Tratu onak, gizarte hobea eraikitzeko

Tratu onak, gizarte hobea eraikitzeko

Olaia Iraola

Haur nahiz gazteengan tratu onak bultzatzea xede, jazarpen egoerei aurre egiteko programak jarri dituzte martxan hainbat ikastetxetan. Ikasleen artean tratu txarrak murriztea da horien helburu nagusia.

Euskal Herriko 52 ikastolatan Kiva proiektua jarri berri dute abian, eta ikasleek hausnarketak egiten dituzte jazarpen egoeren inguruan. Ikastola horietako bat da Azpeitiko Ikasberri. Arritxu Olaizola Kiva programaren arduradunak azaldu duenez, ikastolan bost irakaslez osatutako Kiva taldea dago, eta jazarpen kasu baten aurrean talde hori arduratzen da “egoera bideratzeko pausoak” martxan jartzeaz.

Zumaiako Herri Eskolan (ZHE) ere ikasleen artean giro ona bultzatu nahi dute, Bizikidetza proiektuarekin. Eskolan, jolas kooperatiboen bidez, “gelakidea onartzea eta errespetatzea, norbera ezagutzea eta baloratzea eta emozioak ulertzea” lantzen dute, besteak beste, Sabina Lopez aholkulariaren arabera. IKKI Ikasteko kooperatu-Kooperatzen ikasi teknika erabiltzen dute. Hori horrela, “taldean lan egiten eta denek elkarri laguntzen ikasten dute”. Beti egongo da zer egin bizikidetzaren inguruan, Lopezen iritziz: “Inoiz bukatuko ez den proiektu bat da; beti egongo da zer hobetu bizikidetzaren inguruan”.

Errezilgo Udalak, Saiaz mankomunitateak eta San Martin ikastetxeak, berriz, Begirunezko Elkarbizitza proiektua jarri dute martxan Errezilen. Nerea Mendizabalek guraso zein irakasleak dinamizatzen ditu, eta, hark adierazi duenez, “eguneroko errealitate dira sexu joeragatik, sexu identitateagatik edota genero identitateagatik eginiko era guztietako bazterkeria, jazarpena edo erasoak”, eta horiei aurre egiten saiatuko dira.

Azpeitian, Zumaian eta Errezilen, jazarpenari aurre egiteko hiru programa ezberdin dituzte, baina hirurek nahi bera dute: tratu onak sustatzea. Kivak bi helburu nagusi ditu, Olaizolaren iritziz: “Batetik, jazarpen kasuak murriztu eta gehiago gerta ez daitezen prebentzio lana egitea, eta, bestetik, jazarpen egoera bat dagoenean ikastolako Kiva taldeak esku hartzea”.

Lopezek Bizikidetza programaren helburua azaldu du: “Ikasleak onartuak eta eskolako partaide sentitzea”. Aholkulariaren arabera, “ikaslea gustura badago, eman dezakeen guztia emango du arlo guztietan”. Mendizabalek dioenez, gurasoak, ikastetxea eta herria kezkatuta zeuden haurren eta gazteen inguruko hainbat joerarekin, eta horrek bultzatu zituen gai horren inguruan lan egiten hastera. “Erasoak egiten ari denak, jasaten ari denak edo ikusten eta konplize izaten ari denak begirunea, ulermena, babesa eta laguntza behar ditu jarrera horiek alde batera uzteko”.

Duela bi aste hasi ziren Kivaren lehenengo saioak Ikasberrin. “Ikasleen artean harrera ona izan du programak, eta gurasoen balorazioa ere oso positiboa izan da”, azaldu du Olaizolak.

Ikasleen inplikazioa eta erantzuna “oso ona” da Zumaiako Herri Eskolan ere: “Tutoretza saioetan planteatzen diren dinamikak eta harremanen inguruan sortzen diren gaiak gustukoak dituzte”, azaldu du Lopezek. Ikasleen Foroan parte hartzeko “motibatuak” daude zumaiarrak, eta “ideia interesgarriak” azaldu dituzte, aholkulariaren arabera: “Gure ikasleek zeresan handia dute”. Bestalde, Guraso Elkartearen inplikazioa handia dela azpimarratu du: “Gai hau planteatu zitzaienean beraiek izan ziren lehenengoak gaiari heldu eta aurrera joateko gogoa adierazi zutenak”.

Guraso eta irakasleekin ari da lanean Mendizabal, eta lehenengo saioa egin ostean, haiek azaldu duten parte hartzeak, jakin-minak eta interesak gogotsu utzi du hurrengo saiorako. “Kontu hau leku guztietan pil-pilean dago, eta poztekoa da Errezil bezalako herri txiki batek gai honen inguruan egin duen apustua”, adierazi du Mendizabalek.

“Tratu onak, Harremonak”

Proiektu horiek berrikuntzak diren arren, badira lehenagotik tratu onak sustatzea helburutzat hartuta lanean ari diren elkarteak ere. Horietako bat da Arremanitz kooperatiba. Duela hamar urte egin zituzten lehen urratsak, eta handik hiru urtera sortu zen kooperatiba.

Kooperatibako Axier Bagliettok dio elkarteko kideak “eragileen eragile” direla. Hezkidetza eta sexuen aniztasuna sustatuko dituzten talde zein pertsonak prestatzen dituzte, “bidea elkarrekin egiteko”. Zapalkuntzei eta gatazkei aurre egiteko ikuspegia aldatu beharra dagoela uste du Arremanitzeko kideak: “Adibidez, zapalkuntza egoeren aurrean sarri zigorra da jendarte honetako errezeta bakarra”.

Arremanitzen barruan dago Urola bailarako Harremonak egitasmoa, eta horko zuzendaria ere bada Baglietto. Eskoletan abiatu zuten Tratu onak, Harremonak lelopean, parekotasuna, tratu onak eta sexuen hezkuntza lantzeko programa gisa. “Argi genuen lan eraginkorra egin nahi bagenuen egitasmoa ezin zela eskoletan soilik gelditu. Komunitate osora zabaldu beharra zegoen”. Honako hiru atal hauetan antolatzen dituzte egitasmoak: formazioa, aholkularitza eta saretzea. Hau da, tratu onen inguruko informazioa zein arreta pertsonalizatua eskaintzen dute, eta “saretzeko estrategia bat” ere badaukate: “Bizimodu hobea nahi badugu, oso garrantzitsua da pertsonak eta eragileak saretzea eta aktibatzea”. Adibidez, ikastetxeetan formazioa eskaini ondoren, ikasleekin autoantolaketa taldeak sortzea sustatzen dute, berdintasunaren eta sexualitatearen inguruan aritzeko.

Azpeitian, Errezilen eta Zumaian martxan dauden programak behar-beharrezkoak iruditzen zaizkio Bagliettori. Gainera, programen bi ezaugarri positibo ere sakondu ditu: “Batetik, prebentzioa eragiten dute, eta, bestetik, gatazka behatzen duen hirugarren aldea aktibatzeari ematen zaio garrantzia”. Haren iritziz, eskola komunitate osoak inplikatu behar du indarkeriari aurre egiteko, eta “bereziki garrantzitsua da gazteak izatea protagonista”. Jazarpena ez da arazo indibidual bat, baizik eta taldeari dagokiona: “Taldearen inplikazioa da konponbidearen gakoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.