[Museora] Larraulgo Ekomuseoa. Herriak museoari, museoak herriari

[Museora] Larraulgo Ekomuseoa. Herriak museoari, museoak herriari

Eider Goenaga Lizaso

Herri txikia da Larraul, 250 biztanle ingurukoa, baina, udalaren eta herritarren elkarlanetik sortuta, badu museo bat 1998tik. Bi urtez herriko baserri eta etxeetan gordeak zituzten tresnak bildu, katalogatu eta txukundu ostean, museo etnografikoa atondu zuten, eta udaletxearen eraikin berean dago ordutik. Erakusketa iraunkor hori indarberritzeko beharraren ondorioa izan zen, bestalde, Larraulgo Ekomuseoaren sorrera. “2009ra arte, herritar boluntarioen eskutik egiten ziren museoko eta San Esteban elizako bisita gidatuak; 2009tik aurrera, Dina7 kultur elkarteak hartu zuen egiteko hori, eta ekomuseo bihurtu zen museo etnografikoa”, azaldu du elkarteko kide Pili Otaegik.

Museoa indarberritzeko apustu batetik etorri zen Dina7-ren sorrera. “Museoari ez zitzaiola behar besteko etekina ateratzen ikusita, kanpoko enpresa bati kudeaketa plan bat egiteko eskatu zion udalak. Plan hori herritarrei aurkeztu zien udalak, eta kudeaketa enpresa horren esku utzi beharrean, herritarren esku uzteko proposamena egin zuen. Ordu arte boluntario ibilitakoei edo sentsibilitatea izan zezaketen herritar guztiei egin zien eskaintza”. Zazpi lagun elkartu ziren, museoa dinamika berri batean sartzeko xedez; hortik Dina7 izena. “Eta talde horretan eman genuen ekomuseo bihurtzeko pausoa”.

Beste bisita batzuk gehitu zitzaizkien museo etnografikoan eta elizan egiten ziren bisita gidatuei: Txuringadi errotarako bisita, Larrola baserrirako bisita —Larraulen bizirik jarraitzen duen abere ustiategi bakarra—, herriko kultur ondarea ezagutzeko ibilbidea… Tailerrak eskaintzen ere hasi ziren: ogi eta gaileten lantegia, zur lantegia, ukendu lantegia, xaboiak egiteko lantegia eta buztin lantegia.

“Horrez gain, urtean behin-behineko erakusketa pare bat egiteko konpromisoa hartu genuen, eta baita urteko edo bi urteko programa didaktikoak martxan jartzekoa ere”. Erakusketen atalean, besteak beste, biniloei buruzko bat egin dute, egur erremintena, ahosoinuena, pisua neurtzeko tresnen ingurukoa, gauez bizi diren animaliena… Eta programa didaktikoen atalean, besteak beste, lihoa landatu eta ehun bihurtzerako prozesu osoa, edota harriekin karobi bat berreraiki, piztu, martxan jarri eta karea egin arteko prozesua egin dituzte urteotan.

Museoa, lau ataletan

Museo etnografikoari erreparatuta, 300 pieza biltzen ditu erakusketa iraunkorrak. “Herritarrek emandakoak dira pieza guztiak; garai batean baserri eta etxeetan erabilitakoak dira den-denak”. Lau ataletan dauzkate sailkatuta. Baserria da lehena. “Basoarekin lotuta dago baserria hitza, eta horri egiten zaio erreferentzia lehen atalean: basoaren ustiaketa, ehiza, egur lanketa, ikatza, kareharria… Horrekin lotutako tresnak daude ikusgai”. Nekazaritzari lotuta dago bigarren atala, eta lurra lantzeko tresnak dira nagusi. “Hirugarren atalean baserria aipatzen da berriro ere, bere funtzio guztiekin, ez etxe gisa bakarrik: bizitokia, belaunaldi ezberdinen topalekua, ganaduaren bizilekua, uzta gordetzeko tokia, ekoizpenerako gunea…”. Eta aisialdiari eta kulturari lotutakoa da azken atala: kirolak, erlijioa, herriko jaiak, auzolana, musika…

Museoa herriari bizia emateko tresna gisa ikusten dutela dio Otaegik, baina, aldi berean, herriak, herritarrek ematen diotela bizia museoari; bai jarduerak bultzatuz, bai museo etnografikoa elikatuz, bai programa didaktikoen bidez… “Museo bizia da. Ez genuen nahi museo estatiko huts bat. Oso ondo dago erakusketa etnografikoa, baina horrek, bere horretan, behin bakarrik erakartzen du jendea, eta horiek berriro ere gugana etortzea nahi badugu, zerbait gehiago eskaini behar diogu. Horretan ari gara lanean”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.