Bederatzi leiho zabalik, amets egiteko

Bederatzi leiho zabalik, amets egiteko

Eider Goenaga Lizaso

Txotxongiloen hiriburua da Tolosa”, esan zuten Titirijai jaialdia aurkeztu zutenean. Azaroaren 24an hasi eta abenduaren 2ra bitartean 36 obra eskainiko dituzte Tolosan. Oholtzan zein kalean, txikientzat zein helduentzat… Amestu nahi duen edonorentzat. Tolosan ez ezik, Pasaian eta Orion ere izango dira ikuskizunak, asteburu honetan. Bederatzi obra izango dira, guztira.

AÑOS LUZ
LUZ, MICRO Y PUNTO
KONPAINIA

Non: Leidorren (Tolosa).

Noiz: Gaur, 11:00etan eta

14:00etan. Bihar, 17:00etan.

Hizkuntza: Hitzik gabekoa.

Sinopsia: Gau guztia lanean daraman konpositore bat da Lady Di Fusa, baina ezin du ezer konposatu. Nekatuta, bere instrumentuen gainean lo hartzen du, eta, esnatzean, zerbait aldatu dela sumatzen du: bere eskuek melodia horiek interpreta ditzakete. Nota horietatik argizko, itzalezko eta kolorezko imajinak sortuz joango dira, eta bi txotxongiloren istorio zoragarria kontatuko dute: arrautza urdin baten eta egurrezko panpina baten arteko harremana.

Teknika: Itzal garaikidez osatutako lana da, une oro zuzeneko musikarekin lagundua.

Konpainia: 2013an hiru lagunen artean sortutako Asturiasko (Espainia) konpainia bat da. Esperimentazioan eta ikus-entzunezko sormenean oinarritzen dute euren lana, baita itzal teatroan ere.

ICI ET AILLEURS
PUPELLA NOGUES KONPAINIA

Non: Topic-en (Tolosa).

Noiz: Gaur, 11:00etan eta

14:00etan; eta bihar, 18:30ean.

Hizkuntza: Gaztelera.

Sinopsia: Munduko ume edo haur guztien objektuak gordetzen dituen museo baterako bisita planteatzen du ikuskizunak. Istorioz betetako museo bat da, une oro mugimenduan dagoena. Hara eta hona bidaiatzeko aukera ematen du museo nomadak.

Teknika: Txotxongiloak, argi-itzalak eta ikus-entzunezko teknikak tartekatzen ditu.

Konpainia: 1984an Italian sortutako talde bat da, baina Tolosan (Okzitania) du egoitza 2005etik. Ume zein helduentzako obrak egiten dituzte. Herrialde askotan aurkeztu dituzte euren lanak: Italia, Kroazia, Eslovenia, Suedia, Finlandia, Alemania, Errusia, Mexiko, Bielorrusia, Hego Korea…

TEATRI MOBILI
GIROVAGO E RONDELLA ETA
DROMOSOFISTA KONPAINIAK

Non: Euskal Herria plazan

(Tolosa).

Noiz:

Manoviva: Gaur, bihar eta etzi,

17:30, 19:30 eta 21:30ean.

Antipodi: Gaur, bihar eta etzi,

18:30 eta 20:30ean.

Hizkuntza: Hitzik gabekoa.

Sinopsia: Kamioi bat eta autobus bat ezohiko antzerki espazio bilakatuko dira, eta, irudimenaren bitartez, hiriko paisaia aldatuz joango da poliki-poliki. Ikusleak aukeratuko du antzezlana eta tokia: Manoviva obra, autobusean; Antipodi, kamioian. Ondorengoak dira Manoviva-ko protagonistak: Manin —malabarista, orkestra-gizona eta fakirra— eta Manon —funanbulista eta akrobata—. Argiak itzaltzean, miniaturazko unibertso batean murgilduko dira ikusleak. Miniaturazko zaldi baten bidaiaz hitz egiten du Antipodi-k, eta antipodetarako bidaia proposatzen du.

Konpainiak: Aktorez eta artisauz osaturiko konpainia historiko bat da Girovago e Rondella Family Theater. Euren lanen bidez, ohikoak ez diren kaleko tokiak animatzen dituzte. 1987an hasi zen haien abentura, Greziako barku-antzoki batean. Aurreko konpainiarekin lotura handia dauka Dromosofistak, haien seme-alabak baitira taldearen sortzaileak (Rugiada, Timoteo eta Tommaso Grangani). Elkarrekin ari dira proiektuan.

GAUDEAMUS
LA CHANA TEATRO

Non: Topic-en (Tolosa).

Noiz: Gaur, 22:00etan.

Hizkuntza: Gaztelera.

Helduentzat.

Sinopsia. Miguel de Cervantesen El Licenciado Vidriera obran oinarrituta, eleberriaren adaptazio libre bat egin du La Chana Teatro taldeak. Miseriatik ateratzeko gazte behartsu batek ospetsu izateko duen nahia dauka oinarrian obra dibertigarri eta originalak.

Teknika. Aktore manipulatzaile bakarrak egiten du lan obra guztian; kontalari, aktore, txotxongilo eta objektu rolak aldi berean gauzatzen ditu denak.

Konpainia. Aurea Perezek eta Jaime Santosek 1987an sortu zuten konpainia, Salamancan (Espainia). Antzezlanaren ondoren, Jaime Santosekin hizketaldia izango dute ikusleek.

APPESO AD UN FILO
DI FILIPPO MARIONETTE

Non: Juanba Berasategi aretoan

(Pasai Donibane).

Noiz: Gaur, 11:00etan.

Non: Plaza Berrian (Tolosa).

Noiz: Bihar, 12:30ean.

Hizkuntza: Hitzik gabekoa.

Sinopsia. Soiltasunez eta poesiaz beteriko txotxongiloekin egindako ikuskizun bat da. 2017ko Kleinkunstfestival Usedom jaialdiko ikuskizun onenaren saria irabazi zuen, Alemanian, eta aurten, Italian, Arezzoko eta Florentziako jaialdiak irabazi ditu. “Luma baten hegaldia bezain arina eta kuxin baten bihotzaren taupadak bezain indartsua”.

Teknika. Haridun txotxongiloekin egiten du lan konpainiak.

Konpainia. Remo Di Filippok eta Rhoda Lopezek sortu zuten, 2015ean. Eurek sortutakoak dira erabiltzen dituzten txotxongiloak, Italian duten tailer txiki batean.

LA OU VONT DANSER
LES BETES
CLOCHARDS CELESTES

Non: Kultur etxean (Orio).

Noiz: Gaur, 20:00etan.

Non: Zerkausian (Tolosa).

Noiz: Bihar, 18:00etan, eta etzi,

12:30ean.

Hizkuntza: Hitzik gabekoa.

Sinopsia. Dortoka zahar bat da Mamita, eta lehen arrautzak jartzen zituen habiaren bila dabil, baina, denborarekin, asko aldatu da tokia. Zorionez, ikaragarrizko indarra eta memoria ditu Mamitak, eta, bat-batean, gogoratu egingo da non utzi zituen arrautzak. Ikusleek, habiaren bila, bidaia zoragarria egingo dute Mamitarekin.

Teknika. Marote teknikako txotxongiloekin egiten dute lan.

Konpainia. Ipuin kontalariak dira Les Clochards Celestes, eta kaleko artea atsegin dute. Bizitzan inspiratzen dira, eta maskarak, txotxongiloak eta keinuak erabiltzen dituzte adierazteko hizkuntza gisa.

KONTUKANTARI 2
LAENANANARANJA

Non: Leidorren (Tolosa).

Noiz: Etzi, 17:00etan.

Hizkuntza: Euskara.

Sinopsia. “Txango berri bat egiteko prestatzen ari dira Nanu, Granu eta Kanuto. Mendira igo behar dute, baina aldapeko sagarraren adarraren puntan aurkituko dute loretxo bat eta… txist! Baxuago abestu!! Haurtxo polita sehaskan dago, zapi zuritan txit bero…”. Betiko euskal kantak eskaintzen dituzte erritmo ezberdinetara eramanez; txikiek ikasi eta nagusiek ahaztu ez ditzaten.

Teknika. Txotxongiloekin egindako antzerki kontzertua da.

Konpainia. Bilbon sortu zen Laenananaranja, 1999an, familia antzerkia egiteko asmoz. Hamabost urteko ibilbidean, ohartu dira txotxongiloena dela umeengana hurbiltzeko biderik aproposena.

SOPA DE ESTRELLAS
FERNAN CARDAMA

Non: Topic-en (Tolosa).

Noiz: Etzi, 18:30ean.

Hizkuntza: Gaztelera.

Sinopsia. Julio Petruchellik, auzoko saltzaileak, zera dio: “Uholdeek gauza txar asko ekartzen dituzte, baina onak ere izaten dira. Nik lagun berri bat ezagutu nuen, Blas izenekoa”. Ume bat da Blas, eta kartoiak biltzen aritzen da kalean. Blas ezagutu zueneko egun hura nolakoa izan zen kontatzen du Petrucellik. Sopa de estrellas obran lan egiten duten haurren bizitza islatu nahi da.

Teknika. Hainbat adierazpide erabiltzen dituzte, aktoreak, objektuen antzerkia eta txotxongiloak tartekatuz.

Konpainia. Fernan Cardamaren konpainia Jaenen (Espainia) sortu zen , 2003an. Harekin batera, Luciana Reynal Machadok osatzen du taldea.

Leave a Reply

Your email address will not be published.