Ezkututik ateratzen

Ezkututik ateratzen

Aizpea Amas

Gerra Lasartetik pasatu zenik ere ez genekien. Lasarteko historian lauso bat zegoen”. Horixe izan zen Islada Ezkutatuak elkartea sortzeko motibazioetako bat, Mailu Arruti kidearen esanetan: Lasarte-Oriako eta inguruetako memoria historikoa berreskuratzea. Duela lauzpabost urte hasi zen lanean, eta berriki ezagutarazi du bere azken aurkikuntza: urtarril bukaeran, Aranzadirekin batera, 36ko gerra garaiko gorpu bat atera zuten Txaldatxurren, Zubietako mendietan.

Elkartearen ibilbidean, Txaldatxur abiapuntua izan da. Bi pertsonaren arteko elkarrizketa batetik han lubakiak zirela atera zen, eta hari horretatik tiraka hasi zen Islada Ezkutatuak. “Abuztu batean igo ginen lehenengoz, izugarrizko beroarekin, eta egun horretan bertan lehenengo bala zorroak aurkitu genituen”, gogoratu du Arrutik. Lan gogorra eta etenik gabekoa egin dute orduz geroztik: sasiz betetako lursaila garbitu, bidetxurra egin… Ondoren etorri dira indusketak eta aurkikuntzak. “Indusketak egin aurretik, lehenbizi argitu behar genuena zen nondik etorri ziren faxistak. Hori jakinda, errepublikanoen defentsak aurkituko genituen”, azaldu du Islada Ezkutatuak taldeko Jose Agustin Muguruzak. Eta hala izan zen: sei lubaki, beste luze bat 80 metrotik gorakoa, tirogileen hobiak, metrailadoreen hobiak… Horrez gain, hezurrekin batera, material ugari topatu dute, horien artean beste inon topatu ez dena: 23 ukondo tutu, esaterako. Txaldatxur toki estrategikoa zen errepublikanoentzat, eta badirudi erresistentzia handia erakutsi zutela Gipuzkoa osoa faxisten esku erori aurretik.

Indusketak, ordea, ez dira elkartearen lan ildo bakarra. Lasarten gerra garaian eta ondorenean zer gertatu zen jakiteko artxibategia eta garai hartako prentsa aztertzearekin batera, elkarrizketak egiten ari dira, eta dagoeneko 80tik gora egin dituzte. “Pixkanaka, armiarma sare bat osatzen joan gara”, adierazi du Josu Agirretxe elkarteko kideak.

Lehentasunez, zaharrenekin hasi dira elkarrizketak egiten, oraindik bizi direnekin. “Elkarrizketatu ditugun batzuk ere hil zaizkigu, eta beste batzuengana, berriz, ez gara iritsi. Kasu horietan, senideengana jo dugu. Batzuek, berriz, ez digute testigantza eman nahi izan, oraindik beldurtuta daudelako”, argitu du Agirretxek. Gerora hildako elkarrizketatuen artean, 92 urteko gizon bat du gogoan, eta eurekin Txaldatxurreraino igo zela jakinarazi du, lubakiak non zeuden esatera: “‘Ez duzue sasoirik’, zioen. Bertan hildako bati botak kendu zizkiola ere esan zigun”.

Desinformazioa

Testigantza horiei esker jakin dute beste zenbait herritan bezala Lasarten ere izan zirela fusilatuak, bonbardaketak, errepresioa… Azken finean, Muguruzak iritzi dio Lasarteko historian egon den lauso horrek gauza asko islatzen dituela: “Desinformazio prozesu luze bat izan da, eta gertatutakoari beste ikuspegi bat eman zaio propio. Baina hemen egon ziren emakumeak akaina hartuta kalean literalki kaka egiten, presoen soka udaletxe zaharretik elizara pasatzen… Irubiden jendea fusilatzeko toki bat zegoen, Gurs-eko kontzentrazio eremuan izan den jendea ere egon da, baita Mauthausenen ere…”.

Muguruzaren ustez, jende asko ez da jabetzen zer ondorio eragin zituen horrek guztiak, eta adibide gisa jarri du Lasartek 3.600 biztanle zituela 1936an, eta 2.500ek baino gehiagok ihes egin zutela. “Orian, biztanleen %80k ihes egin zuten; Lasarten, %70ek baino gehiagok. Hori oso larria da”. Hainbat urtez “isiltasun mantu bat” zabaldu dela gaineratu du, eta urte asko luzatu dela, baita diktadura bukatu ondoren ere.

Agirretxeren esanetan, beti entzun izan ditu gurasoengandik “gerra kontuak”: aerodromo bat egon zela, bunkerrak, bonbak… “Entzun izan dut etxean, baina inon ez zen azaltzen”. Azkenean, hariari tiraka, bazegoela zer kontatu konturatu ziren, eta hori da haien asmoa: “Ezkututik ateratzea. Horregatik izena ere: Islada Ezkutatuak“.

Bost urte hauetan altxamendutik 1940ko hamarkada bukaerara arte zer gertatu zen deskubritzen ari direla azaldu du Arrutik, eta hori zabaldu nahi dute, herritarrak jakinaren gainean jarri. Horretarako, batetik, Txaldatxurren aurkitutako materialarekin erakusketa bat inauguratuko dute martxoaren 3an, Lasarte-Oriako udaletxean. Erakusketa iraunkorra izango da, eta jakinarazi dute herritarrek material berezienak topatuko dituztela. Bestetik, jasotako testigantzekin liburu bat argitaratu nahi dute, eta hori urte bukaerarako aurreikusi dute.

Jakin-mina piztu da

“Herri mugimendurik ez balego, ahaztuta geratuko zen”, esan du Muguruzak. Islada Ezkutatuak taldeak eta halako beste elkarteek egiten duten lana funtsezkoa da zer gertatu zen jakin eta ahanzturara ez igarotzeko. “Gerra bizi izan zuen belaunaldiak ez zuen ezer kontatu. Eta bigarren belaunaldia ere isilik egon zen, nahiz eta etxean zerbait kontatzen zuten. Hirugarren belaunaldiak ez du gauza handirik egin, eta, gero, sortu da jende pila bat benetan gertatu zena jakin nahi duena”, adierazi du Muguruzak.

Alde horretatik, erakundeei ere kritika egin diete, eta eurek egiten duten lana “haien betebeharra” litzatekeela esan du Arrutik: “Demokraziatik demokraziara, tartean gertatu zena gobernuari dagokio berreskuratzea”. Edonola ere, Islada Ezkutatuak taldeak ildo horri jarraituko diola esan du: “Garai hartako gizarteari eta herritarrei euren duintasuna eman nahi diegu, eta merezi duten tokian jarri”.

Hala, bada, argi dute testigantzak biltzen eta larunbatero Txaldatxurrera joaten jarraituko dutela. Hurrengo helburua da, jaso dituzten testigantzen arabera, 20-22 hildako izango lituzkeen hobi komuna aurkitzea. Lan hori aurrera eramateko hirugarren metal detektagailua erosi dutela azaldu du Arrutik: “Ez dugu beste metodorik. Gorpuak badaude metalezko ezer gabe, gu gainetik pasatuko gara, eta ez dugu jakingo. Oraingoan, zortea eduki dugu gainean txapa pila zuelako”.

Iraganean zer gertatu zen jakitea beharrezkotzat jo du Muguruzak: “Hori menperatuz gero, gaur egungo ikuspegia erabat ezberdina izango zen. Isiltasuna luzea izan da; gezurra kontatu digute, eta zulo ikaragarria dago”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.