Herriak ezagut dezala herria

Herriak ezagut dezala herria

Beñat Alberdi

Gertukoarekin baino gehiago, munduarekin gaude konektatuta gaur egun”, azaldu du Nerea Zubia Oñatiko Udaleko Hezkuntza eta Parte Hartze zinegotziak. “Ezagutzen ez duzuna ezin duzu ulertu, eta, ondorioz, ezin duzu maite. Herri izaera eta nortasuna mantendu nahi ditugu Hurretik egitasmoarekin. Oñatiren ondarea transmititzen asmatu behar dugu”. Herriko historia eta kultura ezagutaraztea hartu dute ardatz curriculuma osatzeko. Norentzat? Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailako ikasleentzat, hasiera batean, baina gerora zabaltzeko asmotan: “Egitasmoa Lehen Hezkuntzako gainontzeko mailetara zabalduko dugu etorkizunean. Gainera, eduki interesgarriak sortu nahi ditugu herritarrentzat ere”.

Historiaurrean Oñati nolakoa zen landuko dute lehen mailan, eta Erdi Aroan nolakoa zen bigarrenean. Garai bakoitzerako helburu jakin batzuk zehaztu dituzte; hau da, ikasturtean zehar lortu beharreko jakintza mailak. Bitartekoak prestatuko dituzte helburu horietara iristeko. Izan ere, pedagogiak funtzio garrantzitsua izango du curriculumean: “Ez da izango beste irakasgai bat gehiago”, azaldu du Josu Zubia Euskara Topaguneko proiektuaren koordinatzaileak. “Tresnak eskaini nahi dizkiegu irakasleei. Bitartekoak sortzea da helburua, irakasgaietan ikasiko dituzten gaiak Oñatiko gertaera edo gaiekin lantzeko”. Euskararen kasuan, esaterako, herriko bertsolari baten bertsoak erabiliko lituzkete bertsolaritza lantzeko.

Mahai bat osatu dute Hurretik egitasmoa gauzatzeko, eta udalak, Euskara Topaguneak eta herriko hiru ikastetxeek parte hartzen dute bertan. “Bermea da ikastetxeek zuzenean parte hartzea”, zehaztu du zinegotziak. “Ez dugu izan nahi kanpotik edukiak sartzera datorrena. Baliagarriak izan behar dute sortzen ditugun tresnek”. Baliagarritasuna nabarmendu du koordinatzaileak ere: “Edukiak ezin dira izan zurrunak, inork ez ditu erabiliko bestela. Jarduerak, abestiak, ariketak… denetik sartu nahi dugu”. Alde horretatik, zehaztu du datorren ikasturterako sortuko dituzten materialak ez direla behin betikoak, hobekuntzak eta moldaketak egiteko prest daudela.

Lehen Hezkuntzako gainontzeko mailetara hedatuko dute proiektua etorkizunean. Herriko historiaurreko gaiei helduko diete lehen mailan, eta Aro Garaikidera iritsiko dira seigarrenean. “Etengabe haziz joango da proiektua”, argitu du koordinatzaileak. Zuzenean sei mailetarako edukiak prestatzen hastea baino nahiago izan dute pausoka lan egitea. Esperientzia pilatzeko balio izango die lehen frogak, bai eragileen arteko hartu-emanetan eta baita edukietan ere.

Ikasmateriala sortzea izango da lehen mugarria, eta herritarren inplikazioa bigarrena. “Herri osora zabaldu nahi dugu proiektuaren eragin esparrua”, azaldu du Nerea Zubiak. Proiektuaren muina herriko ondarea ezagutzea izaki, oinarrizkoa izango da artxiboetatik eta dokumentuetatik kanpoko lana. “Lehen, ahoz aho transmititzen ziren jakintzak: bertsoekin, kantuekin edo pertsonaien istorioekin. Ondare hori guztia ere jaso nahi dugu, eta herritarrek ezagutzen dute”. Hasiera batean, kafe tertuliak antolatuko dituzte gaia interesa duen orori zabaltzeko. Galderak erabiliko dituzte eztabaidak abiarazteko; herrikoa izateak zer eragin duen, oñatiar batek herriari buruz zer jakin beharko lukeen… “Hausnarketarako espazio batzuk sortu nahi ditugu. Ez dakigu nora helduko garen galderei tiraka”. Ikus-entzunezko bideo bat ere prestatu dute parte hartzea bultzatzeko. Herri curriculuma sortzea zer den azalduko dute bertan.

Informazio guztia, sarean

Parte hartzaileen “sormenari” mugarik ez diotela jarriko zehaztu du zinegotziak. Izan ere, bildutako informazioari hainbat egitura eman dakizkiokeela ikusi dute: “Proposamenak entzuteko prest gaude. Trivial gisako mahai joko bat ere sor daiteke”. Eduki guztiak sarean jarriko dituzte eskuragarri. Informazioa bildu ahala jarriko dute, eta parte hartzeko beste aukera bat zabalduko du sareak.

Hurre hitzetik dator proiektuaren izena. Gertu-ren mesedetan, adiera galduz doala nabarmendu du Josu Zubiak, eta hitzaren zentzuak zuzenean erantzuten diola proiektuaren muinari: “Uste dugu hezkuntzan eta bizitzan bertan hurrean duguna ezagutu behar dugula lehenengo, eta hortik abiatuta, poliki-poliki, mundura zabalduz joan”. Zinegotziaren esanetan, curriculum hitzak sor ditzakeen nahasmenak saihestu nahi izan dituzte izenarekin: “Pedagogian gabiltzanontzat oso normala da curriculum hitza, baina atzera egin dezakete herritarrek. Curriculum vitae-arekin ere nahas dezakete askok”. Izena ez ezik, irudia ere badauka egitasmoak. Oñatiren eremu geografikoa da, kolorezko uztaietan banatuta. Haziz doan heinean zuhaitzari enborrean sortzen zaizkion uztaien ideia ordezkatzen du irudiak.

Leave a Reply

Your email address will not be published.