Altzotik mundura

Altzotik mundura

Iñaki Lasa Etura

Ikusmina eragin du Jon Garañok eta Aitor Arregik zuzendutako Handia filmak. Loreak-en arrakastaren ondoren, arreta sortu du Moriartiren proiektu berriak: Migel Joakin Eleizegi Altzoko Handia-ren bizitza du ardatz, 2,42 metro garai zen gizasemearena. Donostiako Zinemaldian izango da estreinaldia, eta Sail Ofizialean lehiatuko da. Urrezko Maskorra lortzen saiatuko den euskarazko laugarren filma da Handia: Antxon Ezeizaren Ke arteko egunak (1989), Garañok berak Jose Mari Goenagarekin zuzendutako Loreak (2014) eta Asier Altunaren Amama (2015) izan ziren aurrekoak. Etzi jarriko dituzte salgai filma jaialdian ikusteko sarrerak.

Handia-ren ibilbidea ez da Zinemaldira mugatuko: urriaren hasieran Londresko BFI Zinema Jaialdian emango dute, Giant izenpean. Euskal Herriko zinema areto nagusietan urriaren 20tik aurrera ikusi ahalko da. “Inoizko aurrekonturik handiena” izan dute Garañok eta Arregik. Bien esanetan, ez da Altzoko Handiaren “erradiografia” izango, haren bizitzaren “interpretazio bat” baizik.

Bere garaian famatua bazen ere, “ez dago dokumentazio handirik”, Arregik iazko maiatzean BERRIAn eginiko elkarrizketa batean azaldu zuenez: “Garai hartako kroniketan jasotako gauza batzuk, 1970eko hamarkadan historialari pare batek bildutako lana, Higinio Gandarias abadeak idatzitako testu bat…”. Zailtasun zena bertute bilakatu dute, ordea: “Egiazkoa zena sar genezakeen, eta hutsuneak sortzen saiatu, koherentzia baten barruan. Geure lizentziak hartu ditugu; dezente, gainera”.

Material gutxi hori arakatzen aritu da azkenaldian Luis Angel Sanchez Gomez. Liburu bat egiteko asmoa du antropologo madrildarrak: “Artikulu bat idazteko asmoa nuen, baina liburu baterako adina material topatu dut”. Haren aburuz, badago nahikoa material: “Aurkitzen jakin behar da, baina! Eta dagoenak akaso ez du gehiegi balio zinemarako…”. Batetik, Tolosako eta Oñatiko artxiboak arakatu ditu. Bestetik, XIX. mendeko egunkarietan aritu da bila, Espainiako, Frantziako, Portugalgo eta Erresuma Batuko hemeroteketan. Azken herrialde horretan aurkitu du informazio baliagarriena. Horrez gain, erraldoi akromegalikoei buruzko liburuetan Eleizegiri buruzko aipamenak irakurri ditu. “Mito bat izan zen Europan”.

Lozorrotik argitara

Antropologoak azaldu duenez, Altzoko Handia oso ezaguna zen 1940-50eko hamarkadetan, baita erretiroa hartu ostean ere. “Hari buruz hitz egiten zen Europan, liburuetan agertzen zen, afixetan, eta Erresuma Batuan abestiak egin zizkioten”. Itzal luzea utzi zuen altzotarrak, XX. mendeko liburuetan ere aurkitu ditu aipamenak Sanchezek. Katea, baina, eten egin zen; 1970eko hamarkadara arte, bederen. Jesus Elosegi eta Jose Antonio Alvarez Oses historialariek idatzi zuten zer edo zer. Aurretik, 1968an, haren irudia zizelkatu zuen Juan Lope Jimenezek, Eleizegiren sorlekuan, Ipintza baserrian. Oraindik ere zutik dago irudi hori, eta harridura sortzen du bisitariengan, nabarmen adierazten baitu Altzoko Handiaren garaiera.

Azken urteotan areagotu egin da jakin-mina. Gipuzkoako haurrentzat ohiko txangoa izan da Altzoko Handiari bisita egitea, Tolosaldekoentzat bereziki. Donostiako San Telmo museoak Eleizegiri buruzko erakusketa bat antolatu zuen orain dela urte gutxi, eta hainbat objektu daude ikusgai: 33 zentimetroko eskularruak, 64 zentimetroko kapela eta aulki bat. Iaz, txotxongilo opera musikatua osatu zuen David Azurzak, eta, aurten, Altzoko turismoari bultzada emateko asmoz, ibilbide bat prestatu du udalak, lau panelekin. Koldo Izagirrek idatzi ditu testuak, eta Juanba Berasategi zenak egin zuen diseinua. Datorren urtetik aurrera turismo gunea jarriko dute. Gipuzkoako Aldundiak jakinarazi du 200.000 euroko diru laguntza emango duela.

Mitoentzako bazka ere izan da sarri Altzoko Handia: arroba bat sagardo (23 litro) edaten zuela egunean, hiru pertsonak adina jan… Horri buruz galdetuta, irribarre egiten du Sanchezek. “Hain zenez handia, oso indartsua zela uste du jendeak. Baliteke ohikoa baino gehiago jatea, baina osasun arazoak zituen, ziur: ahula zen, giharretako arazoak zituen, eta artikulazioa, kaltetuta. Are gehiago, hasierako afixa batean makulu batekin ageri da; ez da apaingarri bat, ibiltzeko behar zuen”.

Mitozaleentzako berri txarrak ditu Sanchezek, uste bat baino gehiago desmitifikatu baitu: “Jendeak uste du tuntuna zela, edo ez zela gai bere kabuz pentsatzeko. Ezta gutxiago ere. Idatzi zituen bi testamentuetan argi geratzen da bazekiela zer egiten zuen. Pertsonaia konplexua izan zen, baina ez zen ez arraroa, ez tuntuna; ez zuten erabiltzen”.

Diru gutxi zuela esan izan da, sinaturiko kontratuan nahi adina tabako soilik eskatu zuela. Gutun bana idatzi zien Isabel II.a Espainiako erreginari —zergak ez ordaintzea eskatzeko— eta Gipuzkoako Aldundiko Ogasun Batzordeari —bizi guztiko pentsioa galdegiteko—. Dirurik bazuen antropologoaren arabera. “Arraroa da, egia baita gutun horiek idatzi zituela, baina zalgurdian bidaiatu zuen, eta gurdiak ez ziren batere merkeak. Gainera, hil zenean, bere omenezko meza mordoa egiteko dirua utzi zuen, eta familiari ere asko eman zion”.

Interesa areagotu da

Biriketako tuberkulosiak jota hil zen Eleizegi, eta Altzo Azpiko hilerrian ehortzi zuten. Haren gorpuzkiak, baina, ez dira agertu. Kondairak dio hil eta berehala lapurtu zituztela, antropologoek haren hezurdura aztertu nahi zutelako. “Zurrumurru bat besterik ez dela uste dut; bestela, aipamenen bat egingo zuten XIX. mendeko agiriek. 1970ean hasi zen lehen aldiz horri buruz hizketan. Zer gertatuko zen? Hilerria txikia da, eta gaur egun han dituen senide gertukoenak 1930eko hamarkadakoak dira. Nik uste dut hobiak hustu egin zituztela urte horietan, ondorengoei lekua egiteko. Praktika normala da. Gainera, akromegalia dutenek asko sufritzen dute hezurrengatik. Osteoporosia izaten dute. Ondorioz, bizi den bitartean hezurrak erabat txikituta badauzka, pentsa hezur horiek zenbat iraungo duten hilda dagoenean”.

Mitoak mito, egiak egi, mende eta erdiz entzun dituzte altzotarrek Eleizegiri buruzko istorioak. Herritar guztiek dute “jigantearen” edo “Haundie-ren” berri. Familian, lagunartean edo ikastolan, denak dira pasadizoren bat kontatzeko gai. “Esaten dutenez, tabakoa eta sagardoa soilik eskatzen zuen lan egiteko, ez dirurik”, azaldu du Iñaki Murua gazteak: “Ingalaterran beste erraldoi batekin ezkondu nahi zuten, baina ez zuen nahi izan, eta itzuli egin zen; gurdi batean mugitzen omen zen, eta, altua zenez, bizkarra izorratu zuen…”.

Altzoko Handiaren inguruko interesa beti egon den arren, azken urteotan areagotu egin dela uste du Eider Epeldek; batik bat, Azurzaren txotxongilo operaren eraginaren ondoren. Ulertzen du egoera, eta ez du uste arazorik eragingo duenik: “Altzo beti izan da jendea erakarri duen herria, asteburuetan eta. Ez zait gaizki iruditzen”. Kataluniako lau bat turista zebiltzan astearte arratsaldean. Altzoko Handiaren berri zuten galdetzean, ezetz erantzun zuten. “Amezketa aldean ginela hitz egin digute Altzori buruz; zer edo zer esan digute, baina ez asko”.

“Apur bat harrituta” dago Esti Ezeiza Handia filmak eta Altzoko herriak komunikabideetan azkenaldian duen oihartzunarekin. Kazetariak herrian ikustera ohitzen ari dira, Ezeizaren seme Mikel Olanok azaldu duenez. “Ostiralean [gaur] telebista programa batetik etorriko direla esan digute eskolan, eta gutako norbaitek hitz egin beharko duela”.

Halako ikusminarekin, joango al dira altzotarrak Handia ikustera? “Bai, noski!”, erantzun dute guztiek. Ezeizak laburbildu du filmak zenbaterainoko interesa sortu duen herritarren artean: “Uste dut Altzoko denak joango garela filma ikustera”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.