[Museora] Langileen Etxebizitzak. Museo bat su gozoaren bueltan

[Museora] Langileen Etxebizitzak. Museo bat su gozoaren bueltan

Eider Goenaga Lizaso

Araiatik [Araba] etorri zen familia bateko kideak bizi izan ziren etxe honetan”. Horrela edo antzeko beste esaldiren bat erabilita egiten du Langileen Etxebizitzako bisita gidatuaren aurkezpena Olatz Conde Lenbur fundazioko kideak (Legazpi, 1947). Eta ez da asmatutako istorio bat. Izan ere, 1950eko hamarkadako etxe bat irudikatzen duen museo gisa Langileen Etxebizitza 2002an ireki zuten arren, Patricio Echeverria enpresako langileen bizileku izan zen benetan. “Auzo hau, San Inazio auzoa, Patrizio Etxeberriak eraiki zuen bere langileentzako, eta bertara, batez ere, Araba eta Nafarroatik etorri ziren langileak”. Lan egiten zuten enpresa itxi ostean kontratatu zituzten, adibidez, Arabakoak. “Langile gazteak ziren, baina esperientziadunak eta espezializatuak, eta Patrizio Etxeberriak berehala kontratatu zituen. Familia osoak etorri ziren, eta hemen jarri ziren bizitzen”.

“Garai hartan ohikoa zen langileak enpresak eraikitako etxeetan bizitzea; baina harago joan zen Patrizio Etxeberria: etxea ez ezik, langileen umeentzako eskola ere eraiki zuen [Lenburrek museo bihurtua], eta baita langileentzako mediku artategi bat ere. Enpresan ekonomatoa ere bazuten, janaria izango zutela bermatzen ziena; oso moduko prezioan, gainera. Garai hartan, Legazpin eta inguruetan denek nahi zuten lan egin Patricio Echeverrian”. Conderen arabera, langileak enpresari lotu eta fideltasuna lortzeko bide bat zen hori. “Oso pertsona azkarra zen Patrizio”.

Sukaldea, bihotza

1950eko hamarkadan Gipuzkoako industrializatutako edozein herritan topa zitekeen etxe baten erreplika da Langileen Etxebizitza. “Helduek asko gozatzen dute bisitarekin, berdinak edo oso antzekoak izan baitziren haietako askoren etxebizitzak”. Umeek, berriz, harriduraz egiten dute bisita; langileen etxebizitzak ez du antz handirik haiek bizi diren etxebizitzekin. “Ez dago hozkailurik, ez dago garbigailurik eta ezta mikrouhin laberik ere. Ekonomika zer den azaltzen diegu, nola kafesnea berotu baino lehen egurra bildu eta sua piztu behar zuten. Harrituta gelditzen dira”.

Baina etxeak ez duela egongelarik, ez duela telebistarik, horrek harritzen ditu gehien. “Telebistarik gabe? Egongelarik gabe? Ez dute ulertzen. Eta non egoten ziren?”. Etxearen bihotza sukaldea zela azaltzen die Condek, bertan egiten zuela bizimodua familiak, hori zela etxean bero egoten zen toki bakarra, eta irratiak betetzen zuela nolabait egun telebistak betetzen duen tokia. “Batez ere emakumeak eta umeak ibiltzen ziren sukalde horietan, baina ez etxekoak bakarrik. Hainbat bisitarik kontatu izan digunez, auzoko emakumeen bilgune izaten zen sukaldea, eta bertan aritzen ziren lanean eta berriketan: ‘Horrela bonbilla bakarra erabiltzen genuen, eta sukalde bakarra berotu behar genuen'”.

Emakumeak, zutabe

Frankismo bete-betean kokatzen dute bisita, eta bereziki diktadura garaian emakumeak nola bizi ziren azaltzen diete bisitariei. “Chillida Lantokian azaltzen diegu gizonezkoak nola bizi ziren, nola lan egiten zuten; umeen bizimodua eta hezkuntza nolakoa zen ikusteko, berriz, Aitona-amonen Eskola daukagu; eta emakumeen bizimoduaz eta haiek egiten zuten lan izugarriaz hemen hitz egiten dugu”, dio Condek. Izan ere, Lenburreko kidearen arabera, orduko emakumeen lana beti ezkutuan gelditu den arren, familiaren zutabe izaten ziren: umeak zaindu, etxeaz arduratu, gizonak ekartzen zuen dirua administratu, aurreztu, eta, gainera, etxera diru apur bat ekartzeko asmoz, jostun lanak edo arropa garbitzaile lanak egiten zituzten”.

Eta emakumeak bisitaren protagonista ez ezik, Langileen Etxebizitza martxan jartzearen arduradun ere badira. “Etxea museo bihurtzeko ideia izan genuenean, etxea oso egoera kaskarrean zegoen, eta aurrekontu bat eskatu genuen hura lehengoratzeko. Izugarri garestia zen. Beraz, etxetik kanpo lanik egiten ez zuten hainbat emakume elkartu, altzariak berritzen irakatsi, eta beraien esku gelditu zen prozesu osoa. Urtebetez jo eta su aritu ziren altzariak konpondu, berritu, etxean konponketak egin, margotu… Sekulako lana egin zuten, eta politena izan zen, prozesua amaitu zenean, denek erabaki zutela etxe-zuloa utzi eta lanean hastea”.

Leave a Reply

Your email address will not be published.