“Euskaraz ez zekiten gurasoak baziren lehen ere, baina prest zeuden ikasteko”

A. Arzallus

Izatez, Donostiako Antigua auzokoa da Mariaje Imaz (Donostia, 1958), baina ederki asko ezagutzen ditu Usurbil eta usurbildarrak, ia lau hamarkada baitaramatza Udarregi ikastolan lanean. Zehatz esanda, 39 urte: lehen hamahiru urteak, haur hezkuntzan; ondorengo hamahiruak, heziketa berezian; eta azken hamahiruak, zuzendari karguan. “Antigua eta Usurbil artean bihotza erdibituta daukadala esaten dut beti”. Ez da gutxiagorako.

Lehen ikasle izan zenituenak gaur guraso bihurtuta ikusiko dituzu…

Bai, halaxe da. Gure eskuetatik pasatutakoak dira gaur egun guraso diren asko, eta irakasle diren batzuk ere bai. Niretzat pozgarria da harreman horiei eustea.

Ikastolak nolako harremana du herriko eragileekin?

Ikastolak beti izan du harreman handia herriko elkarte eta eragileekin. Garrantzitsua iruditzen zaigu herriko eragileekin harreman ona izatea, ikastolak herriari begira lan egin behar duelako.

Nolakoak dira usurbildarrak?

Jatorrak dira, gertukoak, sortzaileak, ekintzaileak, gauzak antolatzeko beti prest daudenak, harremanetara emanak. Behin ere ez dut arazorik izan alde horretatik. Gurasoekin harreman estua eta konfiantza handikoa egin nuen irakasle jardun nuen urteetan. Gaur egun ere saiatzen gara horretan, gertutasun hori izaten, baina egia da pixka bat zailagoa dela, bizimodua aldatu egin delako edo. Batzuekin erraza da, beste batzuekin ez horrenbeste.

Zenbat aldatu da herria Usurbilera etorri zinenetik?

Asko aldatu da, zentzu guztietan. Herria bera hazi egin da. Ez naiz gogoratzen zenbat lagun bizi ziren orduan, baina gaurko 6.200 ez behintzat. Herria haziz joan den bezala joan dira etxebizitza eta azpiegitura berriak eraikiz eta zerbitzuak jarriz. Adibidez, ikastola bera: aurreneko urteak Kalezarreko barrakoi batzuetan egin genituen, eta pixkanaka joan ginen eraikin berriak eginez. Garai batean kiroldegirik ere ez zegoen herrian.

Eta, kaleko giroari dagokionez, antzeman al duzu aldaketarik?

Bai, noski. Usurbil beti izan da herri bizia, kalean beti egon izan da mugimendu handia, eta oraindik ere badago, baina biziera aldatu egin da. Azken urteetan jende dezente etorri da kanpotik; ez diot beste herrialde batzuetatik etorri direnengatik bakarrik, baita inguruko herrietatik etorri direnengatik ere. Eta hori antzeman egiten da. Oro har, gizarte osoa aldatu da, eta, nola ez, Usurbilgoa ere bai.

Euskararen kale erabilerak behera egin duela diote datuek.

Bai, ikastolan ere antzeman dugu hori, eta kezkagarria da, baina are kezkagarriagoa da jendeak izan duen jarrera aldaketa. Ni ikastolan hasi nintzenean ere baziren euskaraz ez zekiten gurasoak, baina prest zeuden ikasteko. Gerora, ordea, egon da halako utzikeria bat edo, eta, horren eraginez, ikastolan lanketa berezia egin behar izaten dugu zenbait ikaslerekin euskaraz hitz egin dezaten motibatzeko. Horretan ari gara, baina prozesu bat da hau, eta denborarekin ikusiko ditugu emaitzak.