Burdinola bat Txillidarentzat

Burdinola bat Txillidarentzat

Eider Goenaga Lizaso

Jose Mari Andueza (Legazpi, 1949) lanean hasi berria zen Patricio Echeverria burdinolan Eduardo Txillidaren eskulturak egiten hasi zirenean. Haizearen orrazia baino lehen beste bat egin zutela oroitu du Anduezak, eta, haren ondoren, artista hil zen arte iraun zuela elkarlanak: “Gertuko tratua zuen Txillidak langileokin, oso pertsona jatorra zen, hurbilekoa. Askotan etortzen zen, eta prozesua gertutik jarraitzen zuen”. Chillida Lantokia kudeatzen duen Lenbur fundazioko kidea da Olatz Conde, eta baita museoko gidaria ere. Hark azaldutakoaren arabera, hain ohikotzat zuten Txillidaren presentzia, artistaren eta langileen argazkirik ia ez dago. “Argazki bakarra dago, eta horretan hamar bat langile agertzen dira, Washingtonera bidali behar zuten eskultura baten azpian. Gu ikertzen hasi ginenean, pentsatzen genuen dozena bat langile-edo aritu izango zirela Txillidarekin lanean; baina elkarlana oso estua izan zen, eta, geroztik, harekin aritutako 64 langile elkarrizketatu ditugu”.

Museoan ikusgai dagoen bideo batean agertzen dira testigantza horiek, eta denek Anduezaren modu berean deskribatzen dute Txillida. “Ez zen besteon gainetik jartzen zen pertsona bat, eskuz esku aritzen zen gurekin, eta, zerbait ondo ez zegoela irudituz gero, arazorik gabe esaten nion”, dio Anduezak. “Beste langile batekin izango zutenaren berdina zen harremana. Langileek ez zuten artista gisa ikusten. Lantegian, Txillidak laneko buzoa janzten zuen, eta, mailua hartu behar bazuen, arazorik gabe hartzen zuen”, gehitu du Condek.

Harremanaren abiapuntua

Chillida Lantokian egiten dituen bisita gidatuetan, Patricio Etxeberriaren eta Eduardo Txillidaren arteko harreman estuaren jatorria azaltzen die Condek bisitariei. “Istorio bitxia” dela dio. Parisen punta-puntako artistekin aritu ostean, 1950eko hamarkadan itzuli zen Txillida Euskal Herrira. Hernanin jarri zen bizitzen, eta etxean burdinola txiki bat eraiki zuen. “Bere etxe ondoan burdingintzako tailer txiki bat zegoen, eta hura ikusita erabaki zuen etxean sutegi bat jartzea”. Urtebete inguru trebatzen jardun zuen, eta, Conderen esanetan, orduan hasi zen Txillidaren harremana burdinarekin.

Garai bertsuan, Arantzazuko basilika berria ari ziren eraikitzen, eta proiektu horretan Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea eta beste hainbat artista zeuden sartuta. Txillidak basilikako ateak egin zituen. “Bada, Txillida Arantzazura joan eta ateak jartzen hasi zen egunean hasten da istorioa”, dio Condek. Ateak ondo sartzen ez zirenez, lurrean botata zeuzkan Txillidak, eta mailuarekin jo eta jo ari zen, aldamenetik adineko gizon bat igaro zenean. “Txillidak bere arazoa azaldu zionean, gizonak mailua hartu eta kolpe bakar batean atea sartu eta ixtea lortu zuen. Ez zen guztiz ondo gelditu, baina itxi egiten ziren behintzat. ‘Zu lasai, hau konponduko dugu. Etorri bihar Legazpiko nire lantokira, eta egingo dugu zerbait’. Txillida lantegira joan zenean, burdina gori-gori jarri eta nola lantzen zuten ikusi zuenean, begiak dir-dirka hasi zitzaizkion. Horixe zen berak egin nahi zituen obrak egiteko behar zuena”. Gizon hura Patricio Etxeberria zen, Legazpiko Patricio Echeverria burdinolako nagusia, eta egun horretan hasi zen bien arteko harremana. Etxeberria 1972an hil zen arren, Txillidak hil arte jarraitu zuen bertan lan egiten.

“Hemen 25 tona arteko eskulturak egiten genituen. Handiagoak Reinosan egiten zituen, Asturiasen [Espainia]. Baina hemen egin ahal zirenak hemen egiten zituen, beti”, azaldu du Anduezak. Azkeneko bi eskulturak oso gogoan ditu, artista ordurako gaixo zegoelako. “Semearekin etortzen zen, baina ia hitz egin ere ez zuen egiten. Pena da. Izan ere, 90eko hamarkadan, urtean pare bat eskultura egiten genituen berarentzat; martxa horretan, urte batzuk gehiago bizi izan balitz, beste hogei ere egingo genituen”.

Condek esandakoaren arabera, Txillidaren eta Etxeberriaren arteko harremana hain zen estua, enpresariak bere langile onenak eta makina guztiak jartzen zituen artistaren esku; tailerra Txillidaren esanetara ipintzen zuen. “Gure ohiko lana planoen gainean izaten zen; baina Txillidak 1:24 eskalan eginiko maketak ekartzen zituen, eta ez da gauza bera”. Horri buruzko anekdota bat oroitu du Anduezak. “Behin, obra jada bukatuta zegoela, ez zitzaion gustatu, handiegia iruditu zitzaion jarri behar zuten tokirako. Espazioa eta hutsunea, besterik ez zuen buruan. Lana ondo egina zegoen, guk zentimetrora egiten genuelako lan, baina, antza, ez zuen berak bilatutako oreka hori lortzen”. Halere, obra eraman eta jarri beharreko tokian jarri zutela dio Anduezak. “Noski, hemen egiten genituen obrek sekulako dirutza balio zuten, ez zen bideragarria berriro egitea. 20 milioi pezetatik [120.000 euro] gorako kostua zuten eskultura askok”.

Langileek eta artistak elkarrengandik eta elkarrekin ikasi zuten. “Lehenengo eskultura altzairu herdoilgaitzarekin egin zuen, baina Txillidak herdoildutako burdina nahi zuen”. Patricio Echeverriako kimikariek soilik Txillidaren lanetan erabiliko zuten Reco altzairua sortu zuten. “Forjatzen denean burdin kolorea du, eta gero herdoiltzen da. Txillidak berak esan zidan altzairu mota honi herdoilarekin sortzen zaion karakarrak ehun urtetan milimetro bakarra galtzen duela, baina agian Haizearen Orrazia-n gehitxoago galduko zuela, itsasoaren astinduagatik”.

Txillidarentzat oso baliagarria izan zen beste teknika bat bertako langileek proposatu zioten. “Hain obra handiak izanda, ezin ziren burdin bloke bakarretik atera, eta aparte landu eta gero itsasten genituen piezak. Txillidari ez zion axola zatiak elkarri itsatsita zeudela nabaritzea, ez zuen hori ezkutatu nahi; nola itsatsita zeuden, ordea, ezin zen nabaritu”. Haizearen Orrazia egin zutenean, makina bat buruhauste eragin zien horrek; barrutik lotu zituzten, iltze, torloju eta abar erabiliz, baina kanpotik nabaritu gabe. “Hurrengo eskultura batean proposatu genion miru-buztanaren teknika erabiltzea”. Pieza bati zuloa egiten zaio, eta besteari zulo horretan egokituko den altzairuzko gehigarri bat egiten zaio, miru buztanaren formarekin. Ondoren, mekano baten moduan josten da, kanpotik ezer ikusi gabe. “Ikustekoa zen Txillidaren aurpegia teknika hau erabiltzen hasi ginenean; izugarri pozik zegoen, eta gu ere bai bera hala ikusita”.

Ordutik 30 urte baino gehiago pasatu dira, eta Patricio Echeverrian aritzen ziren langile horietako asko erretiratu dira jada. Lantegia bera ere modernizatu egin da, eta makina asko aldatu dituzte. “Dena bota nahi zuten txatarrera, bai makinak eta bai Txillidaren lanen soberakinak ere”, dio Condek. “Langileek abisatu ziguten guri, eta Lenburretik ez botatzeko eskatu genien. Horri esker sortu zen gero Chillida Lantokia museoa”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.