemagile iruindarraren figura ekarri du gogora lan horretan. Iraupen ertaineko film bat eta dokumental bat egin zituen Loiartek; “emakume ausarta eta nortasun berezikoa” zela dio Fresnedak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.