[Herriz herri] Leaburu. Herria eta auzoa, parean

Rebeka Calvo

Leaburu-Txaraman 360 bat biztanle dira. Bitan banatuta dago herria, izenean ageri den bezala: Leaburu da herria, eta Txarama, berriz, auzoa. Baina Luisa Uzkudun Etxenagusia alkateak esan duenez, “bi herri txiki” dira. Txaraman Leaburun baino ehun biztanle inguru gutxiago bizi dira, “baina, hala ere, nortasun propioa du, eta, Leaburuk bezala, zerbitzu guztiak”, nabarmendu du Uzkudunek. “Ez da edozein auzo izango balitz bezala, beste herri batek duen auzotxo bat, baizik eta bere zerbitzu guztiak dituen auzoa da, kasik herri txiki bat bezalakoa”, gaineratu du.

Bi gune dituen herri bat da, beraz, Leaburu-Txarama, eta bakoitzak bere nortasunari eusten dio. “Leaburu baserri giroko herria da, bai paisaia aldetik eta baita giro aldetik ere; Txarama, aldiz, industrialde bat da”, azaldu du. Industrialagoa da Txarama, eta garai bateko paper fabrika aipatu behar da Tolosako Amarotz auzotik aurrera joanda dagoen auzoaz hitz egitean. Araxesko ibarrean dago, eta jatorriz Oletako zubiaren inguruan zeuden baserriek osatu zuten gunea, Altzorako bidean. XIX. mendean sortu zen paper fabrika, eta jende asko joan zen lanera eta bizitzera.

Aparte

Leaburu eta Txarama ez daude batera. Leaburura Ibarratik edo Belauntzatik gora joanda iristen da, eta Txaramara Tolosatik barrena joan behar da. Geografikoki aparte daude, beraz, eta horrek badu eraginik. “Batera egiten ditugu gauzak, baina egia da badagoela joera bakoitzak berea egiteko. Leaburutik Txaramarako bide zuzenik ez dago, eta horrek ere izango du eragina segur aski. Badaude baserri bideak, baina ez autoentzako bide formalik; Tolosatik pasatu behar da, eta horrek badu eragina”.

Alkateak gustuko duen ibilbideetako bat da, hain justu, Leaburu eta Txarama batzen dituena. “Zazpi Bideetatik Tolosa ingurura joan eta Txaramara jaitsi, eta berriz ere Leaburura igotzea oso gustuko dut; oso ibilbide polita da, eta herria eta auzoa biltzen ditu”.

Txarama beti izan da Leaburuko auzo bat, baita Gaztelu eta Leaburu batera zeudenean ere. Izan ere, 1966tik 1995era arte Gaztelu eta Leaburu batera zeuden. Beste hainbat herri txikitan bezala, bi dira, orain, erronka nagusiak: herria gaztetzea eta eguneroko lanak egitea, herritarrei egunerokoa errazteko. Horretara begira egin dituzte, hain justu, esku artean dituzten bi proiektu nagusiak: 2017ko aurrekontuak eta Plan Orokorra.

Aurki onartuko dituzte 2017ko aurrekontuak. Aurten atzeratu egin direla dio Uzkudunek, eta arrazoietako bat plazan egin nahi dituzten lanak direla jakinarazi du. “Diru laguntza baten ebazpenaren zain egon gara, eta horregatik atzeratu gara. Azkenean ez digute onartu, baina beste laguntza lerro bat ireki dute, eta hor sartu gara; horregatik atzerapena. Erabakia hartu dugu jada: diru laguntza eman ala ez, plaza berrituko dugu. Mailegu txiki bat eskatu dugu, eta horretan ari gara”.

Alkateak esan duenez, plazak urte asko daramatza orain dagoen moduan, eta zaharkituta geratu da. “Zuhaitzak plazaren erdian daude, eta hazi diren heinean baldosak altxatu dira; hori konponduko dugu, eta, bide batez, irisgarritasuna ere hobetuko dugu egungo legearen araberako hobekuntzak eginez. Hiri altzariak ere aldatuko ditugu”.

Plan Orokorra

Plan Orokorra da Leaburu-Txaraman duten beste erronka nagusia. “Lan handia da, are gehiago, gurea bezalako herri txiki batentzat, kostu handikoa. Lanak entregatuta daude, eta oniritziaren zain gaude; denbora asko eta diru asko kendu digu, baina atera dugu. Emaitzen zain gaude. Gauza asko alda litezke honi esker. Baserriak beste modu batera kudeatzeko modua irekitzen da, eta ikusiko dugu etxe berriak egiteko garaia den edo ez; herritarrekin hitz egingo dugu, eta beharren arabera ikusiko dugu zer egin”.

Leaburu-Txaraman ere biztanleria zahartzen ari da, eta plan orokor berriarekin aukerak zabaldu nahi dituzte. “Gazteek ez dute herrian geratzeko aukerarik. Adineko jende asko dago, eta, batik bat, baserrietan bizi dira. Eraikin izugarriak dira; lehen, 8-9 pertsona bizi ziren bertan, eta, orain, eraikinean bat edo bi bizi dira; zeinek helduko die eraikin horiei? Oso zaila da eraikin horiekin lanean hastea. Plan Orokorrarekin horiek banatzeko aukera eman nahi dugu. 300 metro karratutik gora bi etxebizitza atera ahal izango dira, eta 500 metro karratutik gora, hiru. Horrek asko erraztuko du eraikin horiek berritu eta konpontzea, baita jende gaztea bertan geratzea ere”.

Herrian geratzeko nahia

Udalak orain lau urte inkesta bat egin zuen, eta atera zuten ondorioetako bat izan zen herritarrek badutela borondatea herrian geratzeko: “Beraz, erraztasunak eman behar dizkiegu. Horregatik, etxebizitza lagunduak egiteko aukera ere ez dugu baztertzen”.

Leaburu-Txaramako biztanleen %10ek baino gehiagok 80 urtetik gora dituztela esan du Uzkudunek, eta gazte jende askok alde egin duela azkenaldian. “Arrazoiak asko izango dira: lana, bikotekidea urrutikoa dela… baina badago hemen geratzeko gogoa ere, eta etxebizitzak behar dituzte, modu batera edo bestera. Ezin dugu bakar bat gehiago joaten utzi”.

Herri giroa

Leaburu-Txaraman ez dago eskolarik, eta, horregatik, ahalegin berezia egiten dute gaztetxoei begira ekintzak antolatzen. “Herriko umeak hiruzpalau ikastetxetara joaten dira, eta handik bueltatzen direnean elkarrekin egoteko aukera izan dezatela nahi dugu. Futbol taldetxoa dago, dantza taldea, liburutegia astean hirutan dute, eta bertan ekintzak ere egiten dituzte, pilota ikasteko aukera dute…”.

Herriak badu kanpotarrak erakartzeko amurik ere: ostatua. “Udan eta udaberrian asko nabaritzen da umeen presentzia plazan eta parkean, eta horrek auto gehiago pilatzea ere ekartzen du. Aparkalekua oraintxe berritu dugu, gainezka egiten zuelako. Eskerrak ostatuari; oso ondo funtzionatzen du, eta ona da hori”. Leaburu herri lasaia dela dio Uzkudunek, eta “egun-pasa eder bat” egiteko aukera ematen duela: “Leaburun parke polita dugu, haurrak autoak harrapatzeko arriskurik gabe egon ahal dira bertan… Herri lasaia da, baina denetarik dugu; jateko eta lo egiteko aukera ere badugu, ostatuak lau gela baititu bertan geratu ahal izateko”.