Eskubideak ez dituzte salgai

Eskubideak ez dituzte salgai

Erik Gartzia Egaña

O iartzungo Carrefour saltokiko langileak borrokan ari dira euren lan baldintzak hobetzeko. Protesta modurik muturrekoenera jotzea erabaki dute bertako langile gehienek: grebara. Hiru greba egunera deitu zuten, eta jadanik bi egin dituzte. Lehena, joan den larunbatean egin zuten; bigarrena, asteartean; eta hirugarrena, eta oraingoz azkena,gaur zortzi egingo dute. Aurreko bi egunetan erabat itxita egon da Lintzirin industrialdeko denda.

Madrilen negoziatzen dute Oiartzungo Carrefourren gisako saltokietan indarrean dagoen langileen lan hitzarmena, saltoki handiena; ez dira izaten tokian tokiko hitzarmenak. Urtarrilean hasi zen Madrilgo negoziazioa. Jazint Ramirez LABeko kideak azaldu duenez, euren sindikatuak Barakaldoko (Bizkaia) Ikea saltokiko ordezkaria bidaltzen du negoziazioetara, eta hark eman die han gertatutakoen nondik norakoen berri.

Carrefourreko langileek batzar informatibo bat antolatu zuten lehen bileren berri emateko helburuarekin. Orain dela lau urte soldatarik igo gabe gehitu zizkieten 28 orduak pixkanaka kentzea aztertzen ari ziren, besteak beste, negoziazio horietan. Duela lau urteko hitzarmenarekin ez ziren gustura Oiartzungo saltokiko langileak, eta aurten “zerbait” egin behar zutela erabaki zuten. Lehen batzar informatibotik bigarrena atera zen: langileek, zuzenean, protesta ekintza bat antolatzeko batzarra antolatu zuten. Horrez gain, eskakizunak bilduta proposamen formal bat egin zioten zuzendaritzari, baina nagusiek “aitzakiak” besterik ez zituztela jarri ziurtatu du Ramirezek.

CCOOko bost ordezkarik eta LABeko eta ELAko beste lauk osatzen dute langile batzordea, baina LABek du presidente kargua. Eskakizunei buruz mintzo da Ramirez: “Hitzarmen propio bat eskatzea zen gure [LAB eta ELAren] asmoa, baina CCOOkoak ez zeuden oso ados horrekin. Horregatik, ados jarri beharra geneukan. Oso garrantzitsua da langile batzorde gisa joatea, nahiko pareko gaudelako ordezkaritza kontuan hartuta, eta pausoak eman daitezkeelako”.

“Oso jendetsuak” izan ziren bozketak, eta gehiengo oso zabal batek babestu zuen protesta egitea. Behin hori hautatuta, lanuztearen edo grebaren alde egitea erabaki behar izan zuten langileek, eta grebaren aldeko boto gehiago jaso zituzten. Hori bai, ez zituzten edozein egun aukeratu: Aste Santuaren bueltan egingo zituzten protesta saioak, oihartzun handiagoa lortzeko. Saltokia itxita egongo zela bermatzeko, langileak atearen aurrean bildu dira bi egunetan. Bi egunetan oso goiz jarri dute ordua: 05:30ean.

Asteartean, bazkaltzeko orduan, joan da Gipuzkoako Hitza Oiartzungo Carrefourrera. Txandaka ari dira bazkaltzen. Etxean batzuk; ondoko jatetxeren batean beste batzuk… Langile talde bat dago eserita Carrefourrekin eraikina partekatzen duen kafetegiko mahai batean; emakumezkoak dira guztiak. Saltokiko zuzendaritzak kanpoko eserlekuak kentzeko agindu duelako daude bertan. 30 urtetik gora daramatzate guztiek toki berean lanean. Pryca zen lehen; Carrefour orain.

Langileetako batek goratu egin du greba deialdia izaten ari den oihartzuna: “Oso handia izaten ari da parte hartzea: kutxazainetako langileak hemen gaude, produktuak bere lekuan jartzen dituztenak ere bai, kanpoko hornitzaileak, erdi mailako nagusi batzuk… Aldi baterako lanean ari diren asko ere hemen daude”.

Hitza-ri adierazi dionez, 05:20 aldera lau langile sartu ziren lantokian, “bai larunbatean eta bai asteartean”. Langileak gaineratu du aldi baterako lanean ari den neska gazte bati lanera joateko esan ziotela giza baliabideen sailekoek, eta momentu zailak pasatu dituela aitortu du bere lankideak: “Goizean ertzain batek esan dit bortxakeria dela greba-hausle bati miserable deitzea. Baina zuzendaritzako kideek neska horrekin egin dutena ez al da bortxakeria?”.

Jakinarazi duenez, “estatu osoan” borrokan ari diren Carrefourreko langile bakarrak dira Oiartzungo saltokikoak. “Beste tokietako langile gehienek esaten digute babesten gaituztela, baina inoiz ez dute bat egiten. Oiartzungo langileak Carrefour enpresako ardi beltzak garenez…”. Ramirezen hitzetan, “oso positiboa” da Oiartzungoaren gisako mobilizazioak egitea. “Borroka txikiak zabaldu behar dira, sektorea behetik gora eraldatzeko. Egokiena litzateke enpresa bera konturatzea hitzarmen propioak behar ditugula”.

Antolaketa eredua

Kafetegiko mahaira bueltatuta, Madrilgo negoziazioek ez dietela batere mesederik egiten adierazi du eserita dagoen beste langile batek. Uste du “oso eragin latza” izango duela bertako 250 langileentzat: “Datorren urtean %2 igo beharko lukete gure soldata [lau urtez izoztua izan dute], hurrengoan %0,5… Mozkinak egongo balira, urtero igo beharko lukete kopuru hori. Baina hemen inoiz ez dago irabazirik”, ondorioztatu du, ironiaz. Carrefourrek, orotara, 2.351 milioi euroren irabaziak izan zituen iaz.

Beste lankide batek eten du ondokoaren azalpena. Hark azaldu duenez, Eroskiren 50 denda erosi dituzte. “Gure soldatarekin erosi dituzte denda horiek. Gainera, beste dena batzuk ere ireki dituzte. Dirurik ez dagoela esaten dute, baina badago nahi dutenerako”. Egoerarekin haserre dagoela nabari zaio langileari: “Duela lau urte egin behar genuen orain egiten ari garena”.

Soldatarena ez ezik, bestelako aldarrikapenak ere badituzte Carrefourreko langileek, lan antolaketari dagozkionak, esaterako. Hitza bertan dagoela, aldarrikapenak zerrendatzen hasi dira langileak: “Bederatzi orduko lanaldiak asteburuetan, arratsaldeetan bakarrik lan egiten duten langileak, mailaz igotzeko azterketak egin beharra…”. 11 aldarrikapen helarazi dizkiote, denera, zuzendaritzari.

Eten egin behar izan dute zerrendatzea, lipdub-a grabatzeko ordua iritsi zaielako. Greba egitea erabaki samurra ez den arren, ez dute galdu umorerik: “Carrefourrek lehiaketa bat egiten du urtero, ea nork egiten duen lipdub-ik onena. Gaurkoa bidaliko diegu guk, irribarrea delako borrokan galdu behar den azken gauza”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.