[Herriz herri] Mutriku. Itsasertzeko altxor “ezezaguna”

[Herriz herri] Mutriku. Itsasertzeko altxor “ezezaguna”

Unai Zubeldia

Mendia bertan, eta itsasoari begira une oro. Hortxe Mutrikuren argazkia. Gipuzkoako ipar-mendebaldean dago 5.300 biztanleko herri hori, Donostiatik 47 kilometrora, Bizkaiaren mugan. “Betidanik lotura handia eduki izan dugu Ondarroarekin, baina oso gipuzkoar sentitzen gara gu”, zehaztu du Jose Angel Lizardik, herriko alkateak (Mutriku, 1961). Deba daukate beste muturrean. “Baina Bizkai alderako joera eduki izan dugu historikoki”.

Mutriku, “tamalez”, arrantza herri “ohia” dela gogoratu du alkateak. Itsasoak, historikoki, “lanpostu dezente” sortu izan du herrian. “Baina desagertuz joan da pixkanaka, eta gaur egun ia marjinala da itsasoko ekonomia. Getariara joaten dira hemen bizi diren arrantzaleak”. Sentimenduak “bere horretan” jarraitzen duela argitu du Lizardik. “Kostako herria gara, baina dagoeneko galdu dugu arrantzarako nortasun hori”.

Geografikoki “gune berezian” egonik, industria sektoreak ere ez du izan indar handirik Mutrikun: “Pare bat enpresa eduki izan ditugu, baina duela hamar bat urte desagertu zen azkena”. Eta nekazaritza ere “nahiko makal” dagoela gaineratu du alkateak. “Baserri dezente dauzkagu, baina oso gutxi bizi dira hortik; bizpahiru baserritan aritzen dira lanean esne behiekin, baina oso gutxi dira”. Horregatik, “inguruko herrietara” joaten dira gehienak lanera. “Elgoibar, Eibar eta Mendaroko hainbat lantegitara asko eta asko”. Hori bai, langabezia tasa “baxu antzekoa” da Mutrikun. “Herrian ez dugu sortzen lanpostu askorik, baina, eskualdearekin alderatuta, batezbestekotik behera gabiltza: %9 inguruan”.

Gazteen eta helduen arteko “oreka polita” dauka herriak. “Haur dezente jaiotzen da. Urtean 40 bat heriotza izaten ditugu, eta antzeko kopuruetan ibiliko dira jaiotzak ere; zertxobait azpitik, akaso”. Lan jardunaren eraginez gazteek batetik bestera mugitu behar izaten duten arren, herriarekiko atxikimendua badaukatela azaldu du alkateak. Alde horretatik, bi ikastetxe dauzkate herrian. “Bata, eskola publikoa, garai bateko ikastola; eta, bestea, ikastetxe pribatua, garai batean mojena zena. Horrez gain, institutua ere badaukagu”.

Uztailaren 22an ospatzen dituzte herriko jai nagusiak, Madalenak. Baina azken urteotan iraileko festa egunek lortu dute sona handia: Kalbario jaiek. “Hiru egun izaten ditugu”. Negu partean ere izaten dituzte hainbat kultur ekitaldi. “Baina nahiko hilabete hilak izaten dira”, aitortu du Lizardik. “Ohiturak aldatu egin dira, eta jendea kanpora joaten da garai horretan. Udaberriaren jiran hasten da pizten herria jaialdien aitzakian”. Herriko mugimenduari egun- eta asteburu-pasa joaten direnak gehituta, “giro polita” izaten dute herrian. “Ez da sortzen Zarautzen eta Zumaian izaten den mugimendurik, baina giro ona izaten da”.

Turistak erakartzeko lan horretan, portua bakarrik ez, Saturrarango hondartza ere eskura dauka herriak. “Jende dezente etortzen da bertara”. Kanpina ere badauka ondoan. “Hondartzaz gain, igerileku naturala eduki izan dugu betidanik portuan, itsasoko urez betetzen den gune itxi bat. Herritarrok beti gozatu izan dugu hor, baina gero eta kanpotar gehiago etortzen hasi da”. Babes dike bat egin zuten orain gutxi. “Eta horren inguruan egin genuen bigarren igerileku naturala; udaberrian eta udan mugimendu handia izaten da hor ere”. Kosme Damian Txurruka zientzialari eta itsasgizon mutrikuarraren etxea “museo gisa” prestatzeko asmoa ere badauka udalak, “bisita gidatuen bidez”.

Olatuen planta, liskar iturri

N-634 errepidetik lau kilometrora dago Mutriku. “Baina oso ezezagunak gara, eta hori eragozpen handia da guretzat. Askoz jende gehiago joaten da Debara eta Zumaiara, eta ekonomia mugitzen du horrek”. Herriak errepide nagusiarekin daukan lotura hobetzeko erronka dauka udalak. “Aldundiarekin harremanetan jarri ginen, eta ia amaituta dago proiektua; 2018rako errepidea moldatzen hasteko asmo sendoa daukagu”. Lizardi “ilusioz” dago proiektuari ekiteko. “Errepidea konpontzeaz gain, oinezkoentzako pasealekua ere egingo dutelako, itsaso ertzean”. Garraio publikoari dagokionez, autobus zerbitzua daukate herrian. “Mallabia eta Ondarroa lotzen dituena orduero pasatzen da; Donostiarekin ere badaukagu lotura, Lekeitiotik datorren autobusarekin; eta baita Zumaiarekin ere”.

Gainerako azpiegiturei helduta, “olatuen planta” egin zuten 2011n. “Eta, oraingoz, geldirik dago, dikea bukatu gabe dagoelako. Diru dezente beharko da amaitzeko, eta ez dagoela esaten digutenez… Proiektu hori iskanbila iturri izan zen bere garaian”. Eguneko zentroarekin ere gorabeherak izan dituzte. “Baina badirudi behingoz gauzatuko dugula”. Pilotaleku nagusia “erabat berrituta” daukate. “Eta estali gabekoa eraberritzeko asmoa daukagu; kultur ekitaldietarako ere baliagarria litzateke hori”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.