Ama bakar izateaz “harro”

Ama bakar izateaz “harro”

Maialen Etxaniz

Ama bakarreko gero eta familia gehiago dago gaur egun. Halaber, guraso bakarreko familien %82tan emakumea da familiaburua. Hala ere, batzuen ustez, ama bakarreko familia eredua oraindik ez dago onartuta gizartean. Uste hori du Nazaret Rosado gasteiztarrak. BG Ama Bakarreko Familien Elkarteko kidea da, eta familia eredu horretan bizi diren emakumeen egoeraren berri emateko solasaldia eskaini zuen joan den asteartean Azpeitiko Emakumeen Txokoan. Solasaldia emateko gonbita “pozez” hartu zuela aitortu du: “Ama bakarra diren pertsonen kolektiboa ezkutuan egon baita orain gutxi arte”.

Rosadoren ustez, gizartean oso zabalduta dago senarrik gabeko emakumeek gainerako emakumeek ez dituzten hainbat eskubide eta pribilegio dituzten ustea, baina, hori hala ez dela iritzita, “benetako errealitatea” zer-nolakoa den erakutsi nahi diote gizarteari. Horregatik, emakume eta ama bakar direnen eskubideen defentsan lanean ari da BG Ama Bakarreko Familien Elkartea.

Hainbat erakundetara jo dute jada, baina ez dute aldaketarik ikusten. Arartekoarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuarekin harremanetan jartzen saiatu dira, euren aldarrien berri emateko. “Baina izugarrizko babes falta nabaritu dugu. Hitz soilez betetzen zaie ahoa, eta ia ez gaituzte babesten, nahiz eta gure irudia zaintzea eta ez zikintzea den euren ardura”.

“Teorian”, legearen aurrean norbanako guztiak “berdinak” direla adierazi du Rosadok. “Baina praktikan ez da hala”. Horregatik, gasteiztarraren hitzetan emakume horiek “zapalduta” daude eremu legegilean. “Kontziliazioaren gaian, etxe kaleratzeak gertatzen direnean, enplegu planetan, haurrak ikastetxera eramatean edo errenta aitorpena egiterakoan, oztopoak besterik ez ditugu izaten”, azaldu du. “Erraza da esatea guk diru laguntzak jasotzen ditugula, baina jendea oso ezjakina da; ez dakite legeek zenbat kalte egiten diguten. Bikote ereduko familientzat pentsatuta dago sistema guztia”.

Lana bilatzeko “zailtasun handiak” dituztela azpimarratu du. “Are gehiago, krisi egoeran”. Horrez gain, enpresek langileren bat kontratatzeko asmoa daukatenean ama bakarrak diren emakumeak “baztertu” egiten dituztela salatu du. Ama Bakarreko Familien Elkarteak emakume bakar bat ere ez du ikusi nahi lanik gabe, eta familia eredu arruntek dituzten eragozpenak jasan behar izaten dituzten neurri berean, haiek dituzten “onurak” ere aldarrikatu ditu.

Ama bakarra da Rosado bera ere, eta ez daki “zehazki” zein den gero eta ama bakar gehiago egotearen arrazoia. “Batzuetan, norberak hartzen du ama izateko erabakia. Beste batzuetan, hala etortzen da, eta aurrera egin behar izaten da. Hala ere, ezin da ukatu amatasunak sakrifizio handia eta ardura asko eskatzen dituela, eta horri erantzun egin behar zaiola”.

“Egunak eta egunak” daudela uste du; batzuetan, gozoak, eta, besteetan, gaziak: “Jarrera baikorra izaten dugu batzuetan, gauzak baikortasunez ikusten ditugu. Baina ezkor ere egoten gara beste batzuetan, eta kontua da egun horietan izaten garela errealistenak”. Zailtasunak zailtasun, ama bakarra izateaz “harro” dago gasteiztarra, eta ez zaio falta grinarik beren eskubideen defentsan jarraitzeko.

Janire Ugartemendia nuarbetarrak (Azpeitia) “oso argi” zeukan ama izan nahi zuela, “bikotekidearekin edo bikotekiderik gabe”. Betidanik oso ume zalea izan dela argitu du, eta horrek piztu ziola ama izateko sena, duela urte eta erdi inguru. Gaur egun, zortzi hilabeteko haurra du, eta orain arte bizi izan duen “esperientziarik onena” izan dela adierazi du.

Ingurukoen babesa, lagun

Ugartemendiari ez zitzaion falta izan ingurukoen babesik ama izateko erabakia hartu zuenean, eta ez zuen aurkitu oztoporik bidean: “Ez nuen izan inolako zailtasunik haurdun gelditzeko, eta aurreneko saiakeran lortu nuen. Gainera, etxekoek zein gertukoek oso ondo hartu zuten nire erabakia. Une oro babestu izan naute”. Hala ere, ez du ukatu une “gogorrak edo zailak” igaro behar izan dituela bidean. “Momentu gogorrak ere izaten dira batzuetan, haurdun gelditzeko tratamendua jasotzean edo erditzeko unean, kasurako. Batzuetan, senti dezakezu norbait falta zaizula alboan, baina aurrera egiten duzu beti. Pentsa, bikote batentzat guraso izateak zailtasunak baditu, are gehiago guretzat, ardura guztia gugan baitago, eguneko 24 orduetan kasik”.

Egunak dituen orduak lanaren eta familiaren artean banatzea izan ohi da guraso diren norbanakoen buruhauste nagusietakoa; kontziliazioa, alegia. Ugartemendiak, oraingoz, ez du izan arazorik: “Familiaren negozioan egiten dut lan, Beizamako ostatuan, eta haurra izan nuenetik ez dut izan inolako arazorik familia eta lana uztartzeko. Senideek asko lagundu didate horretan”.

Ama bakarreko familien gaia gizartean “nahiko onartuta” dagoela uste du nuarbetarrak, baina oraindik ere erabat ohikoa ez dela gaineratu du: “Gauza guztiekin gertatzen den bezala, iritzi ona daukate batzuek, eta hain ona ere ez beste batzuek. Guraso bikote arruntek seme-alabak izaten dituztenean, bikoteari zorionak emateko joera izaten dugu denok. Baina, ama bakarren kasuan, ‘zer dela eta?’ gisakoak entzun behar izaten ditugu oraindik”. Ugartemendiak “beldurrik ez izateko” eskatu die erabakia hartzeko atarian egonda ere azken urratsa egitea falta zaien emakumeei: “Beldurra? Zeri? Ez dugu bikotekide baten beharrik ama izateko”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.