[Herriz herri] Lazkao. Herri bizi eta lasaia

[Herriz herri] Lazkao. Herri bizi eta lasaia

Loinaz Agirre

Agauntza errekaren haranean, eta Lazkaomendiren eta Aralarren babesean dago Lazkao, biztanlerik gehieneko Goierriko seigarren herria. 5.426 biztanle ditu, eta oraindik ere hazten ari da.

Herri bizia da, eta lasaia bizitzeko. Honela definitu du Felix Urkola alkateak: “Kanpotik datozenak harrituta gelditzen dira Lazkaon bizitzeko dugun bizi kalitatearekin. 5.500 biztanle inguruko herri baten irudiarekin datozenak harritu egiten dira Lazkaok eskaintzen duen egituragatik eta ekipamenduengatik”. Herrian dauden hainbat kultur eta kirol elkarte eta eragilek egiten duten lanaz gain, herriaren egiturak zerikusi handia du bizi kalitate horretan eta Lazkaoren izaeran. Plaza herri erdian dago, pilotaleku estaliarekin, eta San Benito ikastola eta kiroldegia ere inguruan ditu. “Askotan, hirigintzaz hitz egiten dugunean, adreiluez hitz egiten dugula uste dugu, baina hirigintza hori baino zerbait gehiago da. Nik uste dut Lazkaon hirigintza egiturak herriaren nortasunean azpimarra egiten duela”. Herri laua ere bada Lazkao, eta, Beasainekin eta Ordiziarekin ondo konektatuta egoteaz gain, N-1 errepidea ere oso gertu du.

Eskualdeko gazte askok Lazkao aukeratu izan du bizileku, besteak beste, etxebizitzaren prezioak bultzatuta: “Kanpotik jendea etorri eta herritarrak bertan mantentzeko gai izan gara”, azaldu du alkateak. Dena den, Urkolak pentsatu nahiko luke “hasiera batean etxebizitzaren prezioagatik etorri diren horiek beste herrietako bizi kalitatearen konparaketan ezusteko on bat eramaten dutela”. Orain ere etxebizitza berriak eraikitzen ari dira Iturgaitzaga eremuan; “une honetan Lazkao izango da Goierrin etxebizitza gehien eskaintzen ari dena”.

Alkateak aitortu duenez, udalaren erronka da Iturgaitzagaren garapen egoki bat egitea. “Beharbada herriaren nortasunean garrantzi handia daukalako hirigintzak berak. Kasu honetan ere, Iturgaitzaga egoki bideratzeak bere garrantzia daukalako”. Aldi berean, gaur egun eraikita dagoena berritzea eta egokitzea ere badute erronka, “batez ere zenbait auzotako berritze lanak”.

Herrian dauden ekipamenduak eta azpiegiturak herritarren beharretara egokitzea ere helburuen artean dago: “Batez ere kiroldegian, badago proiekturen bat aurrera eramango dena, fase desberdinetan egingo dena… denak herriaren hazkundearekin uztartuta joan beharko du”.

350 ikuslerentzako tokia duen Areria kulturgunea ere azpiegitura garrantzitsua da Lazkaorentzat. Hainbat saiakera egiten ari dira ekintza desberdinak antolatuz herriari bizia emateko. Gaur bertan, esate baterako, 22:00etan, Su Ta Gar taldearen kontzertua dute. “Agenda aldetik ere ahaleginak egin beharko ditugu lazkaotarrek, beste herri batzuetara joan ordez, Lazkaon bertan izan dezaten kirol, kultur edo giza mailako edozein agendaz gozatu ahal izateko aukera”.

Naturaz inguraturik

Industria herria da Lazkao, baina “naturaren erdi-erdian” kokatua dago. Lazkaomendi da horren adibide: “Seguruena Euskal Herri osoan ezagunena den argazkietako bat Lazkaomenditik ateratzen dena da, Txindoki eta Aralarren ikuspegia”.

Merkataritzari dagokionez, zerbitzuak gehitzen ari dira, eta merkataritzak gero eta indar handiagoa du: “Eskualde mailako erreferenteak diren dendak badaude Lazkaon”. Aurrera begira ere, herria hazten doan heinean, zerbitzu berriak gehituz joango direla uste du alkateak, “eta seguruenera lanpostuak sortzeko bide berri bat ere izango da”.

Lazkao herri bizia izateko arrazoien artean Maizpide barnetegiak ere zerikusi handia du. Lazkao euskararekin oso lotuta dago euskaltegiari esker, eta jende askok Maizpideri esker ezagutzen du Lazkao: aste barruan euskara ikasle ugari izaten dira Lazkaon; urtean 1.400-1.500 inguru. “Lazkaok ez dakit zerbait eman dion Maizpideri, baina Maizpidek asko eman dio Lazkaori”.

Beneditarren artxiboa ere Lazkaoren nortasunaren isla dela dio alkateak. “Ez dakit lazkaotarrok kontziente garen bertan dagoen altxorraz. Ikaragarrizko zortea da era horretako artxibo bat herrian bertan mantendu ahal izatea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.