Lorena Garrido Jimenez: “Kalte-ordaina erreparazioaren parte da bortxa matxistan”

Lorena Garrido Jimenez: “Kalte-ordaina erreparazioaren parte da bortxa matxistan”

Eider Goenaga Lizaso

Lorena Garrido Jimenez legelari feminista (Santiago, Txile, 1974) Andoainen izan zen, atzo, Indarkeria matxistaren biktimak artatu erreparazioaren ikuspegitik jardunaldietan. Zuzenbidearen Filosofiaren ataleko irakaslea da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta zuzenbide eta genero gaiak ikertzen ditu Antigona taldean. Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako jardunaldietan, justiziaren esku-hartze konpontzaileaz aritu zen Garrido.

Zein arlotan egin behar da indarkeria matxistaren biktimen erreparazioa?

Eskubide urraketa bat gertatzen da indarkeria matxista kasuren bat izaten denean, eta eskubide urraketaren biktima eskubideak urratu aurreko egoerara itzultzea da erreparazioa; edo itzultzen saiatzea, ezinezkoa baita batzuetan. Politika publikoek prebentzioa eta momentuko erantzuna landu dute orain arte, baina krisi momentu hori gertatu ostean egin beharreko prozesua da erreparazioa.

Erreparazioak aitorpen bat eskatzen du aurretik?

Zalantzarik gabe, ezinbestekoa da aitorpena. Bortxa egoera bat gertatu dela, eskubide urraketa bat izan dela aitortzea da lehen urratsa. Azkenaldian sexu indarkeria kasuetan izan diren zenbait kanpaina aipatuko nituzke, non aitorpen bat gertatzen den, eta emakumearen testigantzari balioa ematen zaion; besteak beste, sare sozialetan zabaldu diren Nik sinisten dizut eta MeToo kanpainak dauzkat gogoan. Horretaz gain, erreparazioan oso garrantzitsua da emakumea ez sentitzea gertatu denaren errudun; argi esan behar zaio gertatu dena ez dela bere aukera txar baten ondorioa, sistemaren ondorioa baizik; alegia, ez dela bera izan bikotekidea gaizki aukeratu duena, ez dela bera toki horretan eta momentu horretan egon behar ez zuena, ez dela bera jantzi desegokiak zeramatzana… Erreparazioari begira, oso inportantea da erruduntasun sentimendu hori desagerraraztea.

Eta erreparazio horretan zein da sistema judizialaren rola?

Erreparazioaren zati garrantzitsua da justiziak eskubide urraketa hori izan dela aitortzea eta horri lotutako zigorra ezartzea. Horregatik, ezinbestekoa da bere jardunean eta erabakietan genero ikuspegia txertatuko duen sistema judizial eraginkor bat eraikitzea.

Erreparazioa ordainarekin ere lotzen duzu zuk?

Istanbulgo Itunak berritasun bat ekarri zuen arlo horretan, galeren kalte-ordaina izateko eskubidea jasotzen baitu. Eta garrantzitsua da hori, justizia sisteman asko errepikatzen den estereotipo bat hausten duelako. Izan ere, ohikoa da delituek diruzko kalte-ordain bat izatea; baina genero indarkeria kasuetan ez dago ondo ikusia. Kalte-ordaina eskatu izan denetan, epaitegiek baliatu dute emakumearen salaketa eta testigantza zalantzan jartzeko, eta hainbat sententziak eskaera hori erabili dute motibazio faltsua argudiatzeko. Bueno, bada, Istanbulgo Itunak dio bortxa matxista kasuetan erreparazioaren parte dela galeren kalte-ordaina, eta ezin dela hartu salaketa jartzeko motibazio faltsu gisa. Eta Espainiak ere sinatua du itun hori; beraz, bete egin beharko luke.

Sistema bera aldatu behar da benetako justizia konpontzaile batera heltzeko? Nahikoa da lege aldaketak egitea?

Justizia sistema osoa egokitu behar da, eta legedia ere bai. Iruñeko kasua da horren adibiderik argienetako bat. Gizarte osoak ulertzen du gertatutakoa bortxaketa izan zela, baina epaitegiek, sexu eraso gisa hartu beharrean, sexu abusuagatik zigortu dituzte egileak. Iruñeko auzian, konpon daiteke oraindik; baina beste zenbait kasutan, derrigorrezkoa da zigor kodea eta delituen tipologia aldatzea. Adibidez: sexu erasoa egiteko sumisio kimikoa erabiltzea; hori ez dago sexu eraso edo bortxaketa gisa tipifikatuta, sexu abusu gisa baizik; eta hor, noski, disoziazio bat dago biktimak bizi eta sentitu izan duenaren eta legeak jasotzen duenaren artean. Are gehiago, disoziazio bat dago gizartearen eta justizia sistemaren artean, gizarteak hori bortxaketa gisa ikusten baitu argi eta garbi. Beraz, ezinbestekoa da legeak aldatzea eta zigor kodea egokitzea, bestela ezinezkoa baita erantzun egoki bat ematea.

Epaileak ere egokitu beharko lirateke, ezta?

Hor ere badago lana. Gai honetan formakuntza handiagoa jaso beharko lukete, baina kanpokoa. Izan ere, gaur egun jasotzen dute formakuntza, baina justizia sistematik prestatzen eta ematen diren saioak izaten dira; alegia, maila altuagoko epaileek beheragoko epaileei ematen diete formakuntza hori. Horrek asko zailtzen du genero gaietan egiten diren interpretazio berriak edo mugimendu feministan egiten diren aurrerapausoak justizia sisteman txertatzea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.