[Museora] Arrikrutz. Lurpeko bisita uraren bidean

[Museora] Arrikrutz. Lurpeko bisita uraren bidean

Eider Goenaga Lizaso

Ez da museo bat, baina bisita gidatuak egiten dira; ez da interpretazio zentro bat, baina interpretazio zentroa ere badu. Oñatin, Arantzazu eta Araotz auzoen artean dago Arrikrutz; bai kobazuloa eta bai interpretazio zentroa. Milioika urte dira urak Arrikrutz zizelkatu zuela; bai tantaz tanta eta bai errekak bere bidea eginda, gruiere gazta baten forma eta 14 kilometroko luzera hartu dute galeriek. Horietako batean sartu ziren 1966-67ko neguan Arantzazuko ikasle batzuk, eta ozta-ozta lortu zuten handik ateratzea, aurkikuntza egin ostean.

Berrogeita hamar urteren ondoren, bisitatzeko moduan atonduta dago Arrikrutzeko 53. galeria, eta Euskal Herrian bisitatu daitekeen kobazulo handienetakoa da, 2007ko ekainetik. Kobazuloan 500 bat metro barnera daiteke bisitaria; metalezko pasabide bat dago eraikia jendearen joan-etorriak haitzuloa ez kaltetzeko eta bisitariak eroso ibiltzeko.

Miren Lide Zumalde (Oñati, 1974) Arrikrutzeko langilearen arabera, bi berezitasun nagusi ditu kobazuloak. “Bat da bere handitasuna, Gipuzkoan uneotan ezagutzen den kobazulo handiena delako; eta bestea, bertan topatutako aztarna paleontologikoak”. Izan ere, leize lehoi baten (panthera leo spelaea) hezurdura oso bat topatu zuten haitzuloan, eta baita leizeetako hartzak (ursus spelaeus) bertan bizi izanaren aztarna ugari ere. Pasabidearen ondoan ipinita daude leize lehoiaren hezurduraren eta lehoia nolakoa zen irudikatzen duen erreplika bana, eta hartzaren errepresentazio bat ere badago.

Leizeak, bestalde, balio handia du hidrogeologikoki ere; urak eman dio, denboraren poderioz, egun duen forma, eta forma hori errespetatuz eraiki zuten bisitarientzako pasabidea. Estalaktitak eta estalagmitak, urak tantaz tanta sortutako forma bitxi eta ikusgarriak…, eta hori guztia Aldaola errekak egun jarraitzen duen bidea hartu baino lehenago mendian barrena zulatutako bidean; izan ere, lurpetik jarraitzen du errekaren zati batek gaur egun ere, baina bisitariek ikus dezaketen galeria horren azpian eta ezkerrerago dagoen beste galeria batetik egiten du bidea.

Kobazuloa ikusi aurretik, interpretazio zentroa ikus dezake Arrikrutzera hurbiltzen denak. “Topografia handi baten bidez galeria guztiak nondik nora doazen ikusteko aukera dago, eta oso argi antzematen da kobazuloaren handitasuna. Bisitariak lurpean ikusi ezin duen hori ikus dezake interpretazio zentroan”, azaldu du Zumaldek. Panelek osatzen dute erakusketa; kobazuloaren inguruko geologiaz gehiago jakiteko eta leize lehoi eta leize hartzak bertan bizi ziren garaian paisaia nolakoa izango zen irudikatzeko aukera eskaintzen dute.

Norberak bere kabuz ikus dezake interpretazio zentroa, baina bisita gidatua egitea da kobazuloa bisitatzeko modu bakarra. Ordubete irauten du bisitak, eta 500 metroko ibilbidean uraren doinuak laguntzen du bisitaria.

Leave a Reply

Your email address will not be published.