[Herriz herri] Zumarraga. Bidegurutze den herria

[Herriz herri] Zumarraga. Bidegurutze den herria

Asier Zaldua

Betidanik bidegurutze izan da Zumarraga. Hiru trenbide zituen garai batean: Nortekoa, Madril eta Paris lotzen zituena; Ferrocarriles Vascongados delakoa, Zumarraga eta Maltzaga artekoa; eta Urolakoa, Zumarraga eta Zumaia artekoa. Bakarra dauka egun, Renferena, garai batean Nortekoa zena, baina inguruko herrietako jende askok erabiltzen du. Gainera, herritik bertatik pasatzen da GI-632 autobidea, eta bidegurutze izaera baliatu nahi du udalak ekonomia suspertzeko, Arcelor Mittalen itxierak apur bat jota utzi baitu.

Baikor dago Mikel Serrano alkatea (Urretxu, 1972). “Azkenaldian, Arcelor Mittalen itxieraren eraginez eman du zeresana gure herriak, baina Zumarraga bidegurutzea da batez ere. Garai bateko hiru geltokien aldean egun bakarra dagoen arren, elkargune bihurtu da geltoki intermodala; trenbidearekin lotzen ditu Goierriko, Debagoieneko eta Urola Erdiko autobusak”.

Autobus zerbitzua hobetzeko lanean ari da udala. “Bi gabezia genituen: Bilborekiko eta Gasteizekiko loturak, eta bi horiek hobetzea lortu dugu. Aldundiak beti ikusi du begi onez Zumarragako intermodala. Izan ere, Urola Erdiko eta Debagoieneko bizilagun askok erabiltzen dute, bidaia luzeetarako batez ere: geltokiaren azpiko aparkalekuan uzten dute autoa, eta trena hartzen dute”.

Industria erakartzeko ere erabili nahi dute bidegurutze izaera hori. “Euren asmoen berri izateko, bilerak egin ditugu Arcelor Mittal enpresako estatu mailako arduradunekin. Sidenorrek Arcelor Mittalek utzitako lantegiren bat erabiltzeko asmoa zuela aipatu zuten bere garaian, baina bertako arduradunek ez zuten eman baimenik”. Alor berean lan egiten dute bi enpresek. “Bide hori baztertuta, Argixao industrialdean ditugun 29 enpresak Arcelor Mittalen pabiloietan sartzea da beste aukera bat; hazteko modua edukiko dute horri esker. Horrez gain, kanpoko enpresak erakartzeko ere ari gara lanean”.

Ez da erraza izango Arcelor Mittalen milaka metro koadroko orubeari erabilera ematea, baina aurki amaituko dute N-1 eta AP-1 lotuko dituen autobidea, eta hori lagungarri izatea espero dute. Multinazional horren itxierak herriari kalte egin diola onartu du alkateak. “Zumarraga izan da gehien kaltetutako udalerria, bertakoek ordaintzen baitzituzten zergen %85. Hala, milioi bat euro galdu du gure herriak, urteko aurrekontuaren %10, gutxi gorabehera”. Serranoren hitzetan, hala ere, herritarrek ez dute nabaritu galera hori. “Diru gutxiagorekin zerbitzu guztiak mantentzea lortu dugu. Hori bermatzeko, inbertsioei bideratutako diru kopurua murriztu behar izan dugu”.

Alde bakarra nabaritu dute zumarragarrek: ura eskura izateko gehiago ordaindu beharra. Arcelor Mittalen itxierak eraginda, murriztu egin dira ur horniduraz arduratzen den enpresaren diru sarrerak. “200.000 euro baino gehiago gastatzen zuen enpresa horrek, eta Aquarbek ezin du zerbitzu bera eskaini 200.000 euro gutxiagorekin. Uraren tasa %15 igotzeko eskatu zioten udalari, baina %3,5 bakarrik igo dugu”.

Garai batean Orbegozo zen Arcelor Mittal enpresa, eta, garraiobideekin batera, horrek indartu egin zuen herriaren bidegurutze izaera. Kultura bidegurutze ere bihurtu zen. “Aniztasun handia dago Zumarragan, inguruko herrietan baino handiagoa. Izan ere, 1950eko urteetan jende asko etorri zen hona, eta horrek ireki egin zuen herria”. Alkatearen ustez, Antioko baseliza da Gipuzkoako baliabide turistiko garrantzitsuenetakoa. “Baina herritarrak dira Zumarragaren gauzarik garrantzitsuena. Oso irekia da jendea, eta oso harrera ona egiten diegu kanpotik etortzen direnei”.

Biztanle kopuruak, behera

1950etik 1970era kanpotar asko iritsi zen herrira, Orbegozo lantegira, eta urte horietan hirukoiztu egin zen biztanle kopurua. Azken urteotan, ordea, behera egin du kopuruak. Aspaldiko partez, gaur egun 10.000 biztanle baino gutxiago ditu Zumarragak. “Zahartzen ari da biztanleria. Jaiotzak baino heriotza gehiago daude, eta kopuruari eusteko ahalegina egin beharra daukagu. Inguruko herri askotan jaitsi da biztanle kopurua, baina deigarriagoa da gure kasua, 10.000tik jaitsi delako”.

Serrano, hala ere, baikor dago etorkizunerako. “Indartsu gaude, beste erronka batzuei aurre egiteko gogoz. Udalak garrantzi handia eman dio ekonomia sustatzeari”. Alde horretatik, Ekonomiaren Garapena, Tokiko Garapena eta Berrikuntza batzordea eratu zuten udalean. “Eta pixkanaka ari da fruituak ematen. Emantzipatzeko eta autoenplegurako diru laguntzak eskaintzen dizkiegu gazteei; lana bilatzen ikasteko tailerra antolatu dugu langabetuentzat; lehiakorragoak izan nahi duten enpresei laguntzak ematen dizkiegu…”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.