Hizketan hasi da berriz ere

Hizketan hasi da berriz ere

Unai Zubeldia

Abisua izaten zen gehienetan; sute edo istripuren bat gertatu zela jakinarazteko abisua; ongietorri mezua ere izan zitekeen bestela; edo enbataren hasierako melodia ere bai. Asko eta asko ohartu ere ez ziren egingo Donostiako kaian, Untzi Museoaren eraikinaren goialdean, XVIII. mendeko kanpai bat dagoenik, eta, hain zuzen ere, itsas historian ezinbesteko tresna izan dena gizarteratu nahi dute egitasmoarekin. Kanpaia eraberrituta, Donostiako eta Gipuzkoako itsas historian garrantzitsuak diren hainbat eguni balioa emango diete kanpai hotsekin.

1799koa da egun Untzi Museoa dagoen eraikina. “Donostiako kontsulatuaren lonja zen hau”, zehaztu du Ana Iza Untzi Museoko komunikazio arduradunak. “Garai hartan, harresitik kanpo kaian zegoen eraikin bakarra zen egun Untzi Museoa dagoena”. Portuko tenientea bizi zen han. “Eta hura arduratzen zen postua egoera onean mantentzeaz”. XVIII. eta XIX. mendeetan, itsas komertzioko portu garrantzitsuetako bat zen Donostiakoa. “Itsasontziei harrera egiteko baliatzen zuten kanpaia, eta sute edo istripuren bat baldin bazegoen laguntza eskatzeko”. Egungo baliabideetatik urrun, garai hartan ezinbesteko tresna izaten zen kanpaia.

Jatorrizkoa da gaur egungo kanpaia, brontzezkoa, eta inskripzio bat dauka bertan: “Soi de el noble consulado de esta ciudad. Francisco de Lacasanueba me fecit. Ano 1799″ (Hiri honetako kontsulatu noblearena naiz. Francisco de Lacasanuebak egina. 1799). “Eraikin guztia bezala, itsas ondarearen parte da kanpaia bera ere, eta balioa eman nahi diogu”. Urte askoan isilik egon ondoren, uztailaren 25ean jarri zuten martxan berriz ere, Santiago egunean, 13:00etan, eta etzi entzun ahal izango dira kanpai hotsak berriz ere, Itziarko Amaren egunean; Debako marinelen kofradiaren zaindaria da Itziarko Ama. 13:00etan joko dute ospakizun kanpai hori.

Ospakizunekoa izango da kanpai hotsetako bat —hamasei, urte guztian—, baina beste bi ere prest dauzkate: irabazleen kanpaia eta harrera kanpaia. “Irailaren 9an, Kontxako estropadan, garaileen omenez joko dugu irabazlearen kanpaia”, zehaztu du Izak. Harrera kanpaia, berriz, antzinako itsasontziren baten edo ondare balioa duen ontziren baten bisita jasotzean joko dute. Eskuz joko dituzte bi kanpai horiek. “Eta, dagoeneko, mekanizatuta edo automatizatuta dauzkagu ospakizun kanpai guztiak”.

Istorioekin bidaian

1991n ireki zituen ateak Donostiako Untzi Museoak. “Eta, ordutik, oso une jakinetan jo izan dugu kanpaia. Ohitura hori berreskuratu nahi dugu, itsasoarekin lotura daukaten jaiegun horiek gizarteratzeko”. Izaren hitzetan, Donostian eta Gipuzkoan ezagunak dira egun horietako batzuk. “Karmengo Amaren eguna, esaterako: uztailaren 16a”. Baina ezezagunak ere badaude tartean. “Donostian aspalditik ospatzen da maiatzaren 22a, Santa Kiteria eta Santa Rita eguna. Santuen irudiak eta loreak jartzen dituzte kaian. Oso jai xumea da, lauzpabost arranzalek eutsi diotena. Itsasoan galdutakoak oroitzeko eguna da, eta oso barneratuta daukate arrantzaleek”. Untzi Museoko komunikazio arduradunak gaineratu du istorio jakin bat dagoela kanpai hots bakoitzaren atzean. “Horregatik, memoria kolektiboa berreskuratzen lagunduko du egitasmoak”.

Irailaren 30era arte irekita egongo da Untzi Museoa, asteartetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara; eta igande eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Ondoren, lau hilabetez itxiko dute, berritzeko lanak egiteko.

Leave a Reply

Your email address will not be published.