Jaso dute euren altxorra

Jaso dute euren altxorra

Erik Gartzia Egaña

XVI. mendean, euskal baleazaleen jarduna zen Euskal Herriko ekonomiaren zutabeetako bat. Harrapatutako baleen gorputzaren zati osoak baliatzen zituzten orduan. Pasaian eraikitako San Juan itsasontziak Ternuatik Euskal Herrira eta Euskal Herritik Ternuara eramaten zituen produktuak. Haren ibilera, baina, Ternuako Red Bay herriko badian bukatu zen; euskal baleazaleen kuartel nagusia zen portu hartako uretan hondoratu zen 1565ean. 1978an, haren aztarnak topatu zituen Kanadako arkeologo talde batek, eta 30 urtetik gora aritu dira hura ikertzen.

Bada, Albaola proiektua jarri zuten martxan San Juan baleontzia eraiki zuten badian, Pasaian, San Pedroko aldean. San Juan itsasontziaren erreplika bat egitea zen helburua. 2013an hasi ziren lan zail horretan buru-belarri lanean, Kanadako Gobernuak lagunduta. Badiari izena Pasaiak ematen badio ere, beste hiru udalerri ere elkartzen dira portu naturalean: Donostia, Errenteria eta Lezo. Azken horretako hainbat ikaslek irudizko bidaia abiatu dute San Juan baleontzian.

Lezoko Herri Eskola orain dela hiru urte inguru jarri zen harremanetan Albaolarekin. Hainbat irakaslek pentsatu zuten polita izango zela San Juan baleontziaren eraikuntzarekin lotutako proiektu bat abiaraztea. Irakasle horietako bat da Itsaso Briz, eta, azaldu duenez, bertako “historiaren zati bat” ezagutzeko aukera zen hura. Orain dela bi ikasturte, balearen gaia landu zuten ikastetxeko maila guztietan. Horrela, balearen arrantza eta haren inguruko bizimodua nolakoa zen azaltzeko parada izan zuten. Inauterietan ere hura izan zuten gaia.

Ikasle guztiek era batera edo bestera parte hartu bazuten ere, Lehen Hezkuntzako laugarren mailara mugatu zuten proiektua. Modu landuagoan, hori bai. “Ikasleentzako diziplina arteko proiektu bat abiaraztea proposatu genuen”, azaldu du Brizek. Horrela, hainbat ikasgai uki zitzaketen balearen arrantza aitzakiatzat hartuta: “Aukera ematen zigun garai hartako bizimodua nolakoa zen ikasteko. Horrez gain, animaliak ikasteko aukera ere eman zien haurrei: baleak eta Ternuan orduan egon zitezkeen beste animalia batzuk ikas zitzaketen; baleontzi bat nola egiten zen ikasi dute; matematikak ere landu dituzte: materiala ateratzen zuten, gero salerosketa egin…”. Euskaraz landu dute hori guztia.

Hori bai, alde negatiboak ere azaldu dizkiete haurrei. Esaterako, bizimodu gogorra zela, eta Ternuaraino joan behar izan zutela Euskal Herrian baleak desagertu egin zirelako. Fruituak ikusita, San Juan baleontzia eraikitzeko proiektuak iraun bitartean jarraituko dute lan horretan.

Brizek ziurtatu du orain dela bi urte hezkuntza proiektu horretan parte hartu zuten ikasleak “oso gustura” geratu zirela. “Uste dut haientzat baduela pixka bat magikotik. Orduko bizimodua nolakoa izango zen imajinatzea… Argindarrik gabe, futbolik gabe, play stationarekin jolastu gabe…”. Horregatik, uste du ikasleek “bidaia fantastikoa” egiten dutela.

Egun 8-9 urte dituzten ikasleek orain dela bi urte izan zuten Albaola bisitatzeko aukera. Orduan, baleontziaren gila eta bizkarrezurra baino ez zituzten eginak. Aurten, berriro joan dira San Pedroko ontziolara, eta berretsi dute lanak aurreratuagoak daudela.

Aste Santuan bukatzen den hiruhilekoan lantzen dute beti proiektua. Brizek azaldu duenez, Albaolaren webgunean zebiltzala, ikusi zuten baleontziaren piezak babesteko aukera zegoela. Ikasleek galdetu zieten ea zertarako babestu behar zen itsasontzia, eta, azaldu ondoren, ikasleen euren erantzun harrigarria jaso zuten irakasleek: pieza bat diruz babestu nahi zuten.

Diru bilketa oparoa

Ideia hori jaso, eta hiru ikasle taldeetako gurasoei azaldu zieten irakasleek. “Euren pagatik zati bat gordetzen hasi ziren haurrak, bakoitzak nahi edo ahal zuena”, zehaztu du Brizek. Hasieran, iltzeren bat edo sokaren bat babestea pentsatu zuten, baina, jasotako diru kopurua ikusita, pieza handiagoren baten bila joan ziren: txirrika bat. Pieza horrek, gainera, duten filosofiarekin bat egiten du: “Pieza txikia da, dinamikoa, baina hura gabe baleontzia ez da ibiltzen”.

Piezak babesten dituztenek baliabide ekonomiko handiagoa izaten dute normalean, eta diploma bat ematen diete. “Baina, haurrak izanik, trataera berezia eman digute guri: txirrikaren erreplika bat eman digute”, esan du Brizek. Joan den astean jaso zuten, Albaolan bertan. “Elkartasunik eza nagusitzen den garaiotan, talde lanak zenbateko garrantzia duen baloratzea nahi dugu. Denok gara gizarteko partaide, eta zer edo zer lortu nahi dugunean elkarlanaren bitartez egin behar dugu”.

Eskolan gorde dute elkarlan horren fruitua. Gela bakoitzak astebetez zainduko du txirrika. Arreta handiarekin zaindu ere, euren altxorra baita: munduan beste inork ez du San Juan baleontziaren piezarik.

Leave a Reply

Your email address will not be published.